Donostiako merkataritzak erosketak etxera eramateko zerbitzu berri bat eskainiko du

Erosketak garraio sostengagarrian iritsiko dira etxera

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Martxoaren 7tik apirilaren 22ra, erosoagoa izango da erosketak egitea Donostian, salgaiak bezeroaren etxera eramango dituen zerbitzu berri bat eskainiko baita.

Gure hirian berria den ekimen hau Mugikortasun Sailaren, Txita bizikleta-enpresaren eta Donostia Shops merkataritza-plataformaren arteko elkarlanaren emaitza da eta Cycle Logistics Ahead Europako proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektuak helburu du zama-bizikletak gehiago erabiltzea hirietan salgaiak garraiatzeko, zero isurpenen hiriko logistika garatzen laguntzen duten esparru-baldintzak konfiguratu eta sustatzea eta erabiltzaileak eta merkatariak kontzientziatzea.

Erosketak bizikletaz etxera eramateko zerbitzu hau zazpi astez emango da proba pilotu moduan. Denbora horretan, erabiltzaileek ez dute ezertxo ere ordaindu beharko. Auzo hauetan egingo da: Erdialdea, Parte Zaharra, Gros eta Amara. Hau da, zerbitzua 20001etik 20007 posta kodera eta 20010etik 20011 posta kodera kokatutako denda eta bezeroen etxebizitzei baino ez zaie eskainiko.

Auzo horietan kokatutako 30 establezimendu baino gehiago atxiki zaizkio proiektuari. Dena dela, probaldia dirauen bitartean, denda gehiagok eman dezakete izena, interesa izanez gero. Horretarako, nahikoa da Donostia Shops merkataritza-plataformarekin harremanetan jartzea.

Funtzionamendua


Funtzionamendua erraza da: erosketak eginda, bezeroak, eskaintzen zaion ordutegiaren barruan, aukeratzen du berari komeni zaion ordu-tartea . Dendak dei bat egiten dio edo whatsapp bat bidaltzen dio Txita enpresari, paketea bildu eta bezeroaren etxera eramateko, hark hautatutako ordu-tartearen barruan.

Loradendak, farmaziak, jostailu-dendak, liburu-dendak, belar-dendak, moda eta opari-dendak, optikak, surf-dendak, kate bereko denden arteko banaketak..., horiek dira zerbitzu berri honi atxikitako establezimenduetako batzuk.

Zerbitzuak aukera ematen du erosketak erosotasunez egiteko, pisurik eraman gabe, erositakoa garraiatu behar izan gabe. Dendak, gainera, bezeroari balio erantsi bat eskaintzeaz gai, ingurumena errespetatu eta mantentzeko ekintzei lotzen zaizkie eta, horrela, ingurumen-sostengagarritasunaz arduratzen direla eta Donostiako sostegagarritasun-agendarako egokiak diren ekimenekin bat egiten dutela erakusten dute.

Parte hartu nahi duten nahiz informazio gehiago behar duten dendek web orri honetan egin dezakete eskaera: www.sansebastianshops.com. Edo, bestela, mezu elektroniko bat bidali helbide honetara: info@sansebastianshops.com.

2017/03/03-an argitaratua