Trakzio mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (IZ) 2026

TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ZERGA ORDENANTZA




1. art.- Foru araudia.

Uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauan xedatutakoarekin bat, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga arautu eta galdatzen da.


2. art.- Egitate zergagarria

Zergak trakzio mekanikoko ibilgailuen titulartasuna zergapetzen du, bide publikoetatik ibiltzeko gai izanik, edozein klase, kategoria, potentzia, edukiera eta karga motatakoak, zirkulazio-baimenean helbide gisa Donostiako udalerria agertuz gero.


3. art.- Zerga-gaia

Zerga honen zerga-gaiak ondorengo trakzio mekanikoko ibilgailuak dira:

1.- Trafiko Buruzagitzan matrikulatuta daudenez gero, zirkulatzeko gai diren turismoak, autobusak, kamioiak, traktoreak, motozikletak; erakunde horrek baja ematen ez dien bitartean; baita aldi bateko baimena dutenak zein matrikula turistikodunak ere.

2.- Kapazitateagatik matrikulatzera behartuta ez dauden ziklomotoreak, atoiak eta erdi-atoiak, Industri Ordezkaritzako ziurtapena luzatzen denetik edo benetan zirkulatzen hastean.


4. art.- Lotespenik gabe.

Ez dute zerga honenik ordaindu beharko:

1.- Automobil modelo zaharrak direlako erroldatik baja emanda egonagatik era horretako automobilentzako erakusketa, sariketa edo karreretan parte hartu ahal izateko bidean ibiltzeko baimena ematen zaien automobilek.

2.- Trakzio mekanikozko ibilgailuek tarras eramaten dituzten atoi eta erdi-atoiek, 750 Kg. baino gutxiagoko zama erabilgarria eramateko modukoek.


5. art.- Sortzapena

Zergaldiko lehen egunean sortuko da zerga.


6. art.- Zergaldia

Zergaldia berezko urtea bera da, bi salbuespenekin: lehen erosketa denean, erosketa egindako egunean hasiko baita; eta ibilgailuen bajaren kasuan, orduan zergaldia Trafiko Buruzagitzak baja ematen duen egunean bukatuko baita.


7. art.- Subjektu pasiboa

Hauek izango dira, zergadun gisa, zerga honen subjektu pasiboak izango direnak: pertsona fisiko eta juridikoak, partitu gabeko herentziak, ondasun-erkidegoak eta gainerako erakundeak, nortasun juridikorik ez izan arren, zerga jartzeko moduko unitate ekonomiko edo ondare banandu bat osatuz gero, baldin eta zirkulazio-baimenean ibilgailua haien izenean agertzen bada; eta baita testamentu ahalordea erabili gabe duten herentziak ere.


8. art.- Eskatu beharrik gabe salbuetsiko direnak.

Zerga honetatik salbuetsiak: Hiritarren defentsari edo segurtasunari atxikita dauden Estatuaren ibilgailu ofizialak, Euskal Herriko Autonomi Elkartearenak, Gipuzkoako Foru Aldundiarenak eta Gipuzkoako Udal Erakundeenak.


9. art.- Eskatuz gero salbuetsita izango direnak

1.- Salbuespen hauek izateko, interesatuek berek eskatu behar diote Udalari zerga honetatik salbuestea, eta, eskaera horrekin batera, ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren kausa ere adierazi behar diote. Ondoren, salbuespeneko udal-ziurtagiria Trafiko Buruzagitzan aurkeztu beharko dute, matrikulazioa edo ibilgailuaren alta udalerri horretan izapidetzerakoan.

2.- Elbarriek berek gidatu edo haiek eramateko ibilgailuak salbuesteko, beste agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte:

a) Elbarritasun agiria, legearen arabera %33 edo elbarritasun handiagoa izatea erakusten duena, dagokion organoak emana.

b) Ibilgailuaren erabilera esklusiboaren justifikazioa.

c) Elbarritasuna dela eta ibilgailua egokitu behar izanez gero, egokitu izanaren agiria, dela fitxa teknikoan egokitzapena adierazita, dela egokitzapena egin duen tailerrak egiaztatuta.

3.- Salbuespena izango bada, Udalak onartu behar du eskaera. Onartuz gero, salbuespena eskatutako zergalditik bertatik aurrera salbuetsita izango da.

