XXX Gazteen Antzerki Topaketa 2018 aurkeztu da

Maiatzaren 18an hasi eta ekainaren 16ra arte, 18 antzezlan eskainiko dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Udaleko Donostia Gazteriak, Donostia Kulturaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin antolatu du aurtengo edizioa.

Antzerki Topaketaren helburua gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da, bai interprete edo sortzaile moduan (agertokien gainean edo atzean), bai ikusle moduan, honela kultur ekintzetara joateko eta haiekin gozatzeko ohitura bultzatuz. Helburuak dira, beraz, ludikoak eta pedagogikoak, eta kultur ekintzei bultzada eman eta sustatzea.

Gazteen Antzerki Topaketak aukera paregabea eskaintzen du parte hartzaileek beraien antzezlanak modu profesional batean gauzatzeko, hirian ezagunak diren agertoki egokietan. Bestalde, Topaketak nahi du parte hartzaile gazteak motibatu, beraien sormen prozesuan aurrera egiteko, eta euren kultur ekoizpenaren hedapena bultzatu.

Aurtengoa, edizio berezia da, Gazteen Antzerki Topaketak 30 urte betetzen baititu. Izan duen ibilbide luzea azpimarratzekoa da, eta, horretarako, aurten topaketa beraren ikusgarritasuna garatu eta zabalkundea areagotzea izan dira helburu.

30 urteetako ibilbidea duen kultura ekimen honek, hiri mailan eta gazte antzerkizaleen artean duen harrera eta ezaguera maila indartu eta zabaldu nahi izan dira aurten, eta, horretarako, hainbat ekintza berezi eta berritzaile eramango dira aurrera.

Lehenengoz, Aitziber Garmendia aktorea, aurtengo edizioko “aurpegi” edo “enbaxadore” bihurtu da. Hainbat sustapen bideo grabatu dira berarekin eta, hauen hedapenari esker, ikusgarritasuna handitzea lortu da.

Antzerki Topaketaren hedapena indartzeari begira, hainbat ekintza antolatu da:

Irudia: Aurtengo kartela osatzeko, Usandizaga Ikastetxean publizitateko goi mailako zikloa ikasten ari diren ikasleek parte hartu dute. Aurkeztutako guztien artetik, Miguel Matador-en lana aukeratu da aurtengo irudia izateko.

Merchandising produktuak: Aurten esfortzu berezia egin da euskarri grafikoen argitalpen kopurua handitzeko (eskuorriak eta kartelak) eta material berria ekoizteko: poltsak eta kamisetak.

Taldeen parte hartzea eta elkar ezagutza sustatu nahi izan denez, aurten, berrikuntza moduan ere, ondoko ekimenak antolatu dira:
  • Irekiera ekitaldia: Maiatzaren 26an, Kutxa Kultur Plazan.
  • Amaiera ekitaldia: Sari banaketa eta festa. Ekainaren 16an Kutxa Kultur Plazan.

Deialdia, parte hartzera gonbidatuz, hiriko ikastetxe, unibertsitate, antzerki eskola eta talde independente guztiei zabaldu zitzaien martxoan. Guztira 18 taldek eman dute izena, gehienak donostiarrak baina baita kanpoak ere. (Oiartzun, Pasaia, Bilbo, Iruñea..).


Kategoriak


Talde hauek mota askotakoak direla eta bukaeran sari batzuk banatzen direla kontuan izanda, 2 kategoria bereizten dira adinaren arabera.
  • Junior kategoria: taldekideek 14 -18 urte artean izan behar dute: 12 talde
  • Senior kategoria: taldekideek 18 –30 urte artean izan behar dute: 6 talde

18 lan horietatik, 11 euskaraz izango dira eta 7 gaztelaniaz.

Antzezlan hauek 5 agertokitan taularatuko dira. Donostia Kulturaren lankidetzari esker, Antzoki Zaharra, Gazteszena (Egia Kultur Etxea) eta Lugaritz Kultur Etxea izango ditugu;
Laugarren agertokia, Kontadores Gazte Zentroa izango da, gazteen kultura sormenerako eta sustapenerako hiriko erreferentziazko espazioetako bat. Berrikuntza moduan aurten eta Kutxa Fundazioari esker, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba izango da topaketako agertoki berria, eta Kutxa Kultur Plaza irekiera eta itxiera ekitaldien gune bilakatuko da.

Epaimahaikideak


Aurkeztutako 18 antzezlanak epaituko dituzten 3 aktore gazteak hauek izango dira aurten.
  • Barbara Rivas
  • Amaia Ruiz de Galarreta
  • Iñigo Aranbarri

Haien esku egongo da Topaketaren amaieran, banatuko diren sariak erabakitzea. Kategoria bakoitzean ondorengo sariak banatuko dira.
  • Obra onenari: Berriro antzezteko aukera + Bi antzerki emanaldietara joateko sarrerak .
  • Talde artistiko onenari: Bi antzerki emanaldietara joateko sarrerak
  • Taularatze onenari: Bi antzerki emanaldietara joateko sarrerak


Sari banaketa


Sari banaketa ekainaren 16an izango da Kutxa Kultur Plazan.

Sari horietaz gain, talde guztiek jasoko dute bere antzezlanari dagokion leihatilako diru-sarrera oso-osorik.

Bestalde, antzezlan guztiak bideoz grabatuko ditu profesional batek, eta talde bakoitzari bere antzezlanaren bideo kopia bat banatuko zaio. Talde bakoitzak bere antzezlanaren kartel propioa izango du aurten. Material hau, taldearen sustapen lanak errazteko baliagarri suerta daiteke.
Gainera, talde bakoitzak 200 € jasoko ditu, antzezlanaren prestaketan sortutako gastuen konpentsazio moduan: material erosketak, ekipamendu alokairuak, garraioa etab.

Sarrerak 3 €-tan egongo dira salgai leihatiletan.

Informazio guztia www.donostia.eus/antzerkitopaketa web gunean

2018/05/09-an argitaratua