Zaborra Biltzeko Zerbitzu tasak 2015

ZABORRAK BILTZEKO ZERBITZUA EMATEARI DAGOKION TASA ARAUTZEKO ZERGA ORDENANTZA
1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak bere III. atalburuko 3. atalean xedatutako arau orokorren arabera, zaborra biltzeko eta udal zabortegietara eramateko zerbitzua emateari dagokion tasa arautu eta galdatu egiten da.


2. art.- Egitate zergagarria

Ondorengoa da egitate zergagarria:

1.- Bizileku partikularretako edo etxebizitzetako zaborra biltzea.

2.- Merkataritza, lanbide edo industria jarduerak egiten dituzten establezimendu eta lokaletako zaborrak —etxeetako hondakinekin parekagarri direnak— biltzea; eta, halaber, jolas, kirol eta antzeko jarduerak egiten dituztenetakoak, eta oro har etxebizitza ez diren edozein establezimendu nahiz lokaletan egindako jarduerenetakoak.

3.- Zerbitzuaren barruan sartuta daude, hondakinen bilketa ez ezik, hondakinak tratatu eta deuseztatzeko jarduerak ere.

3. art.- Zergaldia

Zerbitzu ematearen kuotak hiruhilekoak dira.


4. art.- Sortzapena

1. Tasa zerbitzua ematen hasten den unetik sortzen da, zergapetutako ondasun higiezinak erabiltzen hasten den eguna edozein dela ere.

2. Tasa, beraz, obligaziozkoa da, beti ere zerbitzua ematen baldin bada.


5. art.- Subjektu pasiboak: zergadunak

Tasaren subjektu pasibo dira etxebizitza, establezimendu edo lokalez gozatzen dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, banatu gabeko oinordetzak, ondasun-komunitateak eta nortasun juridikoa ez izanik, zergagarri den ekonomi batasuna edo ondare bereizia osatzen duten gainerako entitateak.


6. art.- Subjektu pasiboak: ordezkoak

Zergadunaren ordezkari gisa subjektu pasibo dira ogasun higiezinen jabeak.




7. art.- Salbuespenak.

1. Etxeetako eta lokaletako zabor bilketari dagokion tasa ez du ordaindu beharrik izango dena delako ondasun higiezina zaborra biltzeko puntutik 200 metro baino urrutiago duen subjektu pasiboak, ez eta 100 metro baino urrutiago duenak ere, baldin eta etxe edo lokalaren eta zaborra biltzeko puntuaren arteko ibilbideko zati guztien artean metatutako desnibela %6 edo handiagoa bada.


8. art.- Hobariak izapidetzea.

1.- Udalak aitortutako hobari fiskalak eskabidea egindako zerga-aldian berean indarrean izango dira, baldin eta urteroko iragarkian adierazitako baldintzetan egiten bada eskabidea.

2.- Hobariak aitortu eta aplikatu, ordea, Udalari ordaindu beharreko zergen ordainketak egunean dituztenei egingo zaizkie.


9.- art..- Hobariak

1.- Etxeetako eta lokaletako zabor bilketagatiko tasaren %50 gutxiago ordainduko du dena delako ondasun higiezina zaborra biltzeko puntutik 100 metro baino urrutiago duen subjektu pasiboak, baldin eta etxe edo lokalaren eta zaborra biltzeko puntuaren arteko ibilbideko zati guztien artean metatutako desnibela %3 edo handiagoa bada.

2.- Udalak elkarte bat edo antzeko erakunde bat udal lokal batean koka dadin erabakitzen badu, ez da kontuan izango haren azalera, tarifa zehazteko.


10. art.- Oinarri zergagarria

1. Oinarri zergagarria lokal edo etxebizitzaren arabera zehaztuko da. Ondasun higiezin batean dauden etxebizitza nahiz lokal bereizi adina subjektu pasibo dago.

2. Lokal bakar batean bi zerbitzu-motak ematen direnean, hots, etxebizitzetako eta establezimenduetako zabor bilketa, oinarri zergagarria bakarra izango da, Udalari onura gehien dakarkiona. Horretarako jardueraren titularra familiako kidea izan beharko du eta berarekin bizi. Horrela gertatu ezean, bi oinarri zergagarri izango dira.


