Breadcrumb

Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

45. Julián Rezola panteoia

Trinitate Guztiz Santua 1-3
  • Urtea: c. 1945
  • Sustatzailea: Julián Rezola
  • Arkitektoa: Altuna
  • Egilea: Altuna

Joera arrazionalista. Goiburua osatzeko, triptiko gisa antolatuta dauden elementu maklatuak jarri dira. Hodi itxurako segmentudun erregistroak erabilita, gorputz bakoitzaren eginkizuna hobeto markatzen da: erdikoa Gurutzearen bertikaltasunaren ─igoera─ luzapena da, eta alboetako gorputzak aldiz, horizontalean daude hildakoen erregistroa jasotzeko, eta hala, itxaronaldian zehar hartzen den atsedena irudikatzen dute. Familia Karmengo Ama Birjinaren izenpean jarri zen.

Julián Rezola Zabaleta *1894 Donostia +1975 Donostia, Ricardo Rezola Olasagastiren (Santa Katalina, 46) bigarren semea izan zen. Rezolatar familia zementu-egilearen hirugarren belaunaldikoa zen, eta bere ibilbide profesional osoan zehar, kargu garrantzitsuak bete zituen familiaren enpresan. Formazioz, industria ingeniaria izan zen, eta Cementos Rezolako ingeniarien buru 1929tik aurrera; Administrazio Kontseiluko kide 1933tik aurrera, zuzendariorde gerente 1955etik aurrera, eta azkenik, zuzendari nagusi 1967an. Kargu hura bete zuen 1974 arte, gerora heriotzara eramango zuen gaitzak betebehar haiek uztera behartu baitzuen une hartan.

Konpainiara sartu zenean, finkatuta zegoen erabat, baina une hartatik aurrera, eta bereziki, gerra zibilaren ondoren, hazi eta hazi egin zen. 1947an, Rezola zen Espainiako lehen zementu-etxea, eta 70eko hamarkada hasiera arte, hazkundearen zifrak ikusgarriak izango ziren. Baina Julián Rezolari krisiaren lehen urteak ezagutzea egokituko zitzaion oraindik. 1971tik aurrera, diru-sarrerak murriztu egin ziren; izan ere, merkatu nazionalaren eskaria txikitu egin zen, eta kanpoko lehia handitu. Zementua stocketan metatzen hasi zen, eta petrolioaren krisiak gainbehera geldiezin bat ekarri zuen.

Beste alderdi batean ere nabari izan zitzaion proiektu filantropikoak zituzten enpresari tradizionalen ohiko espiritu hura; izan ere, bizitoki izan zuen Añorga auzoko langileen koloniagatik arduratu zen.

Haren emazte Celia García Salaignac (1900-1989) Pablo García Avecilla abokatu eta enpresariaren alaba zen.

Juliánen seme José Miguel Rezola Garcíak, 1985etik aurrera, zuzendari nagusiaren kargua bete zuen, eta huraxe izan zen abizen hark enpresan izan zuen azken ordezkaria. Une hartatik aurrera, sektorea unerik zailenetako batean zegoenean, Cementos Rezola beste enpresa handi batzuek bereganatu zuten pixkanaka; lehenbizi enpresa frantziarrek, eta gero italiarrek. Rezola abizena zuzendarien artetik desagertu bada ere, izen komertzial gisa behintzat huraxe gorde dute.

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea