70 gazte baino gehiagok parte hartuko dute Gaztelekuen arteko VII. Olinpiadetan

Amarako Gaztelekuak irabazi zuen iaz. Olinpiaden helburua da nerabeen artean bizitza ohitura osasuntsuak eta parte hartzearen heziketa sustatzea.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Gaztelekuek egun handia dute bihar Martuteneko Arantzazuko Ama Ikastolaren patioan. Izan ere, Gaztelekuen arteko VII.Olinpiadak egingo dira. 10:30ean hasiko dira Olinpiadak eta 15:30 arte gazteek kirol-mota ezberdinak praktikatuko dituzte.

Aurreikusten da 13 eta 17 urte bitarteko 70 gazte baino gehiagok parte hartzea. Gazte horiek guztiak hiriko 8 gaztelekuen erabiltzaileak dira eta beraiekin batera hezitzaileak egongo dira, hain zuzen ere, ikasturtean zehar hainbat jardueratan lan egiten duten hezitzaileak. Horiek izango dira jarduera dinamizatuko dutenak.

Amarako Gaztelekuak irabazi zituen iaz Olinpiadak. Hala ere, Donostiako Udaleko Gazteria saileko Gaztelekuen arduradun Rafa Buitronek azaldu duenez, gutxienekoa da nork irabazten duen, izan ere, proiektu honen helburua da nerabeen artean bizitza ohitura osasuntsuak eta parte hartzearen heziketa sustatzea. Eta, horren adibide da Gaztelekuetako nerabeek jarduerak antolatzeko ardura hartzen dutela.

Horren harian, Kiroletako eta Gazteriako zinegotzi Martin Ibabek gazteak animatu ditu hiriko Gaztelekuek antolatutako jardueretan parte-hartzera eta honakoa azpimarratu du: “Oso garrantzitsua da kirola egitea eta kirolak sustatzen dituen baloreak ikastea, hala nola, adiskidetasuna, elkartasuna eta elkarlana. Eta lan hori oso ondo egiten dute Gaztelekuetan”.

Aurten, besteak beste, gazteek ergometroak izango dituzte arrauna egiteko. Kaiarriba Donostiarra Arraun Elkarteak utziko ditu Olinpiadetarako. Era berea, hain ezagunak ez diren beste kirol-mota batzuk egiteko aukera izango dute. Horietako bat Kin-Ball da. Kanadan sortu zen kirola da eta 1,22 metroko diametroa duen baloi handi bat erabiltzen da. Taldeak mistoak dira eta taldekideen arteko lankidetza ezinbestekoa da. Gainera, Olinpiadetako parte-hartzaileek indarrak berritzeko frutaz osatutako hamaiketakoa egingo dute.

Eguna amaitzeko sari banaketa eta kirol klubek zein elkarteek emandako oparien zozketa egingo da. Besteak beste, parte hartuko dute Donostiarra, Gipuzkoa Basket edo Bera Bera Eskubaloiko ordezkariek.

2017/04/20-an argitaratua