Eduki publikatzailea

Ekainaren 5a, Ingurumenaren Mundu Eguna

Naturaren arrakasta Artikutzan

2019. urtean Donostiako Udalak Artikutza finka erosi zuen, Goizuetan (Nafarroan) dagoena, hain zuzenDonostia edateko urez hornitzea izan zen erosketaren arrazoia. Kalitatez eta kantitatez, oso egokia zen ur hura. Garai hartan, adituek diotenez, Artikutzaren itxura eta egoera oso bestelakoa zen. Industria jarduera handiko lekua zen, eta naturak haren eragina pairatzen zuen.

Ia hasieratik uraren azpiegiturekin arazo geologikoak izan zirenez gero, hasierako helburua, presa handia eraikitzearena, ezin izan zuten bete; horregatik, ibaian behera jo behar izan zuten, eta helburua izan zen Añarbeko eremuan ura bilatzea. Harrez geroztik, Artikutzako etxaldeak hamarkada lasai batzuk bizi ditu.

Artikutzak azkeneko mendean zehar inguruko eremuekin alderatuz kudeaketa oso kontserbatzailea izan du. Hasieran, horren helburua uraren kalitatea mantentzea zen, eta Añarbeko urtegia erikin ondoren, guneak funtzio zehaztzarik ez zuenez, kudeaketa irizpide falta izan zen. Horretaz gain kokapen biogeografiko atlantiarra du, tenperatura epel eta euri askorekin, eta orografia oso malkartsua duela, Artikutza natura eta biodibertsitate aldetik oso eremu aberatsa bilakatzea eragiten du.

Hori dela eta, Natura 2000 Sarean barneratuta dago eta 2015ean, Artikutza-ES2200010 Kontserbazio Bereziko Eremu (hemendik aurrera KBE bezala) izendatua izan zen, KBE ( 264/2015, Agindu Forala, abenduko 2 koa).

Habitat mota asko izateak Artikutza naturaren aldetik oso interesgarria izatea dakar, eta besteak beste, 92/43/CEE Zuzentarauko II eta V Eranskinetan eta Nafarroako Landare mehatxatuen katalogoan (94/1997 Dekreto Forala, apirilako 7koa) agertzen diren espezie eta habitat batzuk aurkitzen ditugu gunean.

Artikutza KBE izendatu zen kudeaketa planean bertan flora eta fauna mehatxatuaren distribuzio eta kontserbazio egoera jakitea beharrezkoa dela adierazten da, baita horiek kontserbatzeko neurriak ipintzea eta hauek burutzea ere.

Horregatik azken urteotan hainbat ikerketa egin ditugu, habitat eta espezie desberdinen egoera ezagutzeko eta horretan oinarrituz, kudeaketa ekintza garrantzitsuak martxan jarri dira. Besteak beste, presa txikiak eta bestelako oztopoak kentzea, saguzaharren kutxa-habiak jarri eta haiek kolonizatzeko abandonatutako eraikinak egokitzea, baso exotikoak kendu etab. Hauetan parte hartu dute, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateak edo Aranzadik, eta beste zientzilari askok.

Enobietako presa desegitea

Epe honetan, gainera, natura sustatu eta babesteko ildo horretan jarraitzeko ezinbesteko erabaki bat hartu dugu: Enobietako presa desagertzea.

Hamarkada batzuk erabaili gabe pasa ondoren, udalak Enobieta urtegia (Artikutza) erabiltzea galarazteko erabakia hartu zuen eta ingurumen, lege eta egiturazko ikuspegiak kontuan hartuta, irtenbiderik onena aztertzen ari da.

2018-19an urtegia pixkanaka hustutzen joan da, erabat hustu arte. Horrela mantentzeko asmoa da, urtegiko paretarentzat irtenbiderik onena aztertu eta tramitatzen den bitartean. Gainera horrela, bitartean, lehen estalitako lurretan landarediak naturalki berreskuratzeko aukera izango du.

Oro har, lanak ingurumen aldetik oso eragin positiboak izango baditu ere, negatibo txiki batzuk ere izango ditu; hori dela eta, hustuketak ingurunean izango dituen eraginak murrizte aldera, hainbat ingurumen ikerketa egiten ari dira.

Egun, erabat hustu denetik 15 hilabete pasa ondoren, lehen urez estalita zegoen azaleran natura lan bikaina egiten ari da. Alde batetik, landaredia agertzen ari da, marroi ilun azaldu ziren lurrak , orain berde eta kolorezko loreekin jantziz. Bestetik, Enobieta errekak bere betiko bidea eta estruktura errekuperatzen ari da. Harrigarria da ikustea nola aurkitu duen berriro bere bidea lehen izandako erreka basoaren arrastoen inguruan; horrek argi adierazten du, lehen ere, hortik zihoala erreka.

Artikutza erosi eta 100 urte beranduago esan dezakegu sortutako eragin handiena, uraren erabilera hain zuzen, erabat berreskuratzeko bidean dagoela. Gunearen kudeaketa- irizpide aldaketek argi utzi dute naturak, utziz gero, bere lekua berriz hartzeko prest dagoela. Horrela, landaredia azaleran sortzeaz gain, fauna ere bereganatzen ari da lekua ( anfibioak, arrainak, intsektuak...). Adibidez, duela gutxi basakatua ikusi ahal izan genuen urtegia zegoen eremuan.

Albiste ona dugu hau, Nazioarteko Ingurumen Eguna ospatzeko!