Donostiak Cargo Bikez egingo den ibilbide batekin eman dio hasiera Mugikortasun Asteari

CargoBizi Ibilbidearen helburua da bizikleta mota hori sustatzea, Mugikortasunaren Europako Astean (irailaren 16tik 22ra)

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Donostiako Udalak CargoBizi Ibilbidearen irteerarekin eman dio hasiera Mugikortasunaren Europako Asteari.Hiria aldatu cargo bikean lelopean, 355 km-ko ibilbidea egingo da zama-bizikletetan euskal geografian barna, bidegorri eta errepideetan, garraiobide hori sustatzeko.

Donostiako TXITA enpresako bi cargo bike Alderdi Ederretik abiatu dira gaur goizean, eta, datozen 9 egunetan, 355 km-ko ibilbide bat egingo dute. Gasteizen (larunbata, 18) eta Bilbon (astelehena, 20) geldialdiak egingo dituzte, eta ostiralean, hilak 24, Donostiara itzuliko dira. Beste udalerri batzuetan ere egingo dira geldialdiak, hala nola, Hernanin, Tolosan, Beasainen, Bergaran, Arrasaten, Durangon, Eibarren, Elgoibarren, Deban, Zumaian eta Zarautzen. Haietan guztietan, bizikleta mota hori sustatzeko ekitaldi txiki bana egingo da. Irteeran tokiko enpresa batzuk eta partikular batzuk izan dira, egunero garraiobide hori erabiltzen dutenak.

Ibilbidearen helburua da mota horretako bizikleten erabilera sustatzea, City Changer Cargo Bike (CCCB) europar proiektuaren barruan. Programa horretan, 21 udalerrik parte hartzen dute, ibilgailu horien bidezko mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua partekatzen duten 21 udalerrik, hain zuzen, hainbat herrialdetakoak direnak.

Pilar Arana Mugikortasuneko eta Garraioko zinegotziak adierazi duenez, Mugikortasunaren Aste honetan, Udalak ahalegina egin du garraiobide mota jakin bat bultzatzeko, gure hirian oso ezaguna ez dena baina familia eta enpresentzat, bai eta ingurumenerako ere, abantaila asko dituena.


Mugikortasunaren Europako Astea


CargoBizi Ibilbideaz gain, beste hainbat jarduera programatu dira Mugikortasun Asterako. Urtero egiten da, irailaren 16tik 22ra. "Mugitu jasangarri, mugitu osasuntsu” lelopean, ingurumena errespetatzen duten garraiobideak sustatzeko eta haiei buruzko prestakuntza emateko 7 ekintza egingo dira.
  • Ostiralean, hilak 17, online mintegi bat egingo da, Norbanako Mugikortasun Ibilgailuen gaineko Bide Segurtasunari buruzkoa, Mintegian parte hartzeko, mugikortasuna@donostia.eus-en bidez eskatu beharko da sarbidea. Egun horretan bertan, Bide Segurtasunari buruzko Prestakuntza-saio bat egingo da, Ceinpro ikastetxean.
  • Larunbatean, hilak 18, 11:30ean, Rezola Matia egoitzak irteera bat egingo du "Bizikletaz adinik ez" ekimenarekiko lankidetzaren barruan,
  • Familientzako prestakuntza astelehenean, hilak 20, izango da, "Galdetu al diozu zure buruari nola eramango zenukeen zure haurra bizikletan? izeneko online mintegiarekin (mugikortasuna@donostia.eus webgunearen bidez eskatu sarbidea).
  • Asteartean, hilak 21, Easo Politeknikoko Natura Inguruneko eta Aisialdiko Gidari-lanak heziketa-zikloko ikasleek prestakuntza-saio bat jasoko dute
  • Programazioa amaitzeko, asteazkenean, hilak 22, "Bizikletaz adinik ez" izeneko prestakuntza-ikastaro bat egingo da.


Kontzientziazio-kanpainak


Datozen egunotan, bi komunikazio-kanpaina egingo dira Mugikortasun Sailaren eta Dbus konpainiaren eskutik.

"Bizikidetza da sari nagusia" kanpainaren helburua da bizikleta garraiobide gisa erabiltzen duten herritarrengana iristea, hirian bete behar diren erabilera-arau egokiak azpimarratuz, ibilgailuekin eta oinezkoekin bizikidetza hobea izan dezaten, eta bizikleta behar bezala erabiltzen duten pertsonak sarituz. Mezu hori osatzen duten bideoak eta kartelak sare sozialetan ikusgai egongo dira.

Bestalde, Dbusek "Mugitu jasangarri, mugitu osasuntsu" kanpaina jarriko du abian. Garraio publiko eta jasangarria erabiltzeak ingurumenari eta osasunari dakarzkien onurei lotutako ideiak transmititzea du helburu. Aurtengo kanpaina osasun fisiko eta mentalaren ingurukoa da, gure udalerrietan modu jasangarrian mugitzeko moduei lotua, dela autobusez, dela bizikletaz, dela oinez.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/09/16-an argitaratua