Breadcrumb

Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoa

Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoa

 

Abiatu da Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoa garatzeko prozesua:

BARRUTIKO PLAN ESTRATEGIKOA OSATZEKO PROZESUA

Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoaren helburua da lortu nahi den barruti-ereduari buruz hausnartzea, eta datozen urteetan bultzatu beharreko ekintza-ildoak eta horiek lortzeko urratsak adostea.

Ekialdeko Barrutia osatzen duten hiru auzuneek, Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta-Mirakruz , bizitza eta idiosinkrasia propioa dituzte, eta, beraz, ezinbestekoa da komunitate-kontzientzia sortzea ikuspegi bateratua behar den eremuetan. Gainera, eguneroko arazoei irtenbidea ematetik haratago joatea du helburu. Garrantzitsua da Barrutiarentzat lehentasunezkoak diren proiektuak zehaztea (ez soilik azpiegitura fisikoak), funtsezko giltzarriak eta lehenetsi beharrekoak baitira honen garapenerako.

Bestalde, planteamendu hori errealitate bihurtu eta gauzatu dadin, ezinbestekoa da Plan Estrategikoaren baitan adostutako norabidean bideragarriak eta eraginkorrak diren proposamenak biltzea. Ekialdeko Barrutirako funtsezko arloak aztertu behar dira eta alderdi sektorialak kontuan izan, udaleko sailekin, auzoko elkarte zein gainerako erakundeekin, eta herritarrekin elkarlanean.

Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoa

 

 

PARTAIDETZA PROZESUA

Azken hilabeteetan Ekialdeko Barrutia bere osotasunean eta hura osatzen duten hiru auzoen egoera aztertu ondoren, Donostiako Estrategia Bulegoaren eta Ekialdeko Barrutiko Udal Batzarraren laguntzarekin, hurbilketa diagnostiko bat egin da, 2030DSS Estrategiaren baitan hiriarentzat egindako diagnostiko globalean oinarrituta.

Hala, Diagnostiko Lantaldeak egindako eskaritik abiatuta, apirilean aurkeztu zen Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoa egiteko proposamena.

Paisaje Transversal enpresaren laguntzaz herritarrekin lanketa bi fasetan egingo da:

    • UZTAILA BITARTE: Lehenengo fasea uztailera arte luzatuko da, eta diagnostikoa osatzeko hainbat elkarrizketa, lan-saio eta dinamika parte-hartzaile izango dira.

    •  IRAILA-AZAROA BITARTEAN:  Udaleko teknikariekin kontrastatu eta diagnostikoa aurkeztu ondoren, uda ostean, esparru estrategikoa, jarduerak, programak eta proiektuak zehazteko faseari ekingo zaio.

    •  2023ko LEHEN HILABETEETAN:  Ekintza-plana eta ebaluazio-sistemak aurkeztuko dira, proiektua garatzeko lanei amaiera emanez.

 

Ekainaren 21ean Ekialdeko Barrutirako Plan Estrategikoa osatzeko prozesua aurkeztu zen

Martin Ibabe Ekialdeko Barrutiko Batzordeko lehendakari eta Donostiako Udaleko Kiroletako, Herritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotzi ordezkariak; Kepa Korta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendariak; eta Jon Aguirre proiektuaz arduratzen den Paisaje Transversal enpresako arkitekto urbanistak agerraldia egin zuten ekainaren 21ean, Tomasene kultur etxean, Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoaren proiektua aurkezteko.

Ekialdeko Barrutiko Plan Estrategikoa /Plan Estratégico Distrito Este
Irudia: Mikel Blasco

Plan Estrategikoari dagokionez, zailtasunei aurre egiteko tresna erabilgarri bat sortzeko beharra azpimarratu zuen Aguirrek. Gainera, berau ezartzeko metodologiak eta eragileen inplikazioa definitzea funtsezko alderdiak izango dira Barrutia eraldatuko duten ekintza-ildoak eta proiektuak lantzeko orduan. Kortak, bere aldetik, hiri osoaren garapenean jarri du arreta: “Donostiak 2030 Plan Estrategikoa landu du, hurrengo hamarkadarako ekintza-ildo eta proiektu nagusiak biltzen dituena. Barrutiaren kasuan, ezinbestekoa izango da auzotarrek lehen unetik parte hartzea, prozesua aberastu dezaten eta auzoaren zuzeneko ikuspegia eman dezaten”.

Parte-hartze tailerra ekainaren 30ean

Ekainaren 30ean Barrutiko bizilagunei irekitako parte-hartze tailer bat egin zen Intxaurrondoko kultur etxean. Saioaren helburuak hiru izan ziren: herritarrak Barrutiaren Plan Estrategikoa egiteko prozesuaren inguruan informatzea eta sentsibilizatzea, haien ekarpenekin diagnostikoa kontrastatzea eta aberastea, eta proiektuaren esparru estrategikoa bideratzeko erronka nagusiak identifikatzea.

Parte hartze prozesua argazkia

Irudia: Ulises Proust 

    

Horretarako, planaren proiektuari eta orain arte egindako lanari buruzko azalpenarekin hasi zuten saioa. Lehen diagnostiko bat garatzeko aurreikusitako ekintzen egutegia partekatu zuten bertaratuekin, eta herritarrek prozesuan parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuten, bizitoki duten eta hain ondo ezagutzen duten inguruneari lotutako kezkak, beharrak eta ikuspuntuak ezagutarazteko.

Ondoren, orain arteko prozesuan identifikatutako atal nagusien inguruan lan egin ahal izateko, bi mahaitan banatu ziren parte-hartzaileak. Hauk ziren landu zituzten gai nagusiak:

  • Ingurumena eta klima-aldaketa
  • Hirigintza
  • Mugikortasuna
  • Baliabideen kudeaketa
  • Hiri-ekonomia
  • Etxebizitza
  • Aniztasuna, bizikidetza eta berdintasuna
  • Osasuna, ongizatea eta zaintza
  • Aisia, kultura, kirola, hezkuntza eta euskara
  • Digitalizazioa
  • Gobernantza

Parte-hartzaile askok bat egin zuten auzoek dituzten arazoak mahai gainean jartzerako unean, espazio bakoitzak bere idiosinkrasia eta berezitasunak dituen arren.

Herritarrek ohar laburretan adierazitako informazioa jaso eta horren inguruan luze eztabaidatu ondoren, aholkularitza-enpresak proiektuaren lan-taldeari helaraziko dizkion eta planaren diagnostikoan barneratuko dituen ideia nagusien laburpenarekin amaitu zen tailerra.

Saioan parte hartu ezin izan zutenek zein ekarpen gehiago egin nahi zituztenek horretarako aukera eduki zuten online galdetegi baten bidez.