Loiolako Kuartelen salerosketa sinatuta
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Defentsako Estatuko idazkari Maria Amparo Valcarcek Madrilen sinatu dute 'akordio historikoa hiriarentzat'
Donostiako alkate
Eneko Goiak eta Hirigintza Sostengagarriko zinegotzi
Nekane Arzallusek Defentsa Ministerioan
Loiolako Kuartelen salerosketa sinatu dute. Sinadura Defentsa Ministerioaren Castellana Pasealekuaren egoitzan egin da eguerdian. Bertan, Defentsako Estatuko idazkari Maria Amparo Valcarcek harrera egin die, eta Valcarcek berak sinatu du akordioa Espainiako Gobernuaren ordezkari gisa.
Eneko Goia eta Nekane Arzallus ordubete egon dira Denfentsa Ministerioaren egoitzan, eta irteeran Donostiako alkateak honakoa esan du: “
Hiriarentzat sinadura historikoa egin dugu. Udal korporazio askoren ametsa gaur egi bihurtzen hasi da. Akordio honi esker egun erabilera militarrera bideratuta dagoen eremua hiriaren erabilera publikorako eremu bihurtuko da”.
Mugarri bat hiriaren garapenerako
Ildo beretik, eskerrak eman dizkie Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusi eta Loiolako Kuartelak erosi ahal izateko negoziazioan parte hartu duten pertsona guztiei: “
Lan eta esfortzu handia egin duzue hiriaren garapenarentzat giltzarri izango den mugarri historiko hau lortzeko, duela ehun urteko ministerio berberari Urgulleko eremu militarraren eta San Telmo komentuaren erosketa izan zen moduan”.
Goiak segidakoa adierazi du: “Guztion artean eremu berri hori diseinatzeko lanean jartzeko garaia da”. Horiek horrela, azaldu du, eremu berriaren plangintza Plan Orokorra aldatzeko prozesuarekin batera amaituko dela, behin egun dauden militarrek eremua hustu egiten dutenean, Udala lanei ekiteko prest egon dadin. Plangintza berriaren zirriborro bat egin zen eremua tasatzeko unean, eta bertan, 1500 eta 1700 etxebizitza artean eraikitzea aurreikusten zen.
Hortaz, gogorarazi du, akordioak ezartzen duela militarek 4 urteko epea dutela eremua uzteko, eta epe horretan plangintza amaituta eta onartuta izatea espero duela. Eneko Goiaren hitzetan, Udalak hiru lehentasun ezarri ditu eremuaren etorkizunerako:
- hiriaren etxebizitza eskaintza hobetuko duen parkea egitea;
- ekipamendu publikoak izatea;
- eta Urumea ibaia eramuan guztiz txertatuta egotea, bere balio naturala, paisajistikoa eta ekologikoa indartzeko.
Eremuaren salerosketa 73 milioi eurotan itxi zuten bi aldeek eta dagoeneko Donostiako Udalak adostutako 5 milioi euroak ordaindu ditu. Era berean, banku ezberdinekin negoziatzen ari da ordainketa osatzeko maileguak lortzeko eskriturak sinatzen direnean.
Udalak eta Defentsa Ministerioak 6 hilabeteko epea jarri dute eremuaren eskriturak egiteko.
2023/12/18-an argitaratua