Su artifizialek Aste Nagusiko gauak argiztatuko dituzte berriz

Ukrainako enpresa batek, beste zazpi entitateekin batera, Nazioarteko Lehiaketan parte hartuko du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa abuztu honetan itzuliko da, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren. Hilaren 13tik 20ra bitartean egingo da, 22:45etik aurrera, eta zortzi parte-hartzaile izango ditu. Hilaren 20an, eta festei agur esateko, euskal emakumeen abestiek osatutako soinu-banda bat izango da gozagarri azken gaueko erakustaldiarekin batera.

Festetako zinegotzi Jon Insaustiren hitzetan, “ekitaldi maitatuenetako bat berreskuratzen dugu aurten. 2019 urtean 800.000 pertsona gerturatu ziren su artifizialak ikustera, 100.000 eguneko. Oso datu esanguratsuak dira. Eta pozik gaude aurten ere berriz eskaini ditzakegulako”.

“Aurtengo programazioa bidaia bat. Etxetik abiatuko gara Arabako proposamen batekin, eta herrialdez herrialde ibiliko gara, berriz etxean amaitzeko, emakumezko musikari euskaldunekin”, gaineratu du Insaustik.

Pirotekniak lehian

Hilaren 13ko gauean Pirotecnia Valecea izango da katea abiatuko duena. Mundu osoan izen handia duen enpresa arabarra da. Izan ere, nazioarteko sari ugari jaso ditu, kalitate kromatikoari eta koreografia piromusikalei esker.

Ukrainako Dance of Fire Fireworks enpresak hartuko du lekukoa 14ko gauean. Sektoreko erakunde nagusietako bat da bere herrialdean, eta lehen aldiz iritsiko da Donostiara, Europako eta Amerikako hainbat lehiaketatan bere arrastoa utzi ondoren.

15aren gaueko protagonista Pirotecnia Martí izango da. José Martí Usók 1868an sortutako Castellóko enpresa, gaur egun Reyes Martí hereniloba buru duena. Gasteizko lehiaketako lehen saria jaso zuen 2011, 2015 eta 2016 urteetan, eta Tarragonako nazioarteko lehiaketako 2014ko lehen saria.

San Miguel da 16ko gauean bere artea erakutsiko duen kanariar enpresaren izena. Artisau izaera duen negozio familiarra da, eta bizitza osoa eskaini dio su artifizialen arteari. Bertan, bolboarekiko trebetasuna eta jakintza belaunaldiz belaunaldi transmititu da.

Erresuma Batutik Fully Fused Fireworks dator. 40 urte baino gehiagoko esperientzia duen enpresa honek 17ko gaua argituko du. Piroteknia eta su artifizialen erakustaldi gogoangarriak, neurrira egindakoak, zirrara handikoak eta ikusleak emozionalki erakarriko dituztenak eskaintzea da bere pasioa.

18ko gauean Turis Valentziako erakundearen txanda izango da. Pirotekniaren tradizio zaharreko artisau-enpresa bat da, bere fabrikazio-prozesuengatik eta gainditzeko grinagatik nabarmentzen dena. Tradizioaren eta abangoardiaren arteko fusioan mugitzen da.

Ostiraleko protagonista Scarsella Fireworks italiarra izango da, 50 urtetik gorako ibilbidea duen enpresa, kalitatezko eta goi-mailako su artifizialen diseinuan, exekuzioan eta ekoizpenean sendotzen jakin duena.

Euskal emakume musikariei errekonozimendua

Su Artifizialen Lehiaketaren eta Aste Nagusiaren amaiera, hilaren 20ko gauean, Vulcanok emango du. Vulcano ikuskizun tradizional, piromusikal eta sekuentzialetan, eta formatu ezberdinetako multimedia erakustaldietan espezializatutako Madrilgo erakundea da. Erakusketen kalitatea ibilbide luze batek eta sari zerrenda luze batek bermatzen dute; besteak beste, 2014ko Brontzezko Maskorra eta 2019ko Zilarrezko Maskorra.

Vulcanoren artearekin batera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Huntzak, Izarok, Zea Maysek, La Basuk, Neoma-ek eta Koban -ek konposatutako kantak izango dira entzungai, euskal emakume musikarien belaunaldi berriaren panorama artistikoaren erakusgarri. Programazio honek emakume hauen profesionaltasuna aitortzen du.

Epaimahai Ofizialak sari ofizialak eta “Hasiera ikusgarrienaren Super Amara Saria” esleituko ditu: Urrezko Maskorra eta 7.000€, Zilarrezko Maskorra eta 5.250€, Brontzezko Maskorra eta 3.500€ eta Super Amara Saria: garaikurra eta 2.500€.

Halaber, Epaimahai Gazteak Super Amara Epaimahai Gazte Saria esleituko du: garaikur bat, Epaimahai Gaztearen puntuazio gorena jaso duen lehiaketako piroteknia konpainiarentzat. Donostiako ikusleek Ikusleen Sari Handia emango dute.

Epaimahai Gaztea 16 eta 25 urte arteko gazteek osatzen dute. Epaimahai honetan parte hartu ahal izateko, DonostiaFestak-eko web orrian eman beharko da izena uztailaren 26tik abuztuaren 5era.

Kartela

Aurtengo karteleko argazkia 2019ko V. Su Artifizialen Argazki Lehiaketako argazki irabazlea da, eta Arantxa Cortajarena da egilea.
Argazkia atera zuenean, Arantxa Kontxako hondartzan zegoen. Arantxak gogoan du kliska egin zuen unean esker ona erakutsi nahi ziela “urtez urte gure hirira etortzen diren piroteknia-etxe guztiei; izan ere, haiek gabe Donostiako Aste Nagusia ez litzateke gauza bera izango”.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/07/01-an argitaratua