Inprimatu
Whatsapp ikonoa

IZAERA, ESKUDANTZIAK ETA ANTOLAMENDUA


Izaera eta eskumenak


Biztanle kopuru handiko udalerrientzat —besteak beste, Donostiarentzat— indarrean den antolamendu araubide berriaren ezaugarri nabarmenena da Udalbatzaren eta Udal Gobernuaren arteko eginkizunen bereizketa (Udal Gobernua, funtsean, Alkateak eta tokiko gobernu batzarrak osatzen dute, Alkatea buru izanik).

Hartara, Udalbatza da herritarren ordezkaritza politikoko organo gorena udal agintaritzan. Eztabaidarako eta erabaki estrategiko handiak hartzeko organotzat dago eratuta. Erabaki horiek hartzeko, bide hauek ditu: araudi organikoak eta bestelako arau orokorrak, udal aurrekontuak, hirigintza antolatzeko planak, zerbitzuak kudeatzeko moduak, eta abar. Gainera, Udalbatzak gobernu organoak kontrolatzen eta ikuskatzen ditu.

Bere eskudantzia nagusien artean, honako hauek ditu:
  • Udal arauak onartzea.
  • Udalaren aurrekontu orokorra onartzea.
  • Udal organoak kontrolatu eta ikuskatzea.
Ikus eskumenak

Antolamendua


Udalbatzaren antolamendua eta funtzionamendua Donostiako Udalbatzaren Organo Araudian dago araututa. Araudi hori Udalbatzaren 2004ko abuztuaren 31ko bilkuran onartu zen behin betiko, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren 193. zenbakian argitaratu zen, 2004ko urriaren 10ean.

Ikus Donostiako Udalbatzaren Organo Araudiaren testua


Udal honetan, Udalbatzako kide dira 27 zinegotzi, alkatea barne. Alkatea da Udalbatzako lehendakari, eta lehendakaritza hori eskuorde dezake, egoki deritzonean, bere zinegotzien artean.


Udalbatzak osoko bilkuren edo batzordeen bidez lan egiten du.

Gai zerrendan gai hauek sartzen dira: beren eskudantziengatik onartzea dagozkien administrazio gaiak eta Udal Gobernuaren (alkatea eta tokiko gobernu batzarra) kontrola.

Gobernu organoen kontrola eta ikuskatzea


Udalbatzak Udal Gobernua kontrolatzen du, Udalbatzaren agintaldiak irauten duen lau urtean, tresna hauek erabiliz:

Kontrolatzeko ohiko tresnak
  • Mozioa: Udalbatzaren eskumenekoa den gai bati buruzko proposamena. Zuzenean Udalbatzari aurkezten zaio, erabaki dezan. Jeneralean, talde politiko baten bozeramaileak aurkezten du. Idatziz edo ahoz egin daiteke.
  • Agerpena: kudeaketa arlo baten ardura duten Udalbatzako edo Donostiako Gobernu Batzarreko kideek Udalbatzaren bilkurara agertzeko betebeharra dute, Udalbatzak hala erabakitzen duenean, bere jardunari buruz egiten dizkioten galderei erantzun diezaien.
  • Erregua: Gobernu Taldeari edo talde horretako kide bati jardun zehatz bati buruz egiten zaion eskaera da. Erreguak egin ditzake Udalbatzako edozein kidek, edo edozein udal taldek beren bozeramailearen bidez.
  • Galdera: gobernu organoei beren ardurapeko politika nahiz administrazio kudeaketari buruz Udalbatzan egindako edozein galdera da.
  • Erakunde adierazpenak: Udalbatzak, Udalaren ordezkaritza politikoa duen organoa den aldetik, interes orokorreko gaiei buruz hartutako jarreraren adierazpenak dira.

Kontrolatzeko ohiz kanpoko tresnak
  • Zentsura mozioa: alkatea kargutik ken daiteke zentsura mozioaren bidez. Mozio hori idatziz aurkeztuko da, Erregistro Nagusian.