Kaiarriba Donostiarrak, Udalak eta babesleek hitzarmena sinatu dute

Hiru aste barru hasiko da denboraldia eta Kiroletako zinegotzi Martin Ibabek azpimarratu du, guztion artean egindako hiri proiektu bat dela eta bere oinarriak sendotzen ari direla.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Hastear dagoen denboraldian une pozgarriak bizi ditzakegu hiri honetako biztanle eta arraunzaleok.
Horixe jakinarazi da gaur Martin Berasategui Jatetxean egin den hitzarmen-sinadurako ekitaldian. Sukaldari ospetsuaz gain, Construcciones Amenabar-eko Jose Manuel Amantegui eta Donostiako Udaleko Martin Ibabe izan dira bertan.

Klubaren ordezkari izan dira Alberto López Donostiarrako presidentea, Joserra Mendizabal “Mendi” kirol zuzendaria eta Andoni Echeveste komunikazio eta marketin arloaren arduraduna.

Ekitaldian, klubaren gaurkotasunari buruzko hainbat kontu izan dira mintzagai, eta denboraldi honetarako helburuen berri eman da.
Azpimarratu da klubaren helburuak ez direla arrakasta eta garaipena, baizik eta horiek ondorioa izango direla, planteatutako helburuak lortu izanaren ondorio.

Helburu nagusiak honako hauek dira:
  • Instalazioak eta materialak hobetu eta egokitzea.
  • Babesle, bazkide eta laguntzaileengan konfiantza sortzea.
  • Kirolari eta teknikarien konfiantza sendotzea.
  • Etengabe oinarriko eta harrobiko lanean sakontzea.
  • Kluba oinarri sendoz hornitzea, kirol-arloko arrakastak etortzen direnerako prest egon gaitezen ondorengo helburuen bila aritzeko.
  • Ekintza hauen guztien berri ematea, bai barnean, klubeko kideen artean, bai gure jarraitzaile eta masa sozialaren artean.
Kiroletako zinegotzi Martin Ibabek honakoa esan du: "Kluba lan handia egiten ari da eta, gainera, hainbat arraunlari donostiar etxeko klubera arraun egitera itzultzea lortu du. Eta horrek egiten du hiri-proiektua izatea, hain zuzen ere, guztion artean eraiki behar dugun proiektua. Bere oinarriak sendotzen ari dira eta horrek hiritarren ilusioa pizten du".

2017/05/26-an argitaratua