Donostia.eus - [Berria] Donostia Lagunkoiaren lan-jardunaldi arrakastatsua

Logo Ayuntamiento

Donostia Lagunkoiaren lan-jardunaldi arrakastatsua

Hiritar, eragile eta profesional ezberdinek ekimenak 2017rako hartu dituen konpromisoak izan dituzte aztergai.





Donostia Lagunkoia ekimenak lan-jardunaldia izan du gaur, otsailak 16, Tabakalerako eraikinean. Jardunaldiak aurreikuspen guztiak gainditu ditu, eta espero zirenak baino pertsona gehiago bildu dira. Jardunaldia hiri planean inplikatuta dauden edo/eta hark inspiratutako pertsona eta eragileek osatzen duten sarearen topagune bihurtu da. Hala, profil anitzetako hiritar eta profesionalek Donostia Lagunkoiak proposatzen dituen konpromisoen inguruko esperientzia eta ezagutza partekatzeko aukera izan dute.

“Espazio publikoa eta mugikortasuna”; “Bizitza guztirako etxebizitza”; “Ahulezia egoeran dauden pertsonek eta zaintzen duen komunitatea”; “Bizi ziklo berri baterako trantsizioa eta adinaren kudeaketa”. Hauek dira 2017 urterako Donostia Lagunkoiaren konpromisoak egituratzen dituzten lau ardatzak. Konpromiso lerro bakoitza esparru horretan engaiatutako profesional batek aurkeztu du, Alkatearen Gabineteko buru Iñaki Gurrutxagak ongietorria eman ondoren. Amaia Agirreoleak, Partaidetza Zerbitzuko buruak, hasiera eman dio aurkezpenen txandari, eta “Espazio publikoa eta mugikortasuna” ardatzaren testuinguruan kokatutako proiektuen artean, Txomineko komunitate-ekipamenduko parte hartze proiektua azpimarratu nahi izan du: “ekimen honen azken helburua bizilagunak euren auzoaz harro sentitzea da eta, aldi berean, zahartzeko egokia den auzoa eraikitzea”.

Baztertze arriskua txikiagotzea helburu


Rafael Farias-ek, Donostia Etxegintzako gerenteak, hitza hartu eta etxebizitzen gaia mahai gainean jarri nahi izan du, “irisgarritasun falta diskriminazioaren arrazoi nagusietako bat dela” nabarmenduz. Halaber, maiatzean martxan jarriko den “adinekoak bizi diren etxebizitzak dituzten eraikinetan igogailuak jartzea sustatzeko planak” berebiziko garrantzia duela azpimarratu du Fariasek. Almudena Esteberenak, Adineko eta Ezgaitasuneko Zerbitzu Buruak, “Ahulezia egoeran dauden pertsonek eta zaintzen duen komunitatea” ardatza aurkeztu du. Esteberenak, gizarte diseinua duen programaren baitan, orain arte aurrera eramandako hausnarketa kolektiboa azaldu du, eta argi utzi nahi izan du lan honen azken xedea “adinekoen bakardade eta baztertze arriskua txikiagotzea” dela. Kepa Kortak, Estrategia zuzendariak, aurkezpenen txanda itxi du, “Bizi ziklo berri baterako trantsizioa eta adinaren kudeaketa” ardatzarekin. Bertan, hainbat ekimen azpimarratu nahi izan ditu, besteak beste, belaunaldien arteko ikuspegiaren bultzada E2020DSS Estrategiako Ekintza Planaren barruan, gazteriaren arloa lantzeko sortuko den taldean egin beharreko hausnarketan eta ekintzetan.






Hiria modu kolektiboan eraikitzen

Aurkezpenak amaitu ondoren, jardunaldiaren ekintza nagusiari eman zaio bidea, lan taldeei, hain zuzen ere. Bertaratutakoak lau txokotan banatu dira; “Donostia Lagunkoia, eragileen arteko konfiantza; elkarrekikotasuna, kolaborazioa eta lankidetza”, Aptes-ek dinamizatuta. Bigarren txokoak partaidetza zerbitzuak dinamizatu du, eta “Belaunaldi arteko harremanak” jorratu ditu. Hirugarren txokoan “Ezagutza, memoria eta esperientzia, aplikatzeko aktiboak” gaiaren inguruan aritu dira, eta, azkenik, laugarren txokoan “Donostia Lagunkoiaren programazioa 2017rako” izan dute aztergai. Bi azken txoko hauen dinamizazioa Prometeako profesionalen esku egon da.

Jardunaldiaren azken atala, Lola Elejalde, Innobasqueko Prospektiba eta Estrategia Zuzendariari, eta Javier Yanguas, Matia Institutoko Ikertzaileari egokitu zaie. Elejaldek eta Yanguasek bizitza-esperantzaren hazkundeak planteatzen dizkigun erronkei buruzko hausnarketak partekatu dituzte eta, honi lotuta, zahartzaroaren paradigma berrikusteko beharraz aritu dira.

Donostiako alkate Eneko Goiak eman dio amaiera lan jardunaldiari. Bertaratutakoen inplikazioa eskertu du Goiak, eta Donostia Lagunkoiak planteatzen dituen erronkek komunitatearen lankidetza behar dutela azpimarratu du.

2017/02/16-an argitaratua