Fermin Muguruzak jasoko du 2017ko Adarra Saria

Fermin Muguruzak, ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean jasoko du aurtengo Adarra Saria, artista irundarrak Victoria Eugenia Antzokian 20:00etan eskainiko duen kontzertuaren atarian.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Iñaki Zarata kazetariak, Anjel Valdés musika ekoizleak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osatutako epaimahaiak erabaki duenez, Fermin Muguruzak jasoko du aurtengo saria: berak beste inork ez bezala erakutsi du beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna, eta gure kulturara ekarri ditu, euskararen baitara.

Fermin Muguruza etengabe ari da estilo ezberdineko han-hemengo talde eta musikariekin elkarlanean, nekaezin, eta, musikaren bidez, munduko bazter guztietako artistekin partekatzen ditu esperientziak; bestalde, berebiziko gaitasuna du publiko gaztearekin komunikatzeko, eta, euskal musikari gutxik bezala, bere kezka eta interesak haiei transmititzea lortzen du. Horrek guztiak artista aparta bihurtzen du. Fermin Muguruzak bide berriak urratzen ditu, eta beti dabil bidelagun berrien bila, bidea elkarrekin egiteko.

Muguruzak jasoko duen Saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.

kontzertu berezia


Muguruzak oso kontzertu berezia prestatu du ospakizun honetarako: lehen aldiz, bere errepertorioko kanta ezagunenak abestuko ditu Micaela Chalmeta Big Band - Taller de Músics de Barcelonak lagunduta. Fermin Muguruzak eskainiko duen kontzerturako sarrerek 18 euro balio dute eta ohiko kanalen bidez erosi ahal izango dira (donostiakultura.com/sarrerak eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatilak).

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Lehen edizioan, sari hori Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eta jeinuari eman zitzaion. Bigarrenean, Ruper Ordorikari. Eta, iaz, Benito Lertxundik eskuratu zuen.

2017/04/20-an argitaratua