Abian da Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoa garatzeko prozesua

Online galdetegi bat aktibatu da eta ekainean zehar jendaurreko hainbat jarduera egingo dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta-Mirakruz auzoek osatzen duten Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoaren garapen prozesua martxan da. Donostiako Estrategia Bulegoaren eta Ekialdeko Barrutiko Udal Batzarraren laguntzarekin osatutako hurbilketa diagnostikoa du oinarrian, eta bi fasetan banatutako lanketa egingo da.

Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoaren helburua berau osatzen duten auzoetan lortu nahi den barruti-ereduari buruz hausnartzea da, eta datozen urteetan bultzatu beharreko ekintza-ildoak eta horiek lortzeko urratsak adostea.

Horretarako, orain arte egindako lanaren aurkezpen publikoa egingo dute ekainaren 21ean, asteartea, 18:00etan Tomasene kultur etxean. Hiru auzoetako bizilagunak ez ezik, gaian interesa duen donostiar orori luzatu diete bertara hurbiltzeko gonbita, elkarlana helburu.



Gainera, dagoeneko aktibo dagoen galdetegiaren inguruko informazioa emango dute bertan. Galdetegiak herritarren iritziak jaso nahi ditu, horietan oinarrituta, Plan Estrategikoaren helburu eta jarduera-ildoak, proiektu estrategikoak eta ekintza plana zehaztu ahal izateko. Lotura honetan topatuko duzue informazio osagarria eta galdetegira lotura.

Ekainaren 30ean, halaber, herritarrei zuzendutako bi ordu eta erdiko tailer parte-hartzailea egingo da Intxaurrondoko kultur etxean, 18:00etan. Ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea inprimaki honen bidez. Bertan, etorkizuneko barrutia irudikatzeko jarduerak proposatuko zaizkie parte hartzaileei, eta prozesu aberasgarriari jarraipena emango zaio.

2022/06/17-an argitaratua