11. art.- Zerga kuota

1.- Etxebizitzetako zaborrak bildu, tratatu eta deuseztatzeko kuota osoa honela kalkulatzen da: kuota finko bat gehi kuota aldakor bat.


Kuota osoa (KO) = Kuota finkoa (KF) + Kuota aldakorra (KA)


1.1.- Kuota finkoa kalkulatzeko oinarria aurreko urteko etxebizitzako zabor tasaren erroldako zenbatekoak eratuko du; hala badagokio, zehazten den ehunekoa gehituta. Emaitza gisa lortutako zenbatekoari oinarri errolda deritzo (OE).

Kuota finkoa (KF) eranskinean zehaztuko da, eta honela kalkulatuko da: oinarrizko erroldaren (OE) % 65, zati zabor erroldako etxebizitzen kopurua (ZEE kop.).

KF = % 65 (OE) / ZEE kop.

Ekitaldi bakoitzeko kuota finkoa berdina da zabor erroldako etxebizitzetako bakoitzerako.


1.2.- Kuota aldakorraren (KA) zenbatekoa honela kalkulatuko da: etxebizitza bakoitzean irakurketako ekitaldi eredu (IEE) batean kontsumitutako ur metro kuboak (M3ETX) —benetakoak edo zenbatetsiak—, bider urteko tarifa eredua (UTE).

IEE = Irakurketa Ekitaldi Eredua ateratzeko orduan ur kontsumotzat hartuko dena hau izango da: aurreko urteko abuztuaren 31 bitartean fakturatutako lau hiruhilekoen kontsumoa.

Urteko tarifa eredua (UTE) eranskinean zehaztuko da, eta honela kalkulatuko da: oinarrizko erroldaren (OE) % 35, erroldako etxebizitzen multzo osoan kontsumitutako metro kuboen kopuru osoa (M3ERR), zenbatespenengatiko zuzenketa kenduta.

UTE = % 35 (OE) / M3ERR

KA = M3ETX x UTE

Guztizko batez besteko kontsumoa (GBK) honela kalkulatzen da: erroldako etxebizitzen multzo osoko ur kontsumo osoa (M3ERR), zati errolda horretako etxebizitzen kopurua (ZEE kop.).

GBK = M3ERR / ZEE kop.

1.3.- Irakurketa ekitaldi eredu batean etxebizitza bakoitzeko kontsumoa (M3ETX) kalkulatzeko modalitateak:

a) Irakurketa ekitaldi ereduan (IEE) ur kontagailuari egindako irakurketa guztiak errealak izan diren etxebizitzetan, benetako kontsumoaren arabera finkatuko da M3ETX balioa.

b) Irakurketa ekitaldi ereduan (IEE) ur kontagailuari irakurketa erreal bat edo gehiago egin zaizkion etxebizitzetan, lortutako irakurketa errealen arabera finkatuko da M3ETX balioa.

c) Irakurketa ekitaldi ereduan (IEE) ur kontagailuaren irakurketa errealik izan ez duten etxebizitzetan, honela aterako da M3ETX-ren balioa: 15 mm-ko kalibrea duen kontagailu baten (etxebizitzako kontagailu estandarra) ur emari nominalaren baliokide den kontsumoaren 100eko 50 bider hileko hogeita hamar ordu.

Ekitaldi osoari aplikatuko zaio tasa. Irakurketa ekitaldi ereduaren ondoren ematen diren irakurketa datuek hurrengo ekitalditik aurrera izango dute eragina.

d) Eraikuntza berriko etxebizitzetan, irakurketa errealak lortu arte, M3ETX balioa GBK kontsumoaren berdina izango da.

e) Titularra aldatzen den etxebizitzetan, irakurketa errealak lortu arte, M3ETX balioa GBK kontsumoaren berdina izango da.

1.4.- Etxebizitza komunitarioen berezitasuna.

Ur kontagailu banakaturik ez duten jabe komunitateetan, kuota finkoa honela kalkulatuko da: kuota finko (KF) orokorra, bider komunitateko etxebizitza kopurua.

Kuota aldakorra (KA) beste edozein ur kontagailutan bezala kalkulatuko da, M3ETX balioaren arabera, behar izanez gero aurreko 1.3 idatz zatian zehaztutako modalitateetatik dagokiona aplikatuta.

