Udal Hilerrien zerbitzuen izaera publiko zergazkoa ez den ondare prestazioa arautzen duen Udal Ordenantza 2022

1. artikulua- Foru Arauak.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen 1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak −2019. urterako zerga neurriak onartzen dituen 2019ko otsailaren 11ko 3/2019 Foru Arauak emandako idazkeran− 20.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, izaera ez-tributarioko ondare prestazio publikotzat jotzen direnen tarifak arautu eta exijitzen dira ordenantza honen bidez.


2. artikulua- Xedea eta Izaera.

Honako hauek dira tarifaren xedea: modu hertsagarrian ezartzen diren kontraprestazio ekonomikoak, Hileta Zerbitzuak Donostia–San Sebastián SA sozietateak pertsonifikazio pribatuaren bidez zuzenean ematen dituen zerbitzuengatik jasotzen direnak.

Zehatz esan, ordenantza honen xede dira udal hilerrietan emandako zerbitzu hauei dagozkien tarifak:

1- Hileta-eskubideak bizien artean eskualdatzea, guztiz edo zati batean.
2- Hileta-eskubideak mortis causa eskualdatzea, guztiz edo zati batean, izapideak titularrak hil eta urtebete baino gehiago iragan eta gero egin badira.
3- Hileta-eskubideak mortis causa eskualdatzea, guztiz edo zati batean, izapideak titularrak hil eta urtebete iragan baino lehen egin badira.
4- Hilobiratzeko eta hilobitik ateratzeko zerbitzuak.
5- Tenplua zeremonia partikularra egiteko erabiltzea.
6- Panteoietako eta hilobietako gorpuzkiak murriztea (hilobi batekoak, lekuz aldatu gabe).
7- Gorpua gorputegian uzteagatik, eguneko edo egun-zatiko.
8- Hilerriak mantentzea, zaintzea eta garbiketa orokorra egitea.
9- Hainbat lekualdaketa egitea hilerrietan.
10- Hilobiak ostera lagatzea.
11- Administrazio-lanak.
12- Gorpuzkiak udal hilerrietan lekualdatzea.


3. artikulua- Ordaintzeko obligazioaren sorrera.

Zerbitzua ematean sortzen da tarifa ordaintzeko obligazioa. Honelakoetan jotzen da zerbitzua ematen hasia dela:
 Zerbitzu hauetan: hilobiratzea eta hilobitik ateratzea, gorpuzkiak murriztea, gorpua gorputegian uztea, hilerrietako lekualdaketak, hilobiak ostera lagatzea eta administrazio-lanak, eskabidea aurkezten denean.
 Hileta-eskubideak ematean: eskubideok ematen direnean.
 Hilerriak mantentzea, zaintzea eta garbiketa orokorra egiteko zerbitzuetan, urte bakoitzeko ekainaren 30ean.


4. artikulua- Ordaintzera behartuak.

Honakoak daude zerbitzua ordaintzera behartuta:
 Zerbitzua emateko edo hileta-eskubideak emateko eskatzen dutenak.
 Kapera, kripta edo hilobietako hileta-eskubideen titular diren aldetik, hilerriak mantendu, zaindu, garbitu eta apaintzeko zerbitzuei onura ateratzen dietenak edo zerbitzu horien eraginpean daudenak, ekainaren 30ean.






5. artikulua- Ordaintzera behartuak ez daudenak.

Kasu hauetan, ez da ordaindu beharrik izango:

 Pobrezia-egoeran hildakoak hilobiratzeko eta hilobitik ateratzeko zerbitzuak.
 Agintaritza Judizialak agindutako zerbitzuak.
 Salbuespenezko arrazoiengatik Udalak ordaindu behar dituen zerbitzuak.


6. artikulua- Tarifak.

Ordenantzaren Eranskinean ezartzen dira tarifak, zenbateko finkoetan, ematen diren zerbitzuen arabera.

7. artikulua- Tarifak berrikustea.

Udalbatzak zerbitzuengatik ordaindu beharreko zenbatekoak onartuko ditu: harrera; hilobiratzea eta hilobitik ateratzea; gorpuzkiak lekualdatu eta murriztea, gorpuak gorputegian uztea; hilerriak mantentzea, zaintzea eta garbitzea; hilobiak ostera lagatzea, eta administrazio-lanak. Horietaz gain, beste zerbitzu hauengatiko zenbatekoak ere onartuko ditu: hileta-eskubideak eman, eskualdatu eta aldatzea, eta, horren ondorioz, beren izaera juridikoarekin bat datorren dokumentuan edo zerga-ordenantzan jasotzea, emandako zerbitzuaren, aukeratutako kudeaketa juridiko-motaren eta zerbitzua ematen duen erakundearen arabera.


8. artikulua- Ordaintzeko modua.

 Hilerriak mantendu, zaindu eta garbitzeko zerbitzua errolda bat osatuz kudeatzen den aldizkako zerbitzua denez, urtero ordainduko da, errolda jendaurrean jartzeko izapidean adierazitako moduan eta epean.
 Hilobiratzea eta hilobitik ateratzea, gorpuzkiak murriztea, gorpuak gorputegian uztea, hilerrietako lekualdaketak, hilobiak ostera lagatzea eta administrazio-lanak zerbitzua eman eta gero ordainduko dira.
 Hileta-eskubideak emateko zerbitzuak izapidea egin aurretik ordainduko dira.


Xedapen Indargabetzailea.
Ordenantza hau eta tarifak eta bertan arautzen diren gainerako eskubide ekonomikoak indarrean jartzean, ordenantza honek arautzen dituen gauza guztietan, Udal hilerrietan zerbitzuak emateagatiko tasak arautzen dituen Zerga-Ordenantza indargabetuta geldituko da.

Era berean, indargabe geratuko dira udal hilerrietan emandako zerbitzuari dagozkion tasak arautzen dituen ordenantzaren zenbait zehaztapen, hala nola lagapen eta luzapen zerbitzuak, Polloeko panteoiak 75 urterako ematea eta panteoiak lagatzea, zerbitzu horiek arautzen dituen zerga ordenantzaren aldaketa indarrean sartzen denean (udal jabari publikoaren erabilera pribatiboa eta aprobetxamendu berezia arautzen dituen zerga ordenantza). Orobat, errausketa labearen prezio publikoa indarrean sartzen denean, horri buruzko zehaztapenak ere indarrik gabe geratuko dira.

EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Udal hilerrien zerbitzuari izaera publiko zergazkoa ez den ondare prestazioa eta bere eranskina arautzen dituen Ordenantza 2019ko abenduaren 19an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zirela eta .116GAon 2020ko ekainaren 22an argitaratu zen.