Donostiako alkate Eneko Goiak 2023ko Urrezko Danborra eman dio Javier García Cogorrori, Udaletxeko Udalbatzan, San Sebastian eguneko ekitaldi ofizialetako batean.
Javier García Cogorro (Madril, 1963) Miramongo Zientzia eta Teknologia Parkean dagoen Viralgen enpresaren egungo kontseilari delegatua da. Bere kudeaketa eraginkorrak, urte gutxiren buruan, terapia genikorako bektore biralak ekoizten dituen enpresa berritzaile hau, medikuntzaren historia aldatzen ari den sektore baten mundu mailako erreferente bihurtu du.
Garcia Cogorrori Urrezko Danborra entregatu zaio, Donostiarekin duen inplikazio pertsonal, profesional eta emozionalagatik, hiria zientzia eta berrikuntzan nazioarteko erreferente gisa kokatzeko egindako ahalegin eta lanagatik, gorabidean dagoen eta balio ekonomiko eta sozial handia duen Biozientzien eta Osasunaren sektorea garatuz, eta talentua sortzearen eta erakartzearen aldeko apustu trinkoaa eginez.
Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, "Javier bezala osasunari lotutako proiektu zientifikoak bultzatzen dituzten pertsonei esker, gaixotasunak giza ezagutzak konpon ditzakeen desmoldaketak direla pentsa dezakegu".
"Izan ere, gaur egun Javierri eskaintzen diogun aitorpenaren atzean dagoena lana da, lan handia. Berak egindako lana, bere lantaldeak egindako lana, lantalde askok egindakoa. Guztiek, etengabe, modu iraunkor eta isilean behin eta berriz bilatzen dute, saiakerak egiten dituzte, pentsatzen dute, proposatzen dute, entseatzen dute, harik eta itxuraz konponezinak diren arazoen konponbideak aurkitzen dituzten arte", azaldu du.
"Uste dut ez dela kasualitatea Viralgen, eta Javierrek bultzatu dituen proiektu guztiek beren esparrua Donostian aurkitu izana. Gure hiria eta lurraldea aspalditik ari dira apustua egiten eta baldintzak sortzen Javier bezalako pertsonek hemen aurki dezaten beharrezko humusa zientziarekin eta ezagutzarekin lotutako ekimenak finkatu ahal izateko", gaineratu du Goiak.
Munduko erreferentea bioteknologian
García Cogorro Columbus Venture Partners, biziaren zientzietan eta bioteknologian espezializatutako arrisku-kapitaleko funtsaren sortzailea eta bazkidea ere bada. Halaber, Columbus Fundazioaren sortzailea, patroia eta idazkaria da. Irabazi asmorik gabeko erakunde honen helburua da gaixotasun arraroak dituzten adingabeei terapia genikoak eskuragarri jartzea. Gainera, osasunaren sektore bioteknologikoan lider diren enpresa hauen aholkularia da: AskBio, Artax Biopharma, Highlight Therapeutics, Vivet Therapeutics eta Aura Bio Sciences.
2020ko urrian, Bayer multinazional alemaniarrak Viralgen erosi zuen, bere marka, kultura korporatiboa eta kudeaketa independentea mantenduz. Mugarri horrek Gipuzkoa bioteknologiako abangoardiako mundu mailako erreferente bihurtu du. García Cogorrok Donostiaren alde egindako apustu erabakigarriak berebiziko garrantzia izan du hiriarentzat garrantzitsuak diren lorpenak lortzeko. Izan ere, hirian dagoeneko 6.000 profesional inguru ari dira zientzia eta ikerkuntzan lanean.