1.5.- Kuota zuzenketa biohondakinak edo material organiko konpostagarria dagokion edukiontzian uzteagatik (hau da, edukiontzi marroi, 5. edukiontzi edo edukiontzi organikoan uzteagatik).

Material organikoaren bilketan –zerbitzua arautuko duen tresna erregulatzaileak ezarriko duen moduan– lagunduko duten zergadun-erabiltzaileek zerga kuotan konpentsazio bat izateko eskubidea izango dute. Konpentsazioa Eranskinean ezarriko den kopuruaren araberakoa izango da.

Zerbitzuaren tresna erregulatzaileak konpentsaziorako eskubidea izateko ezarriko dituen baldintzez gainera, honako eskakizun hauek ere bete beharko dira:

Donostiako Udalak biohondakinak eta materia organikoa edukiontzietan gaika biltzeko eskaintzen duen aukeraz baliatzeko beren borondatea adierazi duten –edo etorkizunean adieraziko duten– zergadun-erabiltzaileek Erabiltzaileen Errolda osatuko dute.

Zergadun-erabiltzaile bakoitza udalerrian kokatutako etxebizitza bakar bati lotuta geldituko da. Bi pertsonak baino gehiagok etxebizitza berari lotuta daudela adierazten badute, soilik pertsona bakar bat hartuko da zergaduntzat eta konpentsazioaren onuraduntzat: hain zuzen ere, alta lehenbizi hartu duena edo besteek aho batez aukeratzen dutena. Etxebizitzari lotutako beste pertsonen ekarpena (hots, materia organikoa dagokion edukiontzian uztea) konpentsazioaren onuraduna den zergadunaren alde izango da, zerbitzua erregulatuko duen tresnak ezarriko duen moduan.

Erabiltzaileen Erroldan dauden zergadun-erabiltzaileen artetik, materia organikoa biltzeko zerbitzuaren funtzionamenduaz arduratuko den Zuzendaritza Teknikoak, ekitaldi bakoitzeko abenduan, zerbitzua arautzen duen tresnak ezarritakoa bete duten pertsonen zerrenda osatuko du.

Zergadunei aplikatu beharreko kuota zuzenketari dagokion zenbatekoa zergadun-erabiltzaileak adierazitako kontu korrontean abonatuko da, sarrera bakar baten bidez, hurrengo urteko urtarrilean.

1.6.- Kuota zuzenketa banakako konpostajeagatik.

Biohondakinen prebentziorako udal programan parte hartuko duten zergadun-erabiltzaileek zerga kuotan konpentsazio bat izateko eskubidea izango dute. Konpentsazioa Eranskinean ezarriko den kopuruaren araberakoa izango da.

Pertsona fisikoak izanik Alta hartzen duten zergadunek –edo Alta hartzen dutenek Konpostajeko Udal Erregistroan– banakako konpostajearen erabiltzaileen errolda osatuko dute.

Zergadun bakoitza udalerrian kokatutako etxebizitza bakar bati lotuta geldituko da.

Erroldan dauden zergadunen artetik, banakako konpostajeko zerbitzuaren funtzionamenduaz arduratuko duen Zuzendaritza Teknikoak, ekitaldi bakoitzeko abenduan, Biohondakinen Prebentziorako Udal Ordenantzak ezarritakoa bete duten pertsonen zerrenda osatuko du.

Biohondakinen Prebentziorako Programako Zuzendaritza Teknikoak osatuko duen zerrendako zergadunei aplikatu behar zaien kuota zuzenketaren zenbatekoa zergadun-erabiltzaileak adierazitako kontu korrontean abonatuko da, sarrera bakar baten bidez, hurrengo urteko urtarrilean.

1.7.- Kuota zuzenketa auzo konpostajeagatik.

Biohondakinen prebentziorako udal programan parte hartuko duten zergadun-erabiltzaileek zerga kuotan konpentsazio bat izateko eskubidea izango dute. Konpentsazioa Eranskinean ezarriko den kopuruaren araberakoa izango da.

Pertsona fisikoak izanik Alta hartzen duten zergadunek –edo Alta hartzen dutenek Konpostajeko Udal Erregistroan– auzo konpostajearen erabiltzaileen Errolda osatuko dute (auzo konpostaje publikoa edo pribatua).

