Donostian egingo da Europako hirien sare garrantzitsuenaren Foroa

Maiatzaren 24an, 25ean eta 26an, Miramar Jauregian eta Talent House eraikinean egingo dira Eurocities Garapen Ekonomikoaren Foroan (EDF) aurreikusitako bilerak.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoa, Donostiako Sustapenaren bitartez (sareko erakunde kidea bezala), Eurocities Garapen Ekonomikoaren Foroaren bileraren anfitrioia izango da. Eurocities Europako hirien sare garrantzitsuena da. Era horretan, hiru egunez (apirilak 24-26), hirian bilduko dira Europako 25 herrialdetako 80 hiritik gorako arduradun politikoak eta teknikoak, berrikuntzak duen garrantziaz eta Europa lehiakorragoa eraikitzeko hiriek duten eginkizunaz aritzeko.

Maiatzaren 24an, 25ean eta 26an, Miramar Jauregian eta Talent House eraikinean egingo dira Eurocities Garapen Ekonomikoaren Foroan (EDF) aurreikusitako bilerak. Topaketaren helburua da, batetik, hiriek tokiko berrikuntzako ekosistema propioa sortzerakoan aurrean dituzten erronkak eta lorpenak eztabaidatzea eta, bestetik, Europa lehiakorragoa eta berritzaileagoa sustatzerakoan hiriek duten egitekoa aztertzea.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzia den Ernesto Gascok ondorengoa adierazi du: "topaketa hau hirian egiteak berrikuntzaren aldeko apustuan egindako gure lana eta Donostiarena saritzen du; berrikuntza funtsezko eta zeharkako elementua baita, hiriaren garapenerako. Ez da nola-halako onarpena; izan ere, Europako hirien sare garrantzitsuenaren anfitrioiak izango gara, Europarentzat kritikoa den gai batean, eta hor hiriek oinarrizko rola bete dezakegu eta bete behar dugu. Era berean, egun hauetan, garatzen ari garen estrategia eta programa ezberdinak erakutsi ahal izango ditugu, bereziki Talentuaren eremuan eta Donostiak Smart City gisa egindako apustua ere bai. Halaber, nazioarteko lankidetza eta itun berriak egin ahal izango ditugu hiriarentzat berrikuntzaren arloan".

Topaketaren hiru egunetan zehar, Garapen Ekonomikoaren Foroan (EDF), tailerrak, mintegiak eta maila altuko eztabaida politikoak egingo dira, eta berrikuntzarekin, ekintzailetzarekin, talentuarekin edo enpresa-arloko ekosistema berarekin zerikusia duten tokiko politikak diseinatzeko eta abian jartzeko lana partekatu eta sakondu ahal izango da.

Horrez gain, parte-hartzaileek aukera izango dute Donostian burutzen diren zentro eta ekimen berritzaile ezberdinak bisitatzeko; hala nola, Nanoteknologiako ikerketa-zentroa, CIC-Nanogune, Energia berritzaileetarako eta Energia Eraginkortasunerako Enertic zentroa (Sustapenarena) eta surf eremuko ekimen ezberdinak, sektore estrategiko eta hiriaren apustu gisa.

Replicate proiektua


Donostiak topaketa honetan parte hartuta, parte-hartzaileei ondorengoak azaldu ahal izango dizkie: Replicate proiektua, Talentua konektatzeko, erakartzeko eta talentuari eusteko estrategia, San Sebastian Connecting Talent, edota Donostia Smart City plana.

Parte-hartzaileen topaketa ezberdinetan honako hauek bezalako gaiak jorratuko dira:
  • Talentua eta eskatutako trebetasun berrien garrantzia.
  • Smart Cities, Smart estrategien adibide ezberdinekin.
  • City Branding hirien posizionamendurako.
  • Berrikuntza eta Ikerkuntza tokiko garapen-politiketako funtsezko elementu gisa.
  • Eta Europako joerei buruzko esperientzien eta kasu praktikoen panel oso bat.

Lehen aldiz 200.000 biztanletik beherako hiri batek hartuko du Eurocities sarearen maila altuko saio edo ekitaldia. Eta sareak berak nazioarteko erakundeetako lehen mailako ordezkariak izateko apustua egin du; esate baterako, ELGA eta Europako Batzordekoak. Halaber, ondorengo hiriak biltzen ere ahalegindu da: Viena, Nantes, Munich, Londres, Amsterdam, Lisboa, Paris, Berlin, Eindhoven, Florentzia, Helsinki, Göteborg, Genova, e.a.


Eurocities Europako hiri handien sarea da. 1986. urtean sortu zen, eta, gaur egun, Europako 130 hiri handienetako tokiko gobernuak eta beste 40 hiri elkartu biltzen ditu. Guztien artean, 130 milioi hiritar gobernatzen dituzte 38 herrialdetan.

Gaikako foroen eta lan-talde, proiektu, jarduera eta ekitaldi sorta zabalaren bitartez, bazkideei plataforma bat eskaintzen die ezagutzak partekatzeko eta ideiak trukatzeko, eta EBko instituzioekin lan egiten dute Europako herritarrei eguneroko bizitzan eragiten dieten arazo arruntei erantzuteko asmoarekin.

Helburua da tokiko gobernuek maila anