Plaza batek ordezkatuko du Arrokako pilotalekua

Amara Zaharreko auzotar gehienen iritzia jakin ondoren, partaidetzako prozesuak aurrera jarraituko du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, partaidetza handia izan da auzo ekimen horretan: "Gaia interesekoa zela erakutsi du horrek". Eskerrak eman dizkie nahiz auzotarrei nahiz Partaidetza Zuzendaritzako kideei, dinamika modu eredugarrian burutzen izandako parte hartzeagatik. Adierazi duenez, herritarrek esku hartzeko prozesu honek agerian jarri duenez, "tokian tokiko auzien inguruko eztabaida sortzen denean, eraginkorrak izan daitezke horrelako prozesuak”, eragindako auzotarrek zer iritzi duten jakiteko.

Bestalde, lehen alkateorde Ernesto Gasco eta Partaidetzako zinegotzi ordezkari Duñike Agirrezabalaga pozik agertu dira, auzotarren 49,8k iritzia adierazi dutelako. “Partaidetza aldetik, arrakastatsua izan da, ia % 50ekoa, eta, batez ere, zentzu komunak irabazi izana erabateko arrakasta da, proposamenik integratzaileenak irabazi izana, auzo osoari kalitate handiagoa ematen baitio. Pozik egon gaitezke hiri zabal, aske eta parte hartzaile bat aldezten dugun guztientzat. Azkenik, Amara Zaharra aurrera doa, eta, gainera, esku hartze handi batek bultzatuta”, esan du Ernesto Gascok.

Lehengo pilotalekua eraitsi eta alde hura plaza zabala bihurtzearen alde bozkatu dute Amara Zaharreko auzotar gehienek. 2.558 auzotarrek esku har zezaketen Arrokaren etorkizunari buruzko prozesuan, eta, haietatik, iritzia adierazi dute San Roke, Lizarra, Osasuna, Arroka, Amara, Amara Gaina kaleetako eta Easo nahiz Arroka plazetako 1.276 auzotarrek. Honela banatu dira botoak: 734 botok Hirigintza Zinegotzitzaren proposamena aukeratu dute, hau da, plaza zabala, pilotalekuari eustea nahiago zuten 527 botoen aldean.

Horra hor Donostiako Udalak Arrokari buruzko bi proposamenak kontrastatzeko abiarazitako prozesuko bozketaren emaitza: plaza berri bat ala pilotalekua. Prozesuaren aurreneko fasean, argibideak eman zituzten bi aukerez, bi bilkuraren bidez. Haietan, Hirigintza Zinegotzitzaren eta Amara Bai auzo elkartearen proiektuen berri eman zieten herritarrei. Bigarren fase batean, aukera bat jarri zen abian: alde hartako auzotarrei posta arruntez iritzia eskatzea. Gutunak doan bidali ahal izan dituzte auzotarrek martxoaren 8tik 19ra.

Amara Zaharreko auzotar gehienen iritzia jakin ondoren, partaidetzako prozesuak aurrera jarraituko du, bai eta auzoan sormen lan kolektiboa egingo ere, auzotarrek azken diseinua definitzeko ekarpenak aurkezten lagundu ahal izateko.

Dinamikak sortu nahi ditu Partaidetzako Zinegotzitza honek, Donostiako biztanleengan eragina duten interes publikoko gaiei buruz erabakiak hartzeko herritarren partaidetza kontuan hartzeko, eta honako prozesu hau estrategia horretan txertatzen da.

2017/03/22-an argitaratua