Kaldereroak auzoetako kaleak alaitzeko iritsiko dira
Inude eta Artzainen konpartsek otsaileko igandeetako protagonistak izango dira
Hungariako
Kaldereroen soinuek alaituko dituzte Donostiako kaleak datozen hiru asteburuetan. Ospakizunaren egun nagusia datorren larunbatean, otsailaren 8an, izango bada ere, Konpartsa Tradizionala indargune izanik, auzoek beste konpartsa batzuen bisita jasoko dute otsailaren 1ean, 7an eta 14-15eko asteburuan ere.
Horrela,
Konpartsa Tradizionalak Donostiako Parte Zaharreko kaleak hartuko ditu datorren otsailaren 8an, 21:30etik aurrera, 19 tribuko 410 parte-hartzailerekin, zartaginak eta mailuak Raimundo Sarriegiren piezen edo Victoriano Iraolaren "Begi urdin bat" ren erritmoan joz. Tribuekin batera Gauerdi txaranga eta
Kresala Dantza Taldea arituko dira.
Ohi bezala, konpartsa honek Konstituzio plazan jarriko du kanpamentua 22:00etatik aurrera, eta han, Ion Lópezek ordezkatutako segizioko Erreginak agurtzeko hitzaldia emango dio Donostiako herriari, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako bandak kaldereroen errepertorio tradizionala interpretatzen duen bitartean. Lópezekin batera, Ander Gómez de Segura eta Paul San Sebastián izango dira Dama gisa.
Kanpamentuaren ondoren, konpartsa tradizionalak Parte Zaharreko kaleetan zehar desfilatzen jarraituko du, 01:00etan Gaztelubide elkartearen aurrean amaitu arte.
Kartela
2025eko Kaldereroen kartelaren egilea Ainara Azpiazu Aduriz, 'Axpi', da. Kartel honetan kaldereroen metal hotsa ikusgarri egin nahi izan du, zalaparta maila bisualera ekarri, festa giro eta alaitasunarekin batera. Horretarako, ibilean doazen kalderero koadrila irudikatu du kartelean, zaratarekin batera alaitasuna zabaltzen doana. Fondo ilunaren gainean kolorez betetako irudia egin du, gauak kaldereroetan duen protagonismoa aldarrikatzeko eta kontrastedun irudi bat sortzeko. Tipografiarekin ere jolastu du, euskal tipografian oinarrituz. Alaitasuna, jolasa eta gaua dira kartelaren protagonista. Teknika aldetik, monotipia eta teknika digitalak nahastuta sortutako irudia da.
Alaitasuna auzoetan
Parte Zaharreko konpartsa tradizionalaz gain, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Primitiboaren irteerarekin bat egingo duena, gainerako auzoek ere beren desfileak izango dituzte inauterien etorrera iragartzeko, auzo bakoitzeko elkarteek eta eragileek bultzatuta.
- Amara Berri eta Egia auzoek aurrea hartu eta larunbat honetan, otsailaren 1ean, irekiko dute jaia, 17:30etik aurrera, Amarakaldek eta Arrano Kaldereroak Elkartearen eskutik, hurrenez hurren.
- Otsailaren 7an, ostirala, Herrera Ikastetxea (Herrera – 11:30), Aldapeta Maria Ikastetxeko Kaldereroak (Amara – 14:45), Zurriola Ikastola IKE Kaldereroak (Gros – 15:00), Ikasbide Kaldereroak (Loiolako Erriberak – 15:15) eta Aieteko Kaldereroak (Aiete – 18:00) izango dira.
- Hilaren 8an, arratsaldean, Kai Harripe Alde Zaharreko Euskara Batzordea Kaldereroak (Alde Zaharra – 17:00), Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsa (Gros – 18:00), Amarako Kaldereroak Mamur Donosti – Berri (Amara – 18:00) eta Herrera Kirol Elkartea Kaldereroak (Herrera – 18:00) konpartsak iritsiko dira.
- Eta hurrengo astean azken bi konpartsen txanda izango da: Jakintza Kaldereroak (Antigua – 15:00) hilak 14 ostiralean aterako da, eta Club Deportivo Loiolatarra Kaldereroak (Loiola – 18:30) eta Antiguako Kaldereroak (Antigio – 20:30) otsailaren 15ean, larunbata.
Amarakaldek-en 25.urteurrena
Amarakaldek - Amarako Kaldereroen Konpartsa 1999ko San Sebastian egunaren ospakizunaren ondoren sortu zen, Amara Berri auzoan desfilatzen zuten 7 danborraden eskutik. Aurten, bere 25. urteurrena ospatzeko programazio berezia egingo du otsailaren 1ean, larunbata, 17:30etik 20:30era.
Aintzinako konpartsa hartako bi kidek bakarrik jarraitzen dute parte hartzen: Jesus Ausejok (hartzarena egiten du konpartsan) eta Iñaki Olasagastik. Lehenengo edizioetan parte hartu zuten beste 11 kiderekin batera omenduko dituzte biak, eta medailoi bat emango zaie, kalderero jantzietan jantzi ahal izan dezaten.
Gainera, efemeride hori ospatzeko, otsailaren 8an, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak Amarakaldek Amarako Kaldereroen Konpartsa hartuko du Parte Zaharreko kaleetatik irteten denean.
Inude eta artzainak
Hurrengo larunbatetako protagonistak kaldereroak badira, igandeetan
'Inude eta Artzainak' konpartsen txanda izango da. Horrela,
otsailaren 9an, 12:00etatik aurrera,
Kresala Elkartearen konpartsak (200 partaide – 100 emakume eta 100 gizon) The Joselontxos 's txarangarekin batera desfilatuko du.
Guztira, 30 inude eta artzain-bikotek, 60 danbor-jolek, eta garai hartako hainbat pertsonaiek - alkatea eta haren emaztea, idazkaria, gotzaina, apaiza, eliz-mutilak, mikeleteak, ontzi-garbitzailea eta zapata-garbitzailea - parte hartuko dute desfilean.
Konpartsa 12:00etan aterako da Kresala Elkartearen Euskal Herria kaleko egoitzatik, eta Aldamar Kalea, Boulevard Zumardia, Kale Nagusia, Abuztuak 31 kalea eta Narrika kalea zeharkatu ondoren, Konstituzio plazara sartuko da 13:00etan, ohiko antzezpena egiteko. Behin antzezpena amaituta, Konpartsa Arraindegia, San Juan, Bretxa eta Aldamar kaleetatik itzuliko da Euskal Herria kaleko egoitzara.
Gainerako konpartsek aste ezberdinetan egingo dituzte desfileak:
otsailaren 2an, Groseko Artzai eta Iñudeak "Artaiñu" konpartsak Groseko kaleak zeharkatuko ditu 11:15etik aurrera, eta
otsailaren 16an Ikasbide Ikastolako Iñude eta Artzaien Konpartsak gauza bera egingo du Loiolako Erriberertako eta Amarako kaleetan 11:30etik aurrera.
Erlazionatutako dokumentuak
2025/01/31-an argitaratua