Europako Kultur Hiriburuak 47 milioi euroko inpaktua izan zuen tokiko ekonomian

Ostatu-gauak %10 gehitu ziren, batez ere denboraldi baxuan; ondorioz, Hiriburutzak bisiten urtarokotasun-eza lortzen lagundu zuen.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako alkateak, Eneko Goiak, azpimarratu du Europako Kultur Hiriburutza "motore ekonomiko garrantzitsua izan dela hiriarentzat", Donostiako Sustapenak egindako txostenak erakusten duen moduan. Bertan esaten da "inbertsio publikoak eremu kulturala gainditu duela, ostalaritza, merkataritza, zerbitzuak edo hotelak bezalako sektore asko harrapatu baititu".

Goiak, halaber, nabarmendu du Hiriburutzaren efektua "gure hirian eta lurraldean nabaritu dela, eta eskaintza kulturalari eta bisitarien erakarpenari urtarokotasuna kendu diela"; hortaz, "gustura esan dezakegu Kultura aktibo ekonomiko bat ere badela gizartearentzat, oro har, gure sormen kulturalean erreferentzia gisa kokatzen lagundu izanaz gain".

Donostiako Sustapenak, Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren mendeko erakundeak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren inpaktu ekonomikoa ebaluatzeko txostena aurkeztu du gaur; bertan, Donostiako hirian proiektuak 2016. urtean zehar produkzioan, enpleguan eta itzulera ekonomikoan sortutako kopuru handiak aztertzen dira.

Inpaktu ekonomikoa


Inpaktu ekonomikoak hiru alderdi ditu:

1.- Inpaktu zuzena. DSS2016EU Fundazioak 61 langileko egitura eta 34.068.658 euroko aurrekontua zuen kultur programa diseinatzeko eta gauzatzeko; horietatik 18.584.930 Donostiako tokiko ekonomia-ehunean sartu dira.

2.- Zeharkako inpaktua. Herritarren mobilizazioak hirian 28.506.490 €-ko gastua sortu zuen.
- Donostiako hiritarrek, parte-hartzearen bitartez, 7.136.784 € mobilizatu zituzten.
- Hiriburutza dela-eta etorritako turistek 10.214.183 €-ko gastua egin zuten hiriko hiri-ekonomiaren ehunean.
- Txangozaleen taldeak 11.206.421 €-ko gastua mobilizatu zuen.

3.- Eragindako inpaktua. Inpaktu Zuzena (18.584.930 €) eta Zeharkakoa (28.506.490 €) batuta, Hiriburutza medio Donostiako ekonomia-ehunean egindako gastua 47.091.420 €-koa da.

Mobilizatutako gastuaren zatirik handiena %60,1, ostatu eta ostalaritza sektoreetan bildu zen eta %25 merkataritza-sektorean; kopuru horrek aurretik egindako analisietan kalkulatutako itxaropenak gainditu zituen. Kulturari dagokionean, iaz Donostia 2016ko jardueraren batera gerturatu ziren herritarrek sortutako inpaktu ekonomikoaren %12,6 sektore horrekin zerikusia duten enpresetara joan zen.

DSS2016EU programazioaren ikuspuntua zen urtarokotasuna galtzea; hau da, Donostiako kultur eskaintza ofizialak protagonismo txikiagoa zuen uneak bilatu zituen DSS2016EU proiektuaren presentzia areagotzearren. Modu horretan, jardueren eskaintzaren puntu gorenak maiatzean eta urrian lortu ziren. 2016. urtean, hoteletako ostatu-gauak %8,4 gehitu ziren (1.894.610) 2015ekoekin alderatuta, baina ostatu-gau gehigarri horien %63a urtarrilean, otsailean, martxoan, urrian, azaroan eta abenduan izan ziren; hots, denboraldi baxuan. Denboraldi baxuko hilabete horietako hazkundeak %20 eta %25eko tasak lortu zituen; 2017ko lehen bi hilabetetan, aldiz, igoera hori %3 eta %4,9ra bitarte jaitsi da.

Donostiako 400.000 herritar inguruk parte hartu zuten DSS2016EUk antolatutako jarduera ezberdinetan; beraz, herritarren parte-hartzea batez beste donostiar bakoitzeko 2'2 saiokoa izan da eta parte-hartzaile bakoitzeko batez besteko gastua 18 €-koa.

Hiriburutza medio garatutako jarduerek 1.013.404 pertsona baino gehiago mobilizatu zituzten, %79 hirian garatutako saioetan eta %21 Donostiatik kanpo egindako jardueretan.

Azterketa hau egiteko, 2.141 inkesta egin ziren, hots, donostiarrek eta 2016ko abuztuan, irailean, urrian, azaroan eta abenduan hiria bisitatzera etorritako turistek eta txangozaleek egin zituzten.

2017/04/05-an argitaratua