Donostiak Bostonen (AEB) aurkeztuko du talentua erakartzeko duen estrategia

Talentuaren aldeko apustua aurkeztuko du “San Sebastián Connecting Talent. Bizitzeko eta lan egiteko lekurik onena” lelopean.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak Boston hiria hautatu du talentua eskuratzeko, erakartzeko eta garatzeko estrategia nazioartekotzeko lehen puntua bezala. Donostiako Sustapena sozietate publikoaren ordezkaritza Ipar Amerikako hirira joan da, eta otsailaren 24an eta 25ean bilerak egingo ditu hango instituzio nagusiekin: MIT, Harvard, e.a. Halaber, Boston European Career Fair azokan parte hartuko du, eta, bertan, talentuaren aldeko apustua aurkeztuko du “San Sebastián Connecting Talent. Bizitzeko eta lan egiteko lekurik onena” lelopean.

Donostiak aldaketa handia bizi izan du, eta, gaur egun, lanbidea garatzeko aproposa den talentuarekin eta berrikuntzarekin loturiko ekosistema du; modu horretan, I+G-rako erreferentziazko hiria da Europan. Aktiboen artean, bizi-kalitate ukaezina izateaz gain, ikerkuntzan puntako zentroak ditu Europako Batasunarentzat estrategikoak diren eremuetan; hala nola, grafenoa eta garunaren ikerketa. Gainera, duela sei urtetik hona, harrera-plan bat du, hots, Talent House, hirira ikertzaile eta profesional oso prestatuak etortzea eta bertan instalatzea errazten duen zentroa.

Horrez gain, Donostia Europan erreferentea da Smart City-en eremuan proiektu garrantzitsuenetariko batzuen lider moduan; esate baterako, Replicate proiektuari dagokionean. Bertan, 40 bat bazkidek hartzen dute parte, eta duen aurrekontuarekin talentuarekin zerikusia duten laguntza-proiektu ezberdinak garatu dira; adibidez, Ikertu Bekak, Talentuaren itzulera, Talentu berritzailea edo Nazioartekotzeko bekak.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzia den Ernesto Gascok ondorengoa ziurtatu du: “gure ustez, garaia da nazioartean talentua eskuratzeko apustu serioa egiteko, hiriaren motore ekonomikoetariko bat izanik; hori dela-eta, "Conecting Talent" izeneko estrategia abian jarri dugu, erreminta desberdinen bitartez bi helburu lortu nahi baititugu: lehena, kanpoan diren donostiar oso kualifikatuekin konektatzea; eta, bigarrena, Donostiak dituen aukera profesional eta pertsonalak eskaintzea”. Estrategia horren barnean, nazioarteko talentua ere erakarri nahi da erakunde ezberdinekin harremanetan jarrita.

Boston hiriko azoka


Boston European Career Fair (https://ecf.fairsey.com/#!/ ) azoka erreferentziazko azoketariko bat da, eta berrikuntza eta talentua jorratzen duen munduko nodo batean aurkitzen da. Gainera, hiriak garrantzi handiko erakundeak hartzen ditu; hala nola, Harvard-eko Unibertsitatea (http://www.harvard.edu/ ) edo MIT, Massachusetts Institute of Technology (http://web.mit.edu/ ).

Donostiako Sustapena azokara joan da gonbidatua izan delako eta lankidetza estrategikoa burutzen duelako nazioartean talentuaren mugikortasuna eta konektibitatea jorratzen aritzen diren erakundeekin; tartean, IMFAHE (http://www.imfahe.org/ ), aurkitzen da, Harvard-eko Unibertsitatean kokatutako erakundea. Eta hori talentua eskuratzeko eta itzultzeko estrategia aurkezteko helburuarekin egiten du.

Azokak prestakuntza handiko profilekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen du, eta, horretarako, Donostiako Sustapena harremanetan egongo da Harvard-en nahiz MIT-en eta Estatu Batuetan bizi diren donostiarrekin, estrategiaren berri eman eta lankidetza berriak bilatze aldera.

2017/02/27-an argitaratua