Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola Musikaldia 2022 jaialdian izango da

Ekainaren 4ean, Euskal Herriko Musika Eskolen jaia ospatuko da Trintxerpe eta Pasaian eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako lau taldek parte hartuko dute beste 45 talderen emanaldiekin bat eginik

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Musikaldiak, Euskal Herriko Musika Eskolen jaiak, 25 urte bete ditu eta aurten ere Pasaian ospatuko da, lehenbiziko aldian egin zen bezalaxe. Ilusio berezia egiten duen efemeridadea da, eta, horregatik, hasierako formatua berreskuratu nahi izan da, eta 1997an lehen Musikaldiaren ospakizuna sustatu zuen leitmotiv-a aldarrikatu: «Musika elkarrekin egitea”, irakasleek eta ikasleek osatutako musika-talde handiak sorturik, ikastetxeetan egunez egun egiten den lana kalera ateratzeko.



Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 50 eskolatako 2467 ikasle Trintxerpe eta San Pedroko hainbat gunetan banatuko dira, gonbidatutako talderen batekin batera, jardunaldiari musika eta kolorea erantsiz. 388 lagun trikitixa eta pandero jotzaileen kalejira handi batean, 650 ahotsetik gorako abesbatza, 300 musikariz osatutako banda, 180 partaideko txistularien alardea, ia 200 kideko orkestra sinfonikoa, 100 laguneko akordeoi orkestra handi bat, 90 gitarretako talde bat, piano, ganbera eta perkusio guneetako 85 partaide, eta Pasaiako badia ontzi batean musikaz beteko duten 30 musikari (albokariak, dultzaineroak eta gaiteroak), 130 laguneko konbo handi bat eta hainbat estilotako 310 dantza ikasle izango dira parte hartuko dutenak musikaldi handi honetan.

2022ko Musikaldia 9:45ean hasiko da Trintxerpeko Gernika plazan, inaugurazio ekitaldiarekin eta EHMEren (Euskal Herriko musika eskolen elkartea) ohorezko batuta Josean Llorenteri emate ekitaldiarekin. Josean Llorente EHMEren sortzaileetako bat izan zen, eta hainbat agintalditan zuzendari izan zen.

Ekitaldi instituzionalaren ondoren, Pasaia Musikal eskola antolatzaileko musikariek Josu Elberdinek konposatutako abestia joko dute. Amaitzean, taldekideak goizean zehar musika jarduerak egingo diren tokietara joango dira.

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako emanaldiak 11.00etan hasiko dira gudarien plazatik aterako diren trikitilari eta pandero joleen kalejirarekin. 11.15etan Eskolako Euskal Dantza, Dantza Klasiko eta Dantza Garaikideko taldeen txanda izango da, Euskadi etorbideko oholtzan eskeiniko duten emankizunarekin. 13.15etan Eskolako abesbatzak San Pedroko lonjaren plazan emanaldia eskeiniko du eta 13.30etan Serafin Esnaola plazan Akordeoi Orkestrak entzunaldi berezia eskeiniko du.

Jaiari amaiera emateko, Rockalean taldeak Euskadi Etorbidea animatuko du 16:30etik 18:30era.

Egonezinik itxaroten zaituztegu. Musikaren egun handia izango da.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/06/02-an argitaratua