Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Gizakia konfinamenduan egon arren, naturak bere bidea darama

Mota guztietako intsektuak sortzen hasi dira

Udaberria iritsi da, eta harekin batera mota guztietako intsektuak sortzen hasi dira. Dagoeneko ikus daitezke lehen erlekumeak, eta hainbat genero eta espezietako tximeleta eta liztorrak.

Azken horien artean, Europako liztorra edo kuruminoa dago, Vespa crabro; sarri, bere tamaina handiagatik, asiar liztorrarekin (liztor beltza) nahasten dena, Vespa velutina. Izenak dioen bezala, bertakoa da, eta bere neurriagatik arriskutsutzat jo bada ere, argitu behar da ez duela erasotzen bera edo habia mehatxatuta sentitzen ez badu. Gizartearen gehiengoak uste duenaren kontra, kuruminook gizakiaren alde egiten dute bai polinizazioan lagunduz (erleak, tximeletak, mariatxiak...egiten duten bezala) bai lorategi eta baratzeetan dauden izurrien aurka borrokatuz. Europako liztorraren elikadura-ohiturak dira kontrol biologikoa egitea ahalbidetzen dutenak; izan ere, beste intsektu txikiagoak jaten dituzte. Horrela, intsektuentzat eta beste animalientzat zein gizakiarentzat berarentzat, hain kaltegarriak diren pestizidak erabiltzea saihesten dute.

Duela urte batzuk, onura horien jakitun, eta europako liztor populazio gero eta txikiagoa dela eta, Alemania eta Austria bezalako herrialdeek kuruminoa legez babestea erabaki zuten. Horrela, besteak beste, justifikaziorik gabe habia kentzea isun handiekin zigortzen dute, eta, aldi berean, kaxak jartzen dituzte kuruminoaren erreginak habia bertan sor dezan.

Zenbait erlezainek erlauntzetatik gertu liztor-kaxak jartzen dituzte, prebentzio neurri gisa, jakin badakitelako liztorrak abaraska-sits handiak (Galleria mellonella L.) harrapatuko dituela gauez, eta hori erleen erlauntzei eragiten dien izurriteetako bat dela.

Agian, konfinamenduak gure balkoietan eta leihoetan ditugun landareetan intsektuak ikusteko balioko digu, horien artean liztor europarra; eta, oraingoan, izutu beharrean, bere bidean jarraitzeko aukera emango diogu.