18 haur eta gazte sarituko dituzte Donostiako Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketan

Maiatzaren 27an, 12:00etan, Udaletxeko Pleno Aretoan egingo da sari-banaketa

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
28. Donostiako Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren sari-emate ekitaldia maiatzaren 27an izango da, eguerdiko 12:00etan, Udaletxeko Udalbatza Aretoan. Bertan irabazleei eta haien lanei protagonismo berezia emango zaie musika, bertso eta sorpresez beteriko ekitaldian. Edonork bertan izateko aukera izango duen arren, komeni da Euskara Zerbitzura aldez aurretik deitzea lekua hartzeko, Udalbatza aretoak leku mugatua baitu.

Opariak eta literatur tailer batean parte hartzeko aukera


Epaimahaiak 18 haur eta gazteren lanak saritzeaz gain, beste 39 egileren lanak aipatu egin ditu, saria jasotzetik oso gertu egon baitira. Azken hauei diploma bat emango zaie. Sarituei dagokienez, kultura edota teknologiarekin zerikusia duten opariak jasoko dituzte.

Berrikuntza gisa, 14-18 urteko kategorietako irabazle eta aipatuentzat literatura tailer batean parte hartzeko aukera egongo da. Denentzako lekurik ez dagoenez, zozketa egingo da eta irabazleek Elgoibarko Aubixan antolatzen den tailerrean parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleekin batera.

Miren Azkarate Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariaren esanetan “literatur tailer horietan parte hartzen duten gazteek esperientzia ahaztezina bizitzen dute. Literaturarekin lotura duten ekintzetan parte hartzeaz gain, aisialdiaz gozatzeko aukera izaten dute eta literatur zaletasuna duten gazteak elkar ezagutzeko balio izaten du”.

Halaber, Azkaratek adierazi du Koldo Mitxelena saria literatur lehiaketa arrakastatsua izaten jarraitzen duela. “Parte hartzea handia da eta datuek agerian uzten dute lehiaketa osasuntsu dagoela”. Hala ere, parte hartzea baino garrantzitsuagoa iruditzen zaizkit literatur lehiaketak dituen gainerako helburuak nabarmentzea. “Euskarazko irakurzaletasuna eta literatur sormena sustatzea funtsezkoa da. Haurrak eta gazteak teknologia eta kultura digitalean murgilduta bizi dira. Sare sozialek, internetek eta abarrek irudia indartu dute literatura eta hitza alboratuz neurri handi batean. Beraz garrantzitsua da idazteko zaletasuna, sormena eta irakurketa lantzen jarraitzea eta ohitura horiek haur eta gazteen artean sustatzea”.

2017/05/26-an argitaratua