Donostia Moda Klusterrak Ekintza Plan handinahia jarri du abian 2017rako

Donostia Moda Klusterra orain dela urtebete baino gehiago jarri zen abian

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostia Moda Klusterrak, Donostiako Sustapenaren bitartez, aurtengorako aurreikusitako jarduketen artean ondorengoak aurkitzen dira: tokiko diseinatzaileentzako erakusketa eta salmenta espazioak sortzea, Errege Magoen jantziak diseinatzeko lehiaketa egitea, Zinemaldiarekin akordioa galak edo izarrak janzteko, nazioarteko adituen hitzaldiak, Diseinu Eskola bultzatzea eta CEMEI enpresa-zentroan Ehungintzako Lantegi-Laborategia abian jartzea.

Modaren sektoretzat hartzen dira janzkiak, oinetakoak eta, oro har, osagarriak sortzearekin lotutako ekoizpen-sare, enplegu eta zerbitzu guztiak.
“Donostiak modaren arloko 1.000 enpresa eta komertzio inguru ditu, horietako 126 industria-enpresak: diseinatzaileak, firmak, jantzigintzako enpresak, trebakuntza espezializatua eskaintzen dutenak, etab.", adierazi du Ernesto Gascok, Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotziak.

Sektore horrek 2.750 pertsonari ematen die enplegua zuzenean –industria eta merkataritza kontuan hartuta–, hau da, hiriko enplegu osoaren % 2,63. Jarduera ekonomiko horrek 98,5 milioi euro inguruko fakturazio-ratioak eskaintzen ditu.

Donostia Moda Klusterra orain dela urtebete baino gehiago jarri zen abian, Donostiako Sustapenaren bitartez, eta sektorearen erronka orokorrak betetzeko diseinatutako Ekintza Plan batekin egingo dio aurre 2017. urteari:
  • Enpresa-sare sendo bat sortzea eta haren gaitasun profesionalak hobetzea.
  • Bertako produktu bereizi bat indartzea.
  • Kanpoko promozioa, hiriaren irudiaren eta markaren bitartez.
  • Ekoizle, saltzaile eta kontsumitzaileen artean modaren kulturaren inguruko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatzeko kanpaina.

Helburu horiek betetzeko, ondorengo ekintzak antolatuko ditu Klusterrak:
  • Barcelona Bridal moda astean donostiar firmak promozionatzea, ‘Donostia Moda San Sebastian’ markaren pean.
  • GdM Donostia Moda Festival. Donostiako Moda Jaialdiaren barruan, Donostia Moda Klusterrak antolatutako jardunaldi profesional osoa ospatuko da, hitzaldi eta master classekin; gainera, maiatzean eta urrian, bertako diseinatzaileen azoka antolatuko da.
  • Cristobal Balenciagak Donostian lehenengo denda ireki zueneko 100. urteurrena ere ospatuko da, azaroan. Urteurren horren barruan sartzen da lehendabiziko Udako Eskolaren eta Udazkeneko Eskolaren aktibazioa, Balenciaga Museoarekin lankidetzan.
  • Berriro egingo da Diseinatzaileen Lehiaketa –“Istorio harilkatuak"– abenduan; ALFA enpresarekin batera Balenciaga Museoan antolatutako ekintza.
  • Errege Magoen desfileko jantziak diseinatzeko lehiaketa antolatuko da. Horretarako, ekainean egingo da deialdi publikoa.

2017/02/28-an argitaratua