Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Intxaurrondo K.E. ondoan hegaztientzako disuasio-elementuak jarri dira

Hegaztiek kristalen kontra talka egin ez dezaten

Azken urteotan zenbait hiri-azpiegituratan jardun du Udal Osasun eta Ingurumen Sailak, betiere helburu argi batekin: kristalezko gainazalaren islapena eta gardentasuna desagerraraztea. Lehenengo kasuan, hegaztiek paisaiaren jarraitutasun gisa identifikatzen dute, eta bigarrenean, pasatzeko zulo gisa.

Agirre Lehendakariaren zubian binilozko banda bertikalak jarri ziren, esku-ahurraren erregela ezaguna betez: gutxienez esku baten ahurra duen edozein hutsune baliozko irekiera da, eta hortik hegazti txiki bat pasatzen saia daiteke eta, ondorioz, talka egin. Morlanseko funikularreko geltokietan, berriz, diseinu berritzaileago bat erabili zen. Horrela, jarritako itsasgarriak testuak ziren eta funikularrak dituen bi geralekuetako bakoitzari zegokion izenarekin bat zetozen. Arestian aipaturiko araua betetzeko lerroen arteko tartea 5 cm-koa izan zen.

Oraingo honetan, Intxaurrondoko Kultur Etxetik gertu dagoen plazan baranda gisa jarritako kristaletan jardun da, Osasun eta Ingurumen Sailak jakin zuelako zenbait hegazti hil direla beirate horrekin talka eginda. Hori dela eta, 2 cm-ko zabalerako banda bertikalak jartzea erabaki du, haien artean 5 cm-ko tartea utzita, hegaztiak oztopo horretaz ohartzeko asmo argiarekin. Horretaz gain, hiru errotulu sartu dira, itsasgarriak jartzeko helburua zein den adierazteko.

Gure sailaren asmoa da hegaztiek talka egiteko arriskua izan dezaketen guneak identifikatzen jarraitzea, eta haietan ekintza berriak egitea, gerta litezkeen heriotzak saihesteko.