Ekialdeko Barrutiko eragile nagusiek auzoen egungo egoera aztertu dute

Estrategia Bulegoak antolatutako tailerra izan zan elkarlanean aritzeko

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Ekialdeko Barrutiaren azterketa elkarlanean egiteko asmoz, hogei bat lagunek hartu zuten parte atzo, ekainak 30, Altza, Bidebieta-Mirakruz eta Intxaurrondo auzoetako bizilagunei zuzendutako tailerrean. Estrategia Bulegoak antolatu zuen saioa, Paisaje Transversal aholkularitza enpresarekin.

Intxaurrondoko kultur etxean egindako saioaren helburuak hiru izan dira: herritarrak Barrutiaren Plan Estrategikoa egiteko prozesuaren inguruan informatzea eta sentsibilizatzea, haien ekarpenekin diagnostikoa kontrastatzea eta aberastea, eta proiektuaren esparru estrategikoa bideratzeko erronka nagusiak identifikatzea.

Horretarako, planaren proiektuari eta orain arte egindako lanari buruzko azalpenarekin hasi zuten saioa. Lehen diagnostiko bat garatzeko aurreikusitako ekintzen egutegia partekatu zuten bertaratuekin, eta herritarrek prozesuan parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuten, bizitoki duten eta hain ondo ezagutzen duten inguruneari lotutako kezkak, beharrak eta ikuspuntuak ezagutarazteko.

Ondoren, orain arteko prozesuan identifikatutako atal nagusien inguruan lan egin ahal izateko, bi mahaitan banatu ziren parte-hartzaileak. Atal nagusiak:
  • Ingurumena eta klima-aldaketa
  • Hirigintza
  • Mugikortasuna
  • Baliabideen kudeaketa
  • Hiri-ekonomia
  • Etxebizitza
  • Aniztasuna, bizikidetza eta berdintasuna
  • Osasuna, ongizatea eta zaintza
  • Aisia, kultura, kirola, hezkuntza eta euskara
  • Digitalizazioa
  • Gobernantza

Parte-hartzaile askok bat egin zuten auzoek dituzten arazoak mahai gainean jartzerako unean, espazio bakoitzak bere idiosinkrasia eta berezitasunak dituen arren.

Herritarrek ohar laburretan adierazitako informazioa jaso eta horren inguruan luze eztabaidatu ondoren, aholkularitza-enpresak proiektuaren lan-taldeari helaraziko dizkion eta planaren diagnostikoan barneratuko dituen ideia nagusien laburpenarekin amaitu zen tailerra.

Gainera, atzoko saiora bertaratzeko aukerarik izan ez zuten eta ekarpenak egin nahi dituzten bizilagunentzat, online galdetegia aktibo izango da uztailaren 12ra arte. Prozesuaren aurrerapenen berri ere emango da Ekialdeko Barrutiaren webgunean.

2022/07/04-an argitaratua