Breadcrumb

Polloe hilerrian bisitatzeko puntuak

Polloe hilerriko bisitatzeko puntuak

Eduki publikatzailea

Mapa PDF-an deskargatu

15. Pedro Alejandrino Irureta

Santa Klara 66 - 70
  • Jabea: Pedro Alejandrino Irureta Artola

Marmolezko plaka xume batek adierazten du hemen Pedro Alejandrino Irureta Artola (*1854 Tolosa +1912 Donostia) ehortzi zela. Jaioterrian bertan hasi zuen prestakuntza artistikoa, Laureano Gordón margolari, grabatzaile eta argazkilari ezagunarekin. Gasteizko Arte Ederren Akademian jarraitu zuen trebatzen, eta Bartzelonako La Lonja-ko Eskolan eta San Fernandoko Arte Ederren Eskolan, Madrilen. Han, Villegas eta Madrazoren ikasgaiak jaso zituen, besteak beste. Hark, Alejandrinok aurkeztutako proba baten aurrean, epaimahaiak ez ziola oniritzirik ematen ikusita, hauxe aipatu zuen: "Iruretaren ariketa estudiorik onena da, haren irudi biluziak apartekoak dira eta zorionik beroenak ematen dizkiot". 1870ean Erromara joan zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak bidalita, eta han José Ignacio Luis Echenagusia ‘Echena' bere lagun min eta margolariarekin bat egin zuen.

Madrilen 1881ean egin zen Arte Ederren Erakusketan, haren Ondina lanak hirugarren mailako domina jaso zuen. Koadroa Banca Bauer-eko Ignacio Bauer-ek erosi zuen, eta gainera, Sustapen Ministerioak kopia bat eskatu zion Iruretari. 1884ko urrian marrazketako irakasle izendatu zuten Donostiako Arte eta Ofizioen Eskolan, eta eskola hartan, bere antzinako irakasle Rogelio Gordón-en semearekin bat egin zuen, hango zuzendari baitzen. Eskola hartan jardun zuen handik aurrera, eta 1910ean zuzendariorde izendatu zuten. Probintzia Aldundiak Gipuzkoa Plazan izango zuen egoitzarako Presidentzia Aretoa apaintzeko enkargua eman zion; alabaina, zoritxarrez, aretoa desagertu egin zen 1885ean inauguratu eta gutxira, sute bat gertatu baitzen. Hala ere, handik gutxira eraikin horren erdiko eskaileraren gainean, ganga batean, Diosa Fortuna margotu zuen, eta gaur egun hantxe ikus dezakegu. 1886an Gregoria Abonz Gorritirekin ezkondu zen. Idiakez kalean zuen lantokia, eta handik pasatu ziren hainbat artista, besteak beste Sorolla, Benlliure, Sarasate, Pradilla edo Echena.

1900ean Donostiako merkatariek, uda garaia amaitutzat emateko, kabalgata bat antolatu zuten, eta bertan, artista gremioek beren irudimena askatu ahal izan zuten, esaterako, Alejandrinok berak. Garai hartako egunkari baten arabera, ‘Gipuzkoako margolarien artean goren hegan egiten zuena" zen, eta berak egin zuen Easo Ederraren tronua, haren gurdia, amaitzear zen urtaroaren ikurra; tximeleta eder batez irudikatu zuen, eta gari eta mitxoletazko zelai baten gainean jarri zuen. Urte hartan bertan, bi lan eman zituen ezagutzera, eta Rocaverdeko markesak enkargatutako koadro bat nabarmendu zen bereziki. Mihise hartan, familia bereko lau belaunaldi marraztu zituen; haiekiko antza, Francisco López Alén margolariaren arabera, ezin zehatzagoa zen. Halaber, horma-irudi bat ere egin zuen, Kontxako pasealekuaren irudi eder bat, Café del Norte ospetsurako. Lokal hura 1905eko udarako ireki zuten, eta horma-irudia bat zetorren garai hartako Donostia bainuetxe-hiriaren kutsu modernistarekin.

Alejandrinok Lore Jokoen antolakuntzan parte hartu zuen, eta proba artistikoetako epaimahai ere izan zen. Gaur egun, haren obretako batzuk San Telmo Museoan ikus ditzakegu, Alejandrinok gogor egin baitzuen lan museo harentzat, lan haiek ekoizteko.

1912ko abuztuaren 27an, depresio larri batek jota, bere buruaz beste egin zuen. Garai hartako prentsaren arabera, urte hasieran bere lagun min 'Echena' hil izanak sortu zion malenkonia hura, eta horrez gain, Pariseko Arte Ederren erakusketarako lan bat egiten gorputz eta arima jardun ostean, lan hura baztertua gelditu izanak. 

Beste bisitatzeko tokiak

BESTE BISITATZEKO TOKIAK

Eduki publikatzailea