Hasi dira Ondarretako harriak kentzeko lan mekanikoak

Lehen lana datorren igandean, hilaren 28an, amaituko da.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Ernesto Gasco alkateordeak esan du denborak arrazoia eman diola Ingurumen Zinegotzitzaren tesiari; izan ere, azkenean, Ondarreta hondartzako harriak gizakiak jarriak zirela frogatu ondoren, hasi dira hartxintxarrak kentzeko lanak, makina baten laguntzarekin.

Aurreikusita zegoen moduan, lehen lana gaur hasi eta datorren igandean, hilaren 28an, amaituko da. Ondoren bigarren kanpaina egingo da, seguruenik uztail hasieran, gaueko orduetan.

Gascok eskerrak eman dizkio Aranzadi Zientzia Elkarteari, emandako laguntzarengatik, haien txostenek zehaztu baitzuten 80 edo 100 urteko lana beharko zela Ondarretako harriak eskuz kentzeko. Zorionez, ez da horrela izango, soilik aste honetan harriak kentzeko makinak 750 tona hartxintxar kenduko baititu, 5 zentimetrora arteko diametrokoak.

Kostaldeen Zuzendaritzak lanok egiteko baimena eman du, eta, horri esker, Ondarreta hondartza ahalik eta egoera onenean egongo da uda hasierarako. Dena dela, Ernesto Gascok adierazi duenez, hiruzpalau urteko lana beharko da benetan emaitza onak ikusteko.

2017/05/24-an argitaratua