Zergadun bakoitza udalerrian kokatutako etxebizitza bakar bati lotuta geldituko da.

Erroldan dauden zergadunen artetik, auzo konpostajeko zerbitzuaren funtzionamenduaz arduratuko den Zuzendaritza Teknikoak, ekitaldi bakoitzeko abenduan, Biohondakinen Prebentziorako Udal Ordenantzak ezarritakoa bete duten pertsonen zerrenda osatuko du.

Biohondakinen Prebentziorako Programako Zuzendaritza Teknikoak osatuko duen zerrendako zergadunei aplikatu behar zaien kuota zuzenketaren zenbatekoa zergadun-erabiltzaileak adierazitako kontu korrontean abonatuko da, sarrera bakar baten bidez, hurrengo urteko urtarrilean.

1.8.- Konpentsazioen konkurrentzia.

Ezin izango da konpentsazio bat baino gehiago baliatu 1.5, 1.6 eta 1.7 ataletan ezarritako konpentsazioetatik.


2.-
2.1- 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, jardueretarako establezimendu edo lokaletako hondakinen bilketarako kuotak araubide juridiko honen arabera ezarriko dira.

Beste errolda bat egingo da, jardueraren bat egiteko erabiltzen diren establezimendu eta lokalak nahiz, jarduerarik ez izan arren, enpresa edo lanbide jardueraren bat egiteko molukoak diren lokalak bilduko dituena.

Errolda hori egiteko, Donostiako Udalaren gaur egungo datu-baseetan dagoen informazioa erabiliko da: Ur Zerbitzuaren eta Zabor Bilketako Zerbitzuaren datu-baseak, eta udal departamentuetako beste datu-baseak.

Errolda berriak Zerga Datu Baseko gaur egungo informazioa barne hartuko du, eta datu hauek gehituko zaizkio:

Establezimendu edo lokaleko jarduera ekonomikoa Eranskinean zehazten den Kategorietako batean sartuko da (Aldi baterako jardueretarako 16 kategoriak tratamendu berezia izango du).

Kategoria bakoitza Azpitaldeetan sailkatuko da. Bai Kategoriak bai Azpitaldeak Eranskinean bildu eta zerrendatu dira.

Azpitalde bakoitzari oinarrizko gradu bat esleituko zaio, hondakin mota bakoitzerako (Beira, Papera-kartoia, Ontziak, Biohondakina edo Organikoa, eta Errefusa), 0 eta 5 artean, sortutako hondakinaren arabera, kopuru txikienetik handienera.

“Biohondakina edo Organikoa” eta “Errefusa" hondakin motei esleitutako oinarrizko graduen baturak Azpitaldeari hasieran esleitutako Maila zehaztuko du.

Establezimendu edo lokalaren azalera (m²-tan) Errolda berrian sartuko da, eta kontuan hartuko da ere establezimendu edo lokal nagusiari era funtzionalean lotuta dauden aretoen azalera (m²), biak higiezin berean edo mugakidean daudenean.


Errolda osatzean, udal Datu Baseetako datu hauek jakinaraziko zaizkio lokalaren titular bakoitzari:

- Esleitzen zaion azpitaldea eta, ondorioz, Maila.

- Lokalaren azalera (m²-tan).

- Kastastro zenbaki finkoa. Zenbaki hau udal datu-baseetan ez balego edo behar bezala identifikatuta egongo ez balitz, Udalari jakinarazi beharko zaio.

- Lokalaren ur-kontagailuaren zenbakia.

Datu horiek jasotzean, lokalaren edo jardueraren titularrak, egoki irizten badio, alegazioak aurkeztu ahal izango ditu, Udalak emandako informazioa zuzentzeko edo osatzeko.

Alegazioren bat izaten bada dena delako jarduera ez dagoela eranskineko azpi-talde batean ere sartuta-eta, eta alegazio hori aintzakkotzat hartzen bada -dagokion txosten teknikkoak hala esatean duelako-, beste azpi-talde bat eratuko, lehen esandako txosten tekniko horrek jarritakko maila izanda duena. Hala, azpi-talde berri hori hurrengo ekitaldirako behin betiko onartuta eta eranskinean sartuta izatea proposatuko da dagokion maila eta guzti.

