Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Hondakinak prebenitzeko Europako astea

Donostiako Udalak bat egiten du "Donostia Xahuketarik gabe" ekimenaren bidez

Jana alferrik galtzeari kontra egitea da gure gizartearen erronka handienetako bat. Nazio Batuek, 2030eko Agendaren bidez, garapen jasangarriko hamazazpi helburu proposatu dituzte; besteak beste, alferrik galtzen den jana erdira murriztea txikizkako salmentan eta kontsumitzaileen artean.

Euskadin, Elikagaien Xahuketaren aurkako Plataforma sortu zen iaz. Plataforma horretan, Donostiako Udalak eta beste erakunde batzuek borondatez eta elkarlanean parte hartzen dute. Plataformaren konpromisoetako bat da jana alferrik galtzearen eraginaz sentsibilizatzea gizartea.

Donostiako Udalak ‘Donostia, xahuketarik gabe’ ekimena jarri zuen abian 2018an, hiru sektoretan hondakinen prebentzioa lantzeko: jatetxeak, janari dendak eta etxeak. Ekimen horren bidez, alferrik galtzen den janaria murriztu nahi da, eta herritarrak sentsibilizatu, Nazio Batuek proposatutako erronkan parte har dezaten.

Orain arte, hiriko 31 jatetxetan jarri da “Donostia, xahuketarik gabe” bereizgarria, eta “Jatetxeetarako gida. Nola egin aurre elikagaiak xahutzeari” argitaratu da, erronka horrekin bat egin nahi duten jatetxeei informazioa emateko. Udalaren webgunean aurki daitezke hala gida bera nola jatetxe parte hartzaileen zerrenda.

Aste gutxi barru, kanpainaren bereizgarria duten jatetxeek erreserbatarako webgune bat izango dute eskura. Webgune horrek aukera emango die menuak aurrez erreserbatzeko, lana hobeto planifikatu eta sukaldeko soberakinak gutxitu ahal izan ditzaten. 

Bereizgarria duten establezimenduetako batzuek jadanik egiten dituzte jana ez alferrik galtzeko hainbat praktika; esate baterako, jatetxe askotan, bukatu ez den plateretako janaria etxera eramateko aukera eskaintzen diete bezeroei. Beste establezimendu batzuetan, Too Good to Go aplikazioa dute ezarria, eguneroko soberakinak ateratzeko; modu horretara, balioa ematen diote bestela hondakin bihurtuko litzatekeen janari. Beste kasu batzuetan, jana eskala txikian emateko joera dago; horrek balio soziala eta auzoa kohesionatzekoa ematen dio irtenbide horri.
 

Jana alferrik galtzeari kontra egitea erronka handia da, baina eragileen (jatetxeak, dendak eta herritarrak) arteko elkarrekintzak areagotu dezake eragina, eta nabarmen lagundu Nazio Batuek jarritako helburua betetzen.

Informazio gehiago