4.- Salbuetsirik izango dira:

a) Diplomaziazko ordezkaritzarako ibilgailuak, kontsul-bulegoenak, diplomaziazko agenteenak eta karrerako kontsul-funtzionario kreditatuenak, beren herrialdeetako menpekoak izan eta ikusteko moduko identifikazioa dutenak, hedaduran eta mailan elkarrekikotasuna egonez gero.

b) Estatu Espainiarrean egoitza edo bulegoa duten Nazioarteko Erakundeen ibilgailuak eta horien funtzionarioenak edo estatutu diplomatikoa duten kideenak.

c) Nazioarteko itun edo hitzarmenen ondorioz salbuestekoak diren ibilgailuak.

d) Anbulantziak eta osasun laguntzarako nahiz zauritu edo gaixoak garraiatzeko erabiltzen diren gainerako ibilgailuak.

e) Abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onartutako Ibilgailuen Araudi Orokorreko II. eranskineko A letrak aipatzen dituen mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak, desgaitasuna duten pertsonen izenean matrikulatuak.

Era berean, zerga honetatik salbuetsiko dira desgaitasuna duten pertsonen izenean matrikulatuta dauden eta haiek beste inork ez erabiltzekoak diren ibilgailuak, 14 zaldi- potentzia fiskal baino gutxiagokoak. Salbuespen hori egoerak dirauen bitartean baino ez zaie aplikatuko, bai desgaitasuna duten pertsonek gidatutako ibilgailuei, bai pertsona horiek eramateko ibilgailuei.

Aurreko bi paragrafoetan aurreikusitako salbuespenak ez zaizkie onuradun diren subjektu pasiboei ibilgailu bat baino gehiagorengatik aplikagarri izango.

Letra honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honako pertsona hauek jotzen dira desgaitutzat:

a) Desgaitasun aitortua %33koa edo handiagoa eta %65 baino txikiagoa duten pertsonak, mugikortasun urriko gabezia- egoeran direnak. Halakotzat joko dira, desgaitasun-maila aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duen urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretuko Mugikortasun Jardueretarako Mugen azpibaremoa aplikatuz, azken mugikortasun- muga %25ekoa edo handiagoa dutenak.

b) %65eko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonak.

Aurreko a) eta b) letretan sartzen diren pertsonei, mugikortasun urriko gabezia-egoera handia izan eta desgaitasun-maila aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duen urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretuko Mugikortasun Jardueretarako Mugen azpibaremoa aplikatuz azken mugikortasun-muga %75ekoa edo handiagoa lortu badute, ez zaie aplikatuko 14 zaldi- potentzia fiskalen muga, baldin eta ibilgailua gurpil-aulkian erabiltzeko egokitua badute.

Era berean, ibilgailu baten titularrak guraso- ahal, tutoretza eta kuradoretza bidez %65eko desgaitasuna edo handiagoa duen pertsona bat badu bere ardurapean, haren ibilgailua zerga honetatik salbuetsita geratuko da. Ibilgailu bat baino gehiagoren titular izanez gero, salbuespena bati bakarrik aplikatuko zaio.

Ibilgailu baten titularrak, desgaitasuna duen pertsona bat badu bere ardurapean, apartatu honetan aipatutako baldintzetan, bere ardurapeko pertsonaren desgaitasun-maila eta hark desgaitasuna duen pertsonarekin duen harremana egiaztatu beharko du Udalean.

f) Autobusak, mikrobusak eta hiri garraio publikoari zuzendutako edo atxikitako gainerako ibilgailuak, baldin gidariarena barne bederatzi leku baino gehiago badituzte.

g) Nekazaritza ikuskatzeko txartela duten traktore, atoi, erdi-atoi eta makinak.

e) Mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako ibilgailuak, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, II. eranskinaren A letran aipatuak.

h) Traktoreak, atoiak, erdi-atoiak eta makineria, Nekazaritza Ikuskaritzaren Kartilaz hornituta daudenean.


10. art.- Hobariak

1.- Hobaria eskuratu baino lehen Udalak onartu behar du hobaririk izango den ala ez, eta, hartarako, eskabidea egin beharko da. Era berean, eskabidea egindako garaiko zerga-aldian sartuko da indarrean hobaria.

2.- Kuotaren %100eko hobaria izango dute ibilgailu historikoek eta hogeita hamar urte baino gehiago dituztenek. Hogeita hamar urte horiek automobila egindako egunetik aurrera kontatutako dira, edo lehenbiziko matrikula jarritakotik aurrera, bestela.