Alegazioak ebatzi ondoren, 2015eko lehen hiruhilekoko kuotaren likidazioa helaraziko zaie titularrei. Ondoren, likidazioaren aurka aurkez litezkeen errekurtsoak ebatzita, Errolda osaturik geldituko da. Ondorengo hiruhilekoko kuotak errezibotzat hartuko dira.

2.2.- Lehen hiruhilekoaren likidazioaren kalkulua eta subjektu pasiboaren urteko zorra zehaztea:

a) Kuota Osoa: Udalak erroldan dauden lokaletako jarduera guztietatik lortuko duen zenbatekoa da, edateko ur hornidura duten jarduerarik gabeko lokalak barne.

Zerga Ordenantzaren Eranskinean, 2015ean Erroldako lokaletatik lortuko den Kuota Osoa finkatzen da.

b) Oinarrizko Kuota: erroldan dauden lokal guztiei ezartzen zaien kuota bakarra da, eta maila eta azalera koefizienteak aplikatzen zaizkio.

c) Oinarrizko Kuota finkatzea: oinarrizko kuota alegazioak ebatzi ondoren kalkulatuko da; hots, zehaztuta gelditzen denean lokalen zerrenda dagozkien koefizienteekin.

Kalkulua honela egingo da:

Oinarrizko Kuota: Kuota Osoa zati zenbateko hau: lokal kopuru osoa (n) bider lokal bakoitzerako azalera eta maila koefizienteen biderkaduraren batukaria:

n Kuota osoa
Oinarrizko Kuota = ----------------------------------------
i=1
(aza. koef.i x maila koef.i


Lokal bakoitzeko banakako urteko kuota: Oinarrizko Kuota bider lokal bakoitzari esleitutako azalera koefizientea eta maila koefizientea.

1. hiruhikekoaren likidazioa: lokal bakoitzaren banakako urteko kuota zati lau.


12. art.- Formazko eginbeharrak

1.- Zerbitzu hasierak indarrekoak izango dira zerga ordaintzeko beharra sortzen den hiruhilekoaren lehen egunetik. Zerbitzua amaierak indarrekoak izango dira eskatu eta hurrengo hiruhilekoaren lehen egunetik.

2.- Zerga ordaintzeko beharra sortu eta hurrengo hogeita hamar egunean subjektu pasiboek aurkeztu beharko dituzte subjektu pasiboaren hasiera edo aldaketa adierazpenak, zerbitzu modalitatearena eta tasan eragina duen higiezinaren aldaketaren gainekoa (aldaketa islatzen duen dokumentu publikoa erakutsita).

3.- Amaiera adierazpenak epe berean izapidetu behar dira, subjektu pasiboa izateari uzten zaion egunetik aurrera.

4.- Erretiratuak edo langabetuak izateagatik kuota salbuespena edo hobaria lortu nahi dutenek hura emateko eskatu eta agiri bidez egiaztatu beharko dute urtero, zabalkunde handiko bi hedabidetan jarritako iragarkietan zehaztutako moduan eta epearen barruan.

5.- Tasa beste udal baliabide batzuekin batera likidatuko da, subjektu pasibo berberarena izanez gero.


13. art.- Eskabideak begiratzea

Udalak kuotaren salbuespen eta hobarien adierazpenen eta eskabideen egiazkotasuna ikuskatzea dauka. Datuak faltsuak baldin badira, ustezko urratzailea zigortu egingo da onurak mugatu gabeko aldi baterako kenduaz.


14. art.- Ezarri beharreko arau orokorrak

1. Orokorrean ezarriko dira hiriko zabor eta hondakin solidoak biltzeko udal ordenantzan xedaturiko arauak.

2. Tasa hauei ezarriko zaizkie 11/1989 uztailaren 5eko Foru Zerga Arau Orokorrak xedaturiko kudeaketa, likidazio, ikuskapena, bilketa, urratze eta isun arauak.


Azken xedapena

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Zaborra Biltzeko Zerbitzua emateari dagozkion Tasak arautzen dituen Ordenantza 2014ko azaroaren 22an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela eta ezarritako aldaketak 243. GAOn 2014ko abenduaren 22an argitaratu ziren.

Bere eranskina 2014ko Azaroaren 27an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu ziren, eta ezarritako aldaketak. 243. GAOn 2014ko abenduaren 22an argitaratu ziren.