Partaidetzazko Aurrekontuak: 93 proposamenen gainean bozkatu ahal izango dute herritarrek

3,4 milioi euro banatuko dira bozketa fasean lehenesten diren proiektuen artean, aurrekontua agortu arte

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Ekainaren 14tik aurrera, Donostiarrek botoa eman ahal izango dute, 2022 eta 2023 urteetako Partaidetzako Aurrekontuetara bideratu diren 3 milioi euroak banatzeko lehenesteko fasera igaro diren 93 proposamenen gainean. Kopuru horri gehitu behar zaizkio Ekialdeko Barrutiak 2022ko aurrekontutik bideratutako 421.000 euro, prozesu horretatik ateratzen diren barrutiko auzoetako proiektuetarako.

Guztira 555 proposamen jaso dira eta 93 horiek parte-hartze prozesu honen hasierako faseetan egin diren baheketak pasatu dituzte. Hasierako 555 horietatik, antzekoak taldekatu egin dira (96) eta 40 baztertu, prozesuaren oinarrizko baldintzak ez betetzeagatik.

419 proposamen aztertu dira


Azterketa fasera pasa diren 419 proposamenetatik, 62 hirirako egin dira, eta 358 auzoetako proiektuetarako; Aiete (42), Altza (37) eta Egia (35) dira proposamen gehien jaso dituztenak.

Proposamen horien %75 pertsona fisikoek aurkeztu dituzte eta %25 elkarteek.

Generoari dagokionez,
  • %45,48 emakumeek aurkeztu dituzte,
  • %54,28 gizonek,
  • %0,24k beste genero bat adierazi dute.

Proposamen gehienak 30 eta 64 urte bitartekoek egin dituzte (322); gazteenek, berriz, 21 proposamen aurkeztu dituzte eta 65 urtetik gorakoek 77.

Azken faseko 93 proposamen


Zuzendaritza bakoitzak proposamenak aztertu ondoren, 93 bozketa fasera pasa dira. Horietatik 5 hirirako dira, oro har, eta gainerako 88 proposamenak hiriko 15 auzoen artean banatzen dira, Altza (12), Aiete (9) edo Loiolako Erriberak (8) buru direla.

Ekialdeko Barrutiak 18 proposamen jaso ditu guztira, eta horien artean esleituko dira Barrutiko aurrekontu propioko 421.000 euroak.

Hirirako 2022 eta 2023 Partaidetzako Aurrekontuetara bideratutako beste 3 milioi euroak gainerako 75 proposamenen artean esleituko dira, bozketa fasetik datorren lehentasunaren arabera, aurrekontua agortu arte.

Bozketa


Bozketa datorren astelehenean, ekainak 14, hasiko da. Bi astez, 16 urtetik gorako eta Donostian erroldatuta dauden pertsona fisikoek 5 proposamen aukeratu ahal izango dituzte. Hala, lehentasunezko proposamenen zerrenda egingo da (zerrendako lehen proposamena bozkatuena izango da eta azkena gutxien bozkatutakoa).

Hauek dira parte hartzeko bideak:
  • Online, www.donostia.eus webgunean horretarako sortutako web orriaren bidez (botoa unibertsala, irisgarria, anonimoa eta sekretua izango da).
  • Bertaratuta, Herritarren Partaidetzako bulegoan. Horretarako hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik.

Erlazionatutako dokumentuak

2021/06/08-an argitaratua