Ogi-apurra

Ezkerreko Bannerrak Phone Hidden

Donostia -CO2

Medio Ambiente - Ingurumena

Donostia -CO2: familiak klimaren alde


Zer da "Donostia -CO2: familiak klimaren alde"?

"Donostia -CO2: familiak klimaren alde" proiektua 2010. urtean jarri zen abian, eta jadanik 300 bat etxek eta 1.000 pertsona inguruk hartu dute parte egitasmo horretan. Egindako kalkuluen arabera, proiektuan parte hartzen duten etxeek batez beste % 8 aurrezten dute argindarrean. Aurrezki hori poltsikoan nabaritzen da, eta, gainera, berotegi efektuko gas gutxiago igortzen da hala. Gas horiexek dira, izan ere, klima aldaketa eragiten dutenak.

Proiektua abian jarri zenetik hamaika urte igaro badira ere, helburua berbera da: energiaren kontsumo arrazionala sustatzea eta etxeetako berotegi efektuko gas igorpenak gutxitzea. Horretarako, laguntza pertsonalizatua ematen da, etxe bakoitzaren behar berezietara egokitua; hori kontuan hartuta, aholkuak ematen dira eta kontsumoen bilakaeraren jarraipena egiten da.


Nork har dezake parte?

Proiektua herritar guztiei zabalik dago, bai etxebizitzaren jabe direnei bai alokairuan bizi direnei. Adingabeek gurasoen baimena behar dute.


Nola har daiteke parte?

Parte hartzea oso erraza da. Izena emateko, udal-webguneko “Familiak klimaren alde” izapidea bete behar da, edo 943 48 33 90 telefonora deitu kanpainan parte hartzeko nahia adierazteko. Harremanetarako datuak eskatu eta, ondoren, izena eman duten pertsonei galdetegi labur bat bidaliko zaie kontsumo-datuei eta etxeko oinarrizko ezaugarriei buruz.

Parte hartzen duten familiek energia-txosten berezi bat jasoko dute hiru hilean behin, kontsumoaren eta energia-gastuaren bilakaeraren berri emateko. Guztira, 3 txosten jasoko dira 2021ean (udaberrian, udan eta neguan). Halaber, etxe bakoitzaren profilari eta energia-beharrei egokitutako jarraibideak eta gomendioak eskainiko dira, energia-kontsumoa murrizten laguntzeko, erosotasun-baldintza egokiei eutsiz. Gure webgunean ere kontsulta daitezke hainbat aholku eta praktika on.

Izena ematen duten etxebizitzek, Donostia -CO2 komunitatearen partaide bihurtzen dira. Komunitate horren helburua da komunikatzeko bide bat izatea ekimen honetan parte hartzen ari diren etxeekin, eta, haren bidez, jendea sentsibilizatzen jarraitzea eta jakinaren gainean jartzea zer egin behar den modu arduratsuan eta ingurumena errespetatuz kontsumitzeko.

Ikusi proiektuan parte hartzen duten etxebizitzen informazioa.

 

Aholkuak eta praktika onak