Udalak eta Aldundiak elkarlana estutu dute
Hirian nahiz lurraldean 'ongizatean sakondu eta ekonomia berria sorraraztea' helburu
Donostiako alkateak, Jon Insaustik, eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, erakunde bilera egin dute gaur goizean, bi erakundeen arteko lankidetza estutuz, hirian nahiz lurralde osoan
“ongizatean sakontzea eta ekonomia berria” sorraraztea helburu. Gaurko bilera baliagarria izan da hainbat arloetan egindako
aurrerapenen eta adostasunen jarraipena egiteko:
- industria eta berrikuntza
- mugikortasuna
- gizarte babesa eta zaintzak
- lurralde mailako ekipamenduak
- larrialdiak
Donostiako alkateak eta diputatu nagusiak ikuspegi eta konpromiso bateratua dute proiektu nagusietan, ez soilik hiriburuko herritarrengan eragina dutelako, baizik eta baita lurralde osoko herritarrengan ere; izan ere, Gipuzkoako gizarte osoari zerbitzua ematen dioten ekimenak dira. Azken urteotan, bi erakundeek lankidetzatik bultzatu dituzte
ibilbide luzeko proiektu estrategikoak, hala nola:
- MUBIL mugikortasun jasangarriko poloaren garapena,
- IBMren superordenagailu kuantikoaren instalazioa,
- GI-20 errepidearen Marrutxipiko lotura berria, besteak beste.
Mendozak eta Insaustik adierazi dute bi erakundeek “
sintonia eta konpromiso partekatua” dutela eta irmoki jarraituko dutela abian dituzten lan ildoetan aurrera egiten, donostiarrentzat eta gipuzkoar guztientzat onuragarri izan dadin.
Lan-arloak
Ildo horretan, Diputazioak eta Udalak elkarrekin jarraituko dute
etorkizuneko ekonomia esparru berrien alde lan egiten, hala nola biozientziak eta terapia aurreratuak, teknologia kuantikoak edo etorkizuneko elikadura eta gastronomia. Etorkizunean lanpostu onak sortuko dituzten industria-sektore berri horiek garatzeko, bi erakundeen arabera, beharrezkoa izango da espazio gehiago sortzea Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea Galarretara, Illunbera eta Zubietara hedatuz.
Helburu berarekin,
mugikortasunaren alorrean ere aurreikusten da hobekuntzak egitea garraio publikoaren konexioetan, bidegorri sarean eta errepideetan, dela ospitaleen eremuan, Galarretan eta Eskusaitzetako industrialdean. Era berean, hiriaren inguruko mugikortasun metropolitarraren konexioak eta hobekuntza aukerak aztertuko dira. Horrek guztiak lagunduko du industria eta teknologia sarearen lehiakortasunean, nahiz bertan bizi diren edo bertaratzen diren pertsonen eguneroko erosotasunean.
Alkateak eta diputatu nagusiak
zaintzen eta gizarte-babesaren arloko hainbat ekimen ere aztertu dituzte. Horien artean, erakunde foralak adierazi du Gipuzkoan etxerik gabeko pertsonen egoerari aurre egiteko estrategia berria lantzen ari dela, errealitate konplexu horrek hiri eta lurralde mailan duen eragin gero eta handiagoa kontuan hartuta, eta, batez ere, egoera hori jasaten duten pertsonek euren bizitzetan jasaten dituzten ondorioak kontuan izanda. Era berean, lurraldean martxan dagoen zaintza‑ereduaren eraldaketa esparruan —pertsonalizazioa, berrikuntza eta komunitatearekiko lotura handiagoa—, Aldundiak eta Udalak analisi bateratua egingo dute hiriko beharrei buruz.
Ekipamenduen arloan, foru erakundeak eta udalak berretsi dute Anoeta Berria proiektuan aurreikusitako jarduketetan lankidetzan aritzeko konpromisoa, helburua baita ingurune hori kirol eta kultura espazio berritzaile bilakatzea, zeinen onurak eta eragina gipuzkoar guztien kirol‑praktikan eta ongizatean nabarituko diren.
Azkenik, alkateak eta diputatu nagusiak adierazi dute konpromisoa dutela Donostiako eta Aldundiko
suhiltzaileen zerbitzuen jardun-protokoloak homogeneizatzen aurrera egiteko.
Donostia eta Gipuzkoa indartu
Azken urteotan foru erakundeak eta udalak gauzatutako "
lankidetza estuaren" bidea baloratu du diputatu nagusiak, "gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik eraldatzaileak" diren proiektu sozial eta ekonomikoak gauzatzea ahalbidetu baitu
. "Ongizate gehiago sortuko duten, gure bereizgarri den gizarte-kohesioa babestuko duten eta ekonomia eta lanpostu berriak sortzeko balioko duten ekimen berrietan aurrera egiteko konpromisoa dugu. Gero eta konplexuagoa den mundu honetan, lankidetzatik eta berrikuntzatik, Donostia indartzen eta Gipuzkoa indartzen ari gara ", planteatu du.
Bestalde, alkateak gaineratu duenez, "
uste dugu aliantzek indartsuago egiten gaituztela donostiarron bizitza hobetzeko misioari aurre egiteko, sustapen ekonomikoa, berrikuntza, mugikortasuna eta babes soziala bezalako arloetan eraginez. Aldundiarekin lankidetzan aritzeak aukera ematen digu herritarren eguneroko behar zehatzei eraginkortasun handiagoz erantzuteko. Beraz, donostiarrei etorkizunerako aukera berriak eta hobeak sortzeko akordioak bultzatzen jarraituko dugu, bai eta ongizatea ekarriko duten kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko ere".
2026/02/03-an argitaratua