“Tehzib lilkul” saharar herriarekiko elkartasun egitasmoak Haurtxokoetan

Haur sahararrentzat eskola materiala bildu eta bidaltzeko helburua izango du.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


“Tehzib lilkul”-ek hassaniyya hizkuntzan “Hezkuntza guztiontzat” esan nahi du. Hezkuntza guztientzat eskuragarri egoten laguntzeko helburuarekin Donostiako Haurtxokoetan hainbat ekintza burutuko dira, “Maiatzak 20” elkartearekin lankidetzan.

Martuteneko Haurtxokoan Birziklatu izeneko proiektuan parte hartzen ari diren haurrek bideo tutorial bat egin dute tetrabrikekin estutxeak nola egiten diren erakutsiz, beste haurrek ikas dezaten. Bideo tutorial hori Donostiako udal Haurtxoko guztietan banatu da eta, horrela, Haurtxokoetan haurrek estutxeak sortuko dituzte, gero, Saharara bidaltzeko. Estutxe horiek egiteko tetrabrikak behar dira eta deialdi bat egin da tetrabrikak Haurtxokoetara eramateko.

Bestalde, Saharara estutxeekin batera bidaltzeko, eskola materiala jaso nahi da: boligrafoak, margoak, koadernoak, arkatzak, borragomak... Material hori ekainaren 17ra arte eraman daiteke Haurtxokoetara. Ondoren, “Maiatzak 20” elkarteak material hori, estutxeekin batera, Saharara eramango du.

Azkenik, Martutenen maiatzaren 19an, ostirala, antolatu den “Udaberrifest” jaialdian ere zenbait ekintza egingo dira ekimen honekin lotuta. Horien artean, mosaiko erraldoi bat osatuko da. Horretarako, tetrabrikez gain tapoiak ere bilduko dira, tailerra egin ahal izateko.

Donostiako haurrak eta beren familiak ekimen solidario honetan parte hartzera animatzen ditugu.

Tailer eta ekintzei buruzko informazioa hemen aurkitu daiteke
www.donostia.eus/Haurtxokoak
www.donostia.eus/Gazteria

Tehzib lilkul! Hezkuntza guztiontzat!

2017/05/12-an argitaratua