Nolakoak izango dira etorkizuneko adinduak?

Donostia Lagunkoia egitasmoak Tabakaleran egin zen lan-jardunaldian gai honekin ireki zen mahai-ingurua

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Zahartzaroaren kontzeptua aldatzen ari da. Adinduen belaunaldi berriak ez dira “batere zaharrak” eta zahartze prozesuari aurre egiteko modu oso ezberdina dute, euren arbasoekin alderatuta. Beren jokabide eta gizarte-eskaeren bidez, gure kulturan zahartzeari buruz dugun imajinarioa berritzen ari dira eta honek hausnarketa sakona eskatzen du, halabeharrez zahartzaroa ulertu eta hautemateko modu ezberdinean amaituko duena.

Ildo honetan, Donostia Lagunkoiak badaki gizarte zahartu bati aurre egiteko erantzun kolektiboa ezinbestekoa dela, eta gizarte sareak elkarrekin lan egin behar duela; Udala, administrazioa, gizarte eta ekonomia eragileak eta herritarrak.

Honela, zahartzaroaren hasiera adina hainbat eragile eta erakunderen mahai gainean dagoen gaia da, horien artean Donostia Lagunkoia egitasmoaren baitan. Pasa den otsailean Tabakaleran egin zen lan-jardunaldian gai honekin ireki zen mahai-ingurua eta horretan parte hartu zuten Javier Yanguasek, Biologiaren eta osasunaren psikologiako doktorea eta Matia Institutuko ikertzaileak, eta Lola Elejaldek, Innobasque-ko Prospektiba eta Estrategia zuzendariak.

Aditu bikote honek ondorioztatu zuen bezala: “65 urteak, erretiratzeko adin ofiziala, hartzen ditugu zahartzaroaren hasierako adintzat. Baina neurtzeko era horrek ez ditu kontuan hartzen ematen ari diren aldaketak; adin horretako pertsonak ez dira zahar sentitzen eta haien heltze prozesua ez da oraindik amaitu. Une horretan, gogo pertsonalarekin eta bizi proiektuarekin bat egitea da erronka, eta hiriak horretan lagundu eta horretarako aukerak eskaini behar ditu”.

Ehun urtetik gorakoak eta heterogeneoak


Mayte Sanchok, Matia Institutuko zuzendari zientifikoak, bat egiten du zahartzaroan estereotipoak alde batera utzi behar direla esaten denean: “Adina ez da homogeneizazio elementua, denak ez gara berdinak, ez ditugu interes berdinak eta ez gara egoera berdinean aurkitzen adin bera izateagatik. Talde honen heterogeneitatea aitortzea beharrezkoa da eta “zahar” etiketa errotik atera behar dugu”.

Berriki Deia egunkarian argitaratu den elkarrizketa batean, Javier Yanguas-ek egungo gizartea iraultza baten gelaurrean dagoela dio, nahiz eta oraindik kontziente ez izan: “Zahartzeko modu berriak hedatzen ari dira, baina gizarte bezala dugun ikuspegia ez da aldatu. Egun, 70 urte dituzten pertsonak duela bi hamarkada adin bera zutenekin alderatzea besterik ez dugu, zerikusirik ez dutela ikusteko” egiaztatu du ikertzaileak.

Yanguas eta Sancho dira, hain zuzen ere, La Caixa Gizarte Ekintzak, prebentzio gerontologikoari buruz argitaratu behar duen ikerlanaren egilekideak. Ikerlan honetan Estatu mailako egungo datu soziodemografikoak aztertzen dira, eta Euskadira ekarri daitekeen errealitatea islatzen da, izan ere gure komunitateko kopuruak “oraindik ere nabarmenagoak dira”. Ikerlan honek zehazten duenez, ehun urtetik gorako populazioak %58 gora egin du Estatuan, eta bizitza-luzerak ere bere ibilbide berdina jarraitzen du eta abiadura azkarrean.

2017/05/26-an argitaratua