Ebaluazio txostenak Hiriburutza 'berritzailea, arriskatua eta ausarta' izan dela dio

Erakunde independenteek eginiko ebaluazioak nabarmendu du Donostia 2016k bere helburuak bete dituela

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Europako Batzordeak garrantzi handia ematen dio Europako Kultur Hiriburuen (ECOC) ebaluazio independenteari, eta Donostia 2016renak «balorazio positiboa» erdietsi du oro har. Estimazioa «berritzailea, arriskatua eta ausarta» izan da, proiektua aurrera ateratzean izan dituen «zailtasun ugari»en arren.

Donostia 2016ren ebaluazio transbertsala LKS kontsultariek eta Prospektiber enpresak egin dute, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Mondragón Unibertsitatearen (MU) parte-hartzearekin. Horren bidez, 2013ko abenduan onetsi zen Fundazioaren plan estrategikoan jasota dauden helburuak zer mailataraino bete diren neurtu da.

Datu horiek aztertuta, nabarmena da Hiriburutzaren proiektua garatu eta gauzatzeko kontrako testuinguru bati aurre egin behar izan zaiola. «Krisi ekonomiko sakon»ak baldintzatutako testuinguruan, ia erdira jaitsi zen aurrekontua: Donostiaren hautagaitza martxan jarri zenean kalkulatzen ziren 89 milioietatik azkenean exekuzioan erabili diren 49 milioietara. Txostenak dioenez, «ideia sortu zenean zehaztutako baldintzak eta gauzatzeari dagozkionak ez datoz bat oinarrian».

Ukiezinak


Donostia 2016ren proiektuaren mamiaren zati handi bat balio ukiezinetan oinarritu da, eta horrek zailtasunak eragin dizkio ebaluazio-prozesuari. Izan ere, erakunde ebaluatzaileek dioten moduan, zaila da epe laburrean «gizalegezko balioei loturiko aldaketak» neurtzea. Ebaluatzaileek diotenez, «diseinatutako ekitaldiak, orokorrean, zorrotzak izan dira publikoarekin, horietako askok parte-hartzea eskatzen baitzuten eta ia guztietan inplikazio emozionala behar baitzen».

Ebaluazioak erakutsi duenez, ebaluatutako balioek eta Hiriburutzaren alderdi garrantzitsuek eragin positiboa izan dute ekitaldietara bertaratu diren pertsonengan. Gainera, ikusi da pertzepzio oso desberdina dutela ekitaldietara joan diren pertsonek eta joan ez direnek. Alde hori «are agerikoagoa da eragileen artean», eta, horren ondorioz, nabarmen positiboagoak dira Donostia 2016k programatutako ekitaldietan parte hartu zuten pertsonen balorazioak.

«Balorazio positiboena» jaso duten elementuen artean dago parte hartu duten eragile kulturalen arteko elkarlana. Elkarrekin lan egiten ikasteko alderdi hori funtsezkoa izan da Hiriburutzaren planteamenduan, eta «Elkarrekin bizitzeko kultura»ren programaren eduki ia guztietan ageri da. Gainera, txostenean «garrantzitsu»tzat jotzen da etorkizunari begira, sektore kultural guztiari helarazi ez bazaio ere.

Ebaluazio txosten guztiak 2016 hiriburutzaren webgunean topatuko dituzu

2017/05/18-an argitaratua