3.-

3.1- Zerga kuotaren %75eko hobaria izango dute baldintza hauetakoren bat betetzen duten ibilgailuiek:

a) Ibilgailu hibridoa izatea (argindarrarekin eta gasolinarekin, argindarrarekin eta dieselarekin edo argindarrarekin eta gasarekin dabilen motorra ), etxetik bertatik homologatuta datorrena, ibilgailu mota bakoitzari dagokion katalizatze sistema dakarrena eta emisio kutsakorrak ahalik eta gehien murrizten dituena.

b) Etxetik dakarren homologazioaren arabera, gasa erretzen duen ibilgailuia izatea, ibilgailu mota bakoitzari dagokion katalizatze sistema dakarrena eta emisio kutsakorrak ahalik eta gehien murrizten dituena.

3.2.- Motor elektrikodun ibilgailuek zerga-kuotaren %95eko hobaria izango dute.

Hobari hau eskatu beharrezkoa da, eta, onartuz gero, hiru ekitalditan balioko du, ibilgailua matrikulatzen den datatik aurrera.

4.-

a) %40eko hobaria bost plaza edo gehiago dituen ibilgailu turismo bakar baten alde, baldin eta horren titularra familiako kide bat bada, familia hori izaera orokorreko familia ugaritzat hartzen denean indarrean dagoen legeriaren arabera.

b) %60eko hobaria bost plaza edo gehiago dituen ibilgailu turismo bakar baten alde, baldin eta horren titularra familiako kide bat bada, familia hori izaera bereziko familia ugaritzat hartzen denean indarrean dagoen legeriaren arabera.

5.-Zergaldi bakoitzean ezingo da hobari bat baino gehiago izan inoiz ere.



11. art.- Zerga-kuota

Zerga eranskinean agertzen den tarifa-taularen arabera galdatuko da.


12. art.- Hainbanatzea eta kuotak itzultzea.

1.- Lehenbiziko automobila erostekoan, behin betiko baja ematekoan nahiz automobila kendu edo lapurtu izanagatik errolda publikotik behin-behingoz baja ematekoan, hilabeteen arabera kobratuko da kuota, alta edo baja ematen den hilabetea ere sartuta.

2.- Udalak urtarrilaren 1a edo ibilgailuaren erosketa-data eta Trafiko-Buruzagitzak baja emandako data bitarteko aldiari dagokion zergaren kendura proportzionala itzuliko die horrela eskatzen duten subjektu pasiboei, aurrez ordainketaren udal-ziurtagiria aurkeztuz gero.


13. art.- Auto-kitapena eta errolda.

Autolikidazio erregimenean gestionatzen da zerga, matrikulazioaren eta zirkulatzeko baimenaren ondorioz zergan alta diren ibilgailuen gainean; eta gainontzeko ibilgailuetan Udalak urtero egingo duen Erroldaren bitartez.


14. art.- Kitapena aitortzea

Aitorpen-deklarazioak:

1.- Udaletxean aurki daitezkeen inprimaki normalizatuak erabilita egingo dira.

2.- Zerga kalkulatzeko beste elementu erantsi beharko dira, eta eskaera bakoitzerako adierazitako agiri jakinekin batera aurkeztuko dira.


15. art.- Ezartzeko arauak

1.- Tarifak erabaki eta kobratzeko orduan ibilgailu Araudi Orokorrean, xedapen osagarrietan eta beste arau hauetan datozen kontzeptuak eta arauak hartuko dira kontuan:

a) Automobilek bezalaxe ordainduko dute furgoiek, furgonetek, automobil-furgoneta erabiltzeko modukoek nahiz turismoen eratorriek (bakoitzak duen potentzia fiskalaren arabera), baldin eta 1.000 Kg. baino gutxiago eramateko baimena badute; hortik gorakoek, kamioek bezala ordainduko dute.

b) Hiru gurpileko nahiz lauko ibilgailuak motoak bezala hartuko dira, eta bakoitzak duen zilindradaren arabera ordainduko dute. Lau gurpileko arinek, dena den, moto txikiek bezala ordainduko dute.

c) Ibilgailu artikulatuetan, arrasta-potentzia daramanak eta arrastatuak diren atoiak eta erdi-atoiak bakoitzak bere aldetik eta aldi berean ordainduko dute zerga.

d) Autopropultsatutako makinek, bide publikotik trakzio mekanikoko beste ibilgailu batek garraiatu edo arrastatu gabe ibili ahal izanez gero, traktoreen tarifa ordainduko dute.

e) Automobilak eta autokarabanak ere berdin hartuko dira, eta daukaten potentzia fiskalaren arabera ordainduko dute.

