Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

ItsaSOS kanpaina berria, itsasoan bukatzen diren hondakinei buruz kontzientziatzeko

Gomendatuko da hiriko hondartzetan ez erretzea

Donostiako Udalak herritarrak kontzientziatzeko kanpaina bat hasi du, hiri-hondakinak sortzea prebenitzeari eta behar den tokian uzteari buruz informatzeko eta ohartarazteko, askotan itsasoan amaitzen direlako.

Hautatutako logoa, ITSASOS, kanpainak zabaldu nahi duen mezuaren sinbolo bete-betekoa da, larrialdi-deia, itsasoan hondakinak eta mota guztietako flotatzaileak ugaritzen ari direlako, batez ere plastikoak, mundu osoan arazo bihurtu direnak. Kalkulatzen da urtero 8 milioi tona plastiko amaitzen direla itsasoetan, itsasoko zaborraren % 80 izateraino.

Horrez gain, 2015ean Mediterraneoko kostaldeetako hondakinei buruz egindako ikerketa baten arabera, itsasoko zaborrak lehorreko jatorria du batez ere, eta zigarrokinak dira hondakinik ohikoena. AZTIk Donostiako Udalarekin elkarlanean egindako azterlan batek aditzera eman zuen zer arazo sortzen dituzten −eta nola banatuta dauden− plastikozko hondakinek Kontxako badian. Azterlan horretan azaltzen zen itsasoan biltzen den zaborra lehorretik datorrela; mikroplastiko eta mikrozuntz gehienak itsasotik sartzen direla badian; eta zigarrokinak hondakinik ugarienak direla hondartzetan, batez ere sarbideetan: Kontxan, hondakin guztien % 38 dira, eta Ondarretan, % 50.

Ez erretzearen gomendioa

Horregatik guztiarengatik, uda honetan Donostiako Udalak gomendatuko du hiriko hondartzetan EZ erretzea, zigarrokinek hareatzetan eragiten duten inpaktua murriztu nahian. Gainera, eskatzen dutenei, hautsontzi-konoak emango zaizkie, zigarrokinak hondarrean lurperatu eta, gero, olatuek itsasora arrastaka eraman ez ditzaten. Horrez gain, hondartzetako megafonia-sistemaren bidez, ingurumenari buruzko mezuak emango dira aldian-aldian.

Munduko hiri askotan eta Euskal Herriko herri batzuetan ere  ohikoa den bezala, seinaleak jarriko dira estolderiako saretetan, ohartarazteko “itsasoa hemen hasten dela”, sare horietatik hondakinik ez botatzeko beharra nabarmentzeko, ur gainean gelditzen dena eta itsasoa kutsatzen amaitzen duena.


2022/05/06-an argitaratua