Udal zerbitzu eta jarduerei dagozkien tasak 2020

UDAL ZERBITZU ETA JARDUEREI DAGOZKIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ZERGA ORDENANTZA




1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak xedatzen duenarekin bat, udal zerbitzuak eman eta udal jarduerak burutzeari dagozkion tasak arautu eta ordainarazi egiten dira.


2. art.- Egitate zergagarria

Batez ere subjektu pasiboentzat diren, haiengan eragina duten edo haientzat onuragarri diren udal zerbitzu eta jarduerak dira egitate zergagarria, baldin eta subjektu pasiboek berek zuzenean edo zeharka eragin badituzte, hau da, egin dutenagatik edo egin beharrekoa ez egiteagatik Udala behartu badute ofizioz zerbitzuok eman edo jarduerok egitera. Hona hemen zerbitzu eta jarduera horiek:

1.- Hondartzetan emandako zerbitzuak

2.- Sanitate zerbitzuak

3.- Pertsona eta ondasunentzako babes eta prebentzio zerbitzuak: harrera zerbitzuak, suteak itzaltzea, eraikuntza, eraisketen eta hondakinen prebentzioa.

4.- Dokumentuak, kartografia eta aireko argazkiak kopiatzeko zerbitzuak.

5.- Txostenak egiteko zerbitzuak

6.- Artikutzako zerbitzuak

7.- Garraio berezietan, ikuskizunen antolaketan eta antzekoetan laguntzeko zerbitzua

8.- Hesien eta aldamioen ikuskatze eta zaintza zerbitzuak

9.- Mugikortasun Departamentuaren zerbitzuak

10.- Hiri garraio zerbitzua

11.- Ingurumen zigilua

12.- Udaltzaingoaren zerbitzuak

13.- Autobus Geltokian nahitaez eman beharreko zerbitzuak


3. art.- Sortzapena

Honela ordaindu dira:

1.- Zerbitzua hastean, Udalak esku hartu edo espedientea hasteko eskabidea aurkeztean edo udal jarduera legez derrigorrez egin behar izatekotan. Eskabidea aurkeztean, aurretik tasa gordailua egin edo, behar izanez gero, xedaturiko eginbeharrak beteko direlako bermeak eratzeko eskatuko da.

2.- Urtero, urtarrilaren 1ean, tasaren ezaugarriek berek aldian-aldian kobratzeko eskatzekotan.


4. art.- Zergaldia

Udal zerbitzua edo jarduera aldizka eman edo egiten bada, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da tasa ordaindu beharra eta zergaldiak urte osoa iraungo du, erabilera edo aprobetxamendua hasi edo amaitzen denean izan ezik. Horrelakoetan, bai gorabehera horiek bai Ordenantzaren eranskinean tasen zenbatekoa arautzen denean aipatzen diren ezaugarriak kontuan hartuko dira zergaldia finkatzeko.

5. art.- Subjektu pasiboa: zergapekoak

Honakoak dira, zergapeko gisa, tasen subjektu pasiboak, beti ere zergagaia diren zerbitzu edo jarduerak eskatu edo haiek sortutako onura edo eragina jasotzen badute: gizakiak eta zuzenbide izakiak, banatu gabeko herentziak, ondasun elkargoak eta zuzenbide izaerarik ez duten gainontzeko erakundeak, baldin eta ekonomi unitate bat edo zergagarri izan daitekeen aparteko ondasun bat osatzen badute.

Zerbitzuak edo jarduerak ez badituzte partikularrek eskatu baina haiek zerbait egiteagatik edo egin beharrekoa ez egiteagatik sortu bada zerbitzu edo jardueron beharra, egite edo ez egite horiek egozten zaizkienak izango dira subjektu pasiboak.


6. art.- Subjektu pasiboa: ordezkoak

Honakoak dira, ordezko gisa, tasen subjektu pasiboak (ordezkoek tasak onuradunei ordainarazi ahal izango dizkiete):

1.- etxebizitzak edo lokalak okupatzen dituztenentzat onuragarri diren edo haiengan eragina duten zerbitzu eta jardueren kasuan, eraikinen jabeak

2.- prebentzio zerbitzuen eta pertsonak eta ondasunak babesteko zerbitzuen kasuan (su itzalketa, eraikuntza, eraiste eta hondakinen prebentzioa), arriskua aseguratzen duten erakunde edo sozietateak.


7. art.- Salbuespenak

Kartografia digitala, edo antzeko teknikekin egindakoa, eskuratzeko tasatik salbuetsita izango dira: Lurraldeko Herri Administrazioak, Euskal Herriko Unibertsitatea, Udalak dokumentu urbanistikoak egiteko hartzen dituenak eta Udalak lan bat egiteko orduan hartutako dokumentazioa eguneratuta itzultzea eskatu eta hala ekarriko dutela agintzen duten profesionalak.


8. art.- Zerga kuotak

Kuotak ordenantza honen eranskinean ageri dira.

Baldintzen orrian, baimenean eta honen eranskinean ageri diren aldiak ezin dira murriztu, aldizkako sortzapena duten tasak hasi edo amaitzen direnean izan ezik. Kasu horretan kuota hainbanatuko da zerbitzua edo jarduera erabili izan den aldia kontuan izanda.


9. art.- Tasak ordaintzea

Tasak epe hauetan ordainduko dira:

1.- Modu iraunkorrean eman edo egin eta errolda edo erregistro bidez kudeatzen diren zerbitzu eta jarduerak, dagokion errolda edo erregistroa jendaurrean erakusten denean ezartzen den epean ordainduko dira.

2.- Emakida bidez eman edo egiten diren zerbitzu eta jarduerak, baldintzen orrietan edo Ogasun Arloko zinegotzi ordezkariaren ebazpenean ezartzen den epean.

3.- Lizentzia bidez eman edo egiten diren zerbitzu eta jarduerak, lizentzia eman baino lehen, lizentzia emateko izapidea ez baita egingo tasa ordaindu baino lehen.

4.-Bestek eskatuta egiten diren zerbitzuak eta jarduerak, hartarako adierazitako kontu korrontean, eta, betiere, zerbitzuak edo jarduerak egin aurretik edo erabiltzaileen elkarte edo taldeekin izenpetutako hitzarmenean jarritako epean




10. art.- Tasak itzultzea

Subjektu pasiboari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiak direla eta, zerbitzua edo jarduera ez bada eman edo egiten, dirua itzuliko zaio.


11. art.- Gestioa

1.- Udalak tasak autolikidazio sisteman eskatu ahal izango ditu.

2.- Udalak, tasen ordainketarekin batera, aldez aurreko fidantzak eskatu ahal izango ditu, betebeharrak beteko direla bermatzeko.

3.- Udal zerbitzuak eman eta jarduerak egin nahi dituztenek honako betebeharrak izango dituzte:

a) Udalaren baimena eskuratzea

b) Baldintzen Orriak sinatzea, halakorik egonez gero, ezarritako baldintzekin eta bete beharrekin bat datozela adierazteko

c) Tasen gainean eragina duten aldaketen berri ematea, aldaketa egin eta hamabost egun iragan baino lehen.

4.- Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrean, Zerga-bilketa Arautegian eta horiek garatzeko arauetan kudeaketa, likidazioa, ikuskaritza, zerga-bilketa, arau hauste eta zehapenei buruz ezarritako arauak bete behar dira tasa hauei dagokienez.


Azken xedapena

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Udal Zerbitzu eta Jarduerengatiko Tasak eta bere eranskina arautzen dituen Ordenantza 2015eko urriaren 15ean egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 240. GAOn 2015eko abenduaren 16an argitaratu ziren.

Bere Eranskina 2019ko irailaren 26an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zen eta bere aldaketa 232.GAOn 2019ko abenduaren 4an argitaratu zen.