2.- Zaldi-potentzia fiskala zaldi fiskaletan adierazten da, eta Ibilgailu Araudi Orokorrean, abenduaren 23ko 2.822/1998 Errege Dekretuaren V. eranskinean agindutakoari segituz jartzen da.


16. art.- Trafiko Buruzagitzaren gestioa.

1.- Trafiko Buruzagitzak matrikulazioei, bajei, eskualdaketei, helbide-aldaketei eta abarrei buruzko informazioa emango dio Udalari, honek urteko Errolda izapida dezan.

2.- Trafiko Buruzagitzak ez du ibilgailuaren baimena luzatuko aurretik zerga ordaindu dela frogatzen ez bada.

3.- Trafiko Buruzagitzak ez du baja, eskualdaketa edo helbide-aldaketako espedienterik izapidetuko interesatuek zerga honek sortutako zor guztiak ordaindu dituztela frogatu arte.


17. art.- Betebehar formalak

Honako betebehar hauek dituzte zerga honena ordaindu behar duten ibilgailuen titularrek:

1.- Zirkulazio baimenean agertzen den helbidea eta ohiko bizitokia berbera izateko izapideak egitea Trafiko Buruzagitzan.

2.- Trafiko Buruzagitzari erakustea ordainduta dela transferentzia, ibilgailu aldaketa eta ibilgailuari baja emateko ordaindu beharrekoa, betiere zerga honen arabera ibilgailuaren sailkapena aldatzeko moduko aldaketa edo egokitzapenak egin aurrekoak.


18. art.- Egoiliarren zerga betebeharrak.

1.- Ohizko bizitokia Donostian duten pertsona fisikoek Udal honetan ordaindu behar dute zerga. Zalantzarik balego, ohizko bizitokia erroldan egindako azken izenematearen arabera zehaztuko da.

2.- Helbide fiskala Donostian duten pertsona juridikoek bertan ordaindu behar dute zerga.

Helbidea, bulegoak, lantegia, biltegia, denda, ordezkaritza, eta abarrak beste udalerri batean dutenean, ibilgailuak modu iraunkorrean dependentzia horiei atxikita daudelarik, dependentzia hori kokatuta dagoen udalerriko Udalean ordainduko da zerga.


19. art.- Udalaren eskumenak.

1.- Zirkulazio-baimenean agertzen den helbidea Donostiako udalerria denetan, Udal honi dagokio zerga-gestio bidean emandako egintzak gestionatu, likidatu, ikuskatu eta zerga-bilketa egitea.

2.- Trafiko Buruzagitzan izapideak egiteko azkeneko ordainagiria ordainduta izatea erakusteak ez du esan nahi zerga hau dela eta sortu, likidatu, kobrantzarako jarri eta preskribitu gabe dauden zorrak ordaindu beharrik ez dagoenik, dela kudeaketaren bitartez dela ikuskapenaren bidez exijituta.


20. art.- Aplikazio orokorreko arauak.

11/1989 Foru Arauarekin bat, zerga-gestio, kitapen, ikusketa, bilketa eta urrapen zein zehapenei buruzko arauak zaizkio ezargarri zerga honi, Zergetako Foru Arau Orokorrean arautu bezala.


Xedapen iragankorra

Desgaitasuna egiaztatzeko araubide iragankorra, ordenantza fiskal honen 9.4 artikuluko e) letran aurreikusitako salbuespena aplikatzeko. Zergadun batek desgaitasuna aitortua badu, desgaitasun-maila aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, desgaitasuna aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko beste prozedurarik egiten ez den bitartean, ordenantza fiskal honen 9.4 artikuluko e) letran aurreikusitako salbuespena aplikatuko zaio, 2022ko abenduaren 31n indarrean zegoen salbuespen horren erregulazioari jarraikiz.


Azken xedapena

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.

EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergak arautzen duen Ordenantzaren eraskinaren azken aldaketa 2025eko irailaren 25ean egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 2025eko abenduaren 10eko 236. GAOn argiratu zela.