Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko Zerga (EILZ)

ERAIKIN, INSTALAZIO ETA LANEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEKO ORDENANTZA FISKALA



1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauan eta 15/1989 Foru Arauan xedatutakoaren arabera, Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko Zerga erregulatu eta galdatu egiten da.


2. art.- Egitate zergagarria

Zerga honen zergapeko egitatea edozein eraikuntza, instalazio edo lan izango da, baldin eta horretarako lan edo hirigintza lizentzia behar bada hori lortu edo ez, edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiko komunikazioa eskatzen bada, betiere lizentzia igortzea edo jarduera kontrolatzea zergaren udalari dagokionean.


3. art.- Egitate zergagarriaren adibide batzuk.

Ondokoak izango dira zergari loturiko egitate zergagarrien adibide batzuk:

1. Planta berriko mota guztietako eraikin edo instalazioak eraikitzeko lanak.

2. Eraikita dauden mota guztietako eraikin edo instalazioak handiagotzeko lanak.

3. Eraikita dauden mota guztietako eraikin edo instalazioen egitura aldatzeko edo zaharberritzeko lanak.

4. Eraikita dauden mota guztietako eraikin edo instalazioen kanpoko itxura aldatzekoak.

5. Edozein erabilera dutelarik ere, eraikinen barru-antolaketa alda dezaketen lanak.

6. Lurzoruaren Legearen Testu Bateratuko 58. artikuluko 2. atalak aipatu eta behin-behineko izaeraz burutu beharreko lanak.

7. Zerbitzu publikoak ezartzeko lanak.

8. Lur-mugimenduak, hala nola baso-inauste, zulatze eta lurreztatzeak, non eta ekintza hauek onetsi edo baimendutako Urbanizazio edo Eraikitze Proiekturen batean burutu beharreko lan gisa xehekatu eta programaturik ez dauden.

9. Eraikinak eraistea, hur-hurreko aurri jotakoak ezik.

10. Aparkaleku, industri, merkatari edo lanbidezko jardueretarako, zerbitzu publikoetarako edo lur-azpiari emango zaion beste edozein erabileratarako lurpeko instalazioak.

11. Bide publikotik ikus daitezkeen zabalkunde-kartelak jartzea.

12. Administrazio Jardunbidearen Legeko 106. artikuluan aipaturiko ordezkapen bidezko jardunbidea erabilirik Udalak egindako lanak.

13. Lurzoruaren Legeko 181. artikuluaren eta Hirigintza Diziplina Araudiko 10. artikuluaren betetze-aginduez bat egindako lanak.

14. Ahalmen ekonomikoaren adierazgarri izan eta hirigintzazko lanen lizentziari loturiko baliabide ekonomikoak inbertitu direla adierazten duen edozein lan, eraikin edo instalazio.


4. art.- Sortzapena

Eraikina, instalazioa edo lana hasten den unean ordaindu beharko da zerga.


5. art.- Lotespenik gabe.

Ez dute zerga honenik ordaindu beharrik izango Udal honen jabariko higiezinetan egiten diren eraikuntzek, obrek eta instalazioek, baldin eta obraren jabea Udala bada, bai zuzenean, bai Udalaren baitako erakunde beregainen baten bitartez, bai Udalak parte duen erakunderen baten bitartez.


6. art.- Salbuespenak

Ez du zerga honenik ordaindu beharrik izango, nahiz eta edozein eraikuntza, obra eta instalazio egin, obraren jabea erakunde hauetakoren bat bada:

1.- Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Autonomia Erkidegoa, Estatua edo Toki Erakundeak, betiere, zerga honena ordaintzea egokitu arren, bideak, trenbideak, portuak, aireportuak, obra hidraulikoak edo saneamendua egiteko badira, nahiz eta horien gestioa erakunde beregain batek egin eta inbertsio edo artapen lanak izan.

2.- Vatikanoa, Apezpiku Batzarra, Elizbarrutia, Parrokiak edo beste barruti batzuk, Erlijio-Ordenak edo Kongregazioak nahiz Bizialdia Kontsakratutako Erakundeak, haien Probintziak edo Etxeak, betiere Estatuaren eta Egoitza Santuaren artean 1979ko urtarrilaren 3an gai ekonomikoei buruz lortutako akordioan aurreikusitakoaren arabera.


7. art.- Hobariak

Eraikuntza,instalazio edo obren gaineko kuotaren %95eko hobaria izango dute, beroa edo argindarrra ateratzeko eguzkiaren energiaz baliatzen diren sistemak jartzeko aurrekontu zatiaren gainean, betiere aplikatu beharreko araudian ezarritako baino %25 gehiago bada eta etxeko edo eraikineko ur beroaren erdia behintzat ateratzen badute handik. Eguzkiaren energia argindarra ateratzeko erabiltzen bada, indarrean diren legeetan jarritako baldintzak betez gero izango da hobaria (6.25 KW nominal behintzat izatea)

Hobari hau aplikatzeko, zerbitzuan jartzeko baimena eta/edo mantentze kontratua ekarri behar dira , egiaztagiri gisa.



8. art.- Subjektu pasiboak: zergadunak

1.- Zerga honen subjektu pasiboak dira, zergadun gisa, pertsona fisikoak, juridikoak, partitu gabeko oinordetzak, jabetza komunitateak nahiz gainerako erakundeak, izaera juridikorik izan ez arren unitate ekonomikoa edo zerga ezartzeko moduko ondare banandua eratuz gero; baldin eta eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabe ere izanez gero, eraikinaren edo higiezinen jabe izan edo ez izan.

