Aiete- Morlans igogailua eraikitzeko lanak esleitu dira

Tokiko Gobernauren beste onarpenak: ‘Gaueko aterpea’ zerbitzuaren hobekuntzak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Aiete-Morlanseko igogailuen eraikuntza lanen esleipena onartu du gaur. Guztira, kontratuak 1.559.361 euroko aurrekontua izango du.

Otegi-Gaztañaga-Urbycolan enpresak izango dira bi sortatan banatuko diren lanen arduradunak: batetik, Morlans Ibilbidea eta Izoztegi Pasealekua batuko dituen igogailua eta, bestetik, Pio Baroja eta Aiete Pasealekua batuko dituen igogailua. Lehen igogailuak 1.331.529 euroko aurrekontua izango du (lizitazioan 1.623.816 eurotan finkatu bazen ere) eta bederatzi hilabeteko epe-muga izango dute lanak bukatzeko, eta bigarrenak berriz 227.832 eurokoa eta sei hilabeteko epea. Guztira, beraz, 1.559.361 euroko aurrekontua onartu du Gobernu Batzordeak, lizitazioaren kopurua 1.901.661 euro baziren ere.

Igoera mekanikoaren bidezko irtenbide honek Morlans eta Aieteren artean dagoen 38 metroko tartea gainditzen lagunduko du. Igogailuekin batera, Morlanseko bidegorriaren ingurunea ere hobetuko da eta, hala, oinezkoentzako bideak eraikiko dira, baita jan eta edateko guneak, bizikleten aparkalekuak edota eserlekuak ere.

Bi igogailuek osatuko duten konexioak 1,3 kilometroko esparruan bizi diren 3.700 donostiarrei emango die zerbitzua. Etzandako igogailuak “D” itxurako kabina izango du eta bertan 25 lagun igo ahal izango dira. Minutu eta hamabi segundo iraungo du Morlans eta Melodi artean dauden 143 metroko tartea egiten. Amara-Aiete errepidearen parean eraikiko dute eta bere aldapa 16ºkoa izango da. Bigarren igogailuak Pio Baroja eta Aieteko Pasealekua zazpi segundotan elkartuko ditu, eta etorkizunean eraikiko den Aieteko osasun zentroaren parean geldituko da.

‘Gaueko aterpea’ zerbitzuaren hobekuntzak


Tokiko Gobernu batzordean Gaueko Aterpea zerbitzuaren hobekuntzak ekarriko dituen kontratuaren aldaketak onartu ditu. Hala, maiatzaren batetik aurrera zerbitzu honen erabiltzaileei afaria eskeiniko zaie. Zerbitzua kudeatzen duen Rais Euskadi Fundazioarekin batera, Udalak dagozkion aldaketak egin ditu kontratuan eta, zentzu horretan, afarien aurrekontua bere gain hartuko du (44.000 euro urteko). Afariak katerin baten bidez eskeiniko dira.

Tokiko Gobernu Batzordeak ere onartu du Zorroaga Fundazioari Uzturre izeneko eraikina alokatzea “Gaueko Aterpea” deituriko Gaueko Harrera Zerbitzua eskaintzen jarraitu ahal izateko. Guztira, bost urteko kontratua egingo da, eta hilabetean 3.094,50 euro ordainduko dira.

Aurreko kontratua amaitu egin da eta Gizartekintza Zuzendaritzak egoki ikusten du Gaueko Harrera Zerbitzua leku berdinean eskaini ahal izatea. 11 hilabetez modu iraunkorrean ematen den zerbitzua da honakoa, ilunabarreko 20etan hasi eta goizeko 9ak bitartean, nahiz eta kasu jakin batzuetan eta zenbait hilabeteetan zerbitzua indartzen den.

Irudi galeria

    2017/04/11-an argitaratua