Donostiako Giza Eskubideen 15. Zinemaldiaren programazioa aurkeztu dute

Martxoaren 31tik apirilaren 7ra izango da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Clash / Eshtebak (2016) film egiptoarrak, Mohamed Diab-ek zuzenduak, emango dio hasiera, martxoaren 31n, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 15. Zinemaldiari, hiriko Udalaren Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatutakoari. Kristina Grozeva-n eta Petar Valchanov-en Un minuto de gloria (Slava, 2016) film bulgariak itxiko du zinemaldia.

Guztira 27 herrialdetako 54 film (30 luze eta 24 labur) proiektatuko dira. Horrez gain, 6 erakusketa antolatu dira. Beti bezala, hainbat jarduera paralelok osatzen dute programazioa: filmetako zuzendariekin, protagonistekin eta landuko diren gizartearloko gaietan adituak diren pertsonekin solasaldiak, ikastetxeentzako goizeko zinema saioak...

Azpimarratzekoa da zinemaldiak gero eta agertoki gehiago dituela eta auzoetara ere zabaldu dela kultur etxeetan antolatutako doaneko proiekzioekin. Helburua argia da: gizateriaren erronka eta gabezia handiei buruzko ikuspegi kritiko, solidario, aldarrikatzaile eta plurala eskaini eta eragitea.

Hiritarren artean gogoeta, sentiberatasuna eta eztabaida sustatzea du xede Zinemaldiak, giza eskubideen urraketak salatzea ardatz izanik. Horretarako, zinema eta kulturaren beste hainbat adierazpide erabiltzen ditu.

Bada 22 euroko abonu bat Victoria Eugeniako saio guztiak ikusteko. Abonuak martxoaren 24tik, ostirala, izango dira salgai, Victoria Eugeniako leihatiletan soilik.

Saio bakoitzerako sarrerak egunean bertan jarriko dira salgai, 4,50 euroren truke. Victoria Eugeniako leihatiletan ez ezik Internet bidez ere erosi ahal izango dira saioetarako sarrerak.

Prentsa oharra

Trailerrak

2017/03/23-an argitaratua