2.- Eraikuntza, instalazioa edo obra egiteak dakarren gastuari heltzen diona da eraikuntza, instalazio edo obraren jabea.


9. art.- Ordezkoak

1. Zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat hartuko dira egoera hori erantzukizunenez adierazten dutenak, aldez aurretik jakinarazten dutenak edo lizentziak eskatu edo eraikinak, instalazioak edo lanak burutzen dituztenak, zergadunak berak ez balira.

2. Edonola ere, Udalak zergadun izaera duen pertsona edo erakundearen nortasuna eta helbidea galdatu ahal izango dizkio zergadunaren ordezkoari.


10. art.- Zerga-oinarria

1.- Zergaren oinarria da eraikuntza, instalazioa edo obra egitea benetan kostatzen dena; exekuzio materialaren kostua, alegia.

Zergaren oinarrian ez dira sartzen BEZa eta antzeko zergak; tasak, prezio publikoak nahiz izaera publiko lokaleko ondarezko gainerako prestazioak; profesionalen ordainsariak; kontratistaren industri irabazia; ez eta exekuzio materialean sartzen ez den beste edozein kontzeptu.

2. Udalaren lizentziarik gabeko eraikin, instalazio eta lanak izatekotan, Udal Administrazioak berak finkatuko du oinarri zergagarria.


11. art.- Zerga kuota

1.- Zergaren oinarriari eranskinean adierazitako karga tasa eta hobaria aplikatuta, hobaririk izanez gero, ateratzen da kuota.

2.- Eranskinean datoz eraikuntza, instalazio edo obra bakoitzaren arabera izango diren ehunekoak.


12. art.- Kitapenaren bidezko kudeaketa.

1. Zerga hau autolikidazio-erregimenean galdatzen da.

2. Autolikidazioa Udalak normalizatutako inprimakian egitera eta horretarako seinalatutako kontu korrontean abonatzera behartuta daude subjektu pasiboak, hamar laneguneko epearen barruan, lizentzia eman dela jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

3. Zergaren subjektu pasiboa eta hirigintzako lizentzia tasa ordaintzen duena pertsona bera direnean, autolikidazioa, halabeharrez, ekintza berean egin behar da, eta bi zergen gainean.

4. Oinarri zergagarria zehaztuko da interesatuek aurkeztutako aurrekontuaren arabera, baldin eta kolegio ofizialak ikuskatu baldin badu. Bestela, udal teknikariek zehaztuko dute oinarri zergagarria, proiektuaren kostu balioetsiaren arabera.

5. Subjektu pasiboak daukaten lizentzia Udal Ikuskaritza Zerbitzukoei erakustera behartuta daude, burutzen ari diren lanak lizentziarekin bat datozela egiaztatzera etortzen direnean.

6. Lizentzia emateko, interesatuei udalak luzaturiko ordainketa-ziurtagiria aurkezteko eskatuko zaie, abonua egindako bankuak zigilatua.


13. art.- Auto-kitapena aldatzea.

Lizentzia eman ondoren hasierako proiektua aldatuko balitz, aurrekontu berri bat aurkeztu beharko da, honek hasiera bateko aurrekontua gainditzen duen kopuruaren araberako autolikidazio berria egitearren.


14. art.- Behin betiko kitapena.

1. Egindako eraikin, instalazio edo lanak eta horien benetako kostua ikusi ondoren, Udal Administrazioak, bidezko egiaztapen administratiboaren bidez, hala balegokio, oinarri zergagarria aldatuko du, behin-betiko likidazioa eginda, subjektu pasiboari kopurua galdatu edo, hala balegokio, itzuliko diolarik.

2. Aurreko atalean xedatutakoaren eraginetarako, lana amaitu edo horren behin-behineko harreraren ondorengo hilaren barruan, Udal Administrazioak luzatuko duen inprimakian egoera horren adierazpena aurkeztuko da, ahalbidea izanez gero, lanaren zuzendaritza adituaren ziurtagiria erantsiriko zaiolarik, eskuduntza duen lanbide-erakundeak ikuskaturik.


15. art.- Isiltasun bidez emandako lizentzien eraginak.

Zerga likidatzearen eraginetarako, isiltasun administratibo positiboa erabilita emandako lizentziek zuzenki emandakoen eragin bera izango dute.


16. art.- Lizentziari uko egitearen eraginak.

Baimendutako lanak, eraikinak edo instalazioak egiteari utziko balio lizentzia baten titularrak, idatziz eginiko berariazko ukoz, egin zaion behin-behineko likidazioaren guztizkoa itzultzeari edo deuseztatzeari ekingo dio Udalak, baita Eusko Jaurlaritzako Hirigintza Sailari horren berri eman, honek jakin dezan eta emandako eskubideak bertan behera utz ditzan.


17. art.- Lizentzia iraungitzearen eraginak.

Lizentzia bat iraungi ondoren, likidazioa itzultzeari edo deuseztatzeari ekingo dio Udalak, salbu eta titularrak berritzeko eskatu eta Udalak baimentzen badu.




Azken xedapena

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Eraikin, Instalazio eta Obren gaineko Zerga eta bere Eranskina arautzen dituen Ordenantza 2016ko irailaren 29an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 237. GAOn 2016ko abenduaren 16an argitaratu ziren.