Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Donostiako hegazti habiagileen atlasa argitaratu da

91 espezie topatu dira

Osasun eta Ingurumen Sailak Aranzadi Zientzia Elkartea kontratatu du Hegazti habiagileen atlasa liburua idazteko eta argitaratzeko. Liburu horretan, udalerrian ugaltzen diren hegazti-espezieen banaketari buruzko informazio eguneratu eta zehatza biltzen da.

Monografia honekin lau urtean egindako lan bat burutu da: landa-prospekzio sakon bat egin da, eta, ondoren, datuak aztertzeko eta idazteko lan zehatz bat. Hegaztien errolda egiteko, 500 × 500 m-ko gelaxkak zituen lauki bat prestatu zen, eta, horren ondorioz, 329 gelaxka sortu ziren hirian. Atlasak 2016tik 2020ra bitartean (5 urte) bildutako aipuak jasotzen ditu, baina landa-lan gehiena 2017tik 2018ra egin zen.

 

Txolarreak, espezierik ohikoena

Guztira, hegazti habiagileen 91 espezie hauteman dira. Nabarmentzeko modukoa da zifra hori, Gipuzkoa osoan 125 espezie inguru baitaude. 91 espezie horietatik, 15 Europako espezie mehatxatuen edo kontserbaziorako espezie lehenetsien zerrendetan agertzen dira. Espezie mehatxatuenen artean, aipatzekoak dira miru gorria, ubarroi mottoduna, txirritxo txikia eta uhaldeenara. Bestalde, espezie batzuk, hala nola antzandobi arrunta eta landatxolarrea (azken horren senide hurbila da etxe-txolarrea, hura baino ezagunagoa), oso urriak dira udalerrian, eta, gainera, atzeranzko joera dute Euskadin, landazabal atlantiko tradizionalaren eraldaketaren ondorioz.

Udalerriko espezierik ohikoena etxe-txolarrea da: 28.000 ale daudela zenbatesten da. Horren atzetik, zozo arrunta eta txantxangorri europarra ageri dira (10.000 ale bakoitzeko). Askoz atzerago, badira beste espezie batzuk ere, parke eta lorategietan oso ohikoak, hala nola kaskabeltz handia (3.000 ale inguru daudela zenbatesten da).

Beste muturrean, espezie urrienak daude. Espezie handiak dira, hala nola kaio beltz atlantikoa eta miru gorria, eta horietatik bikote bakarra detektatu da. Gaueko harraparietatik, mozolo europarretik zehazki, bikote bakarra hauteman da.

Liburua Aranzadiren webgunearen bidez (online salmenta) edo liburu-dendetan erosi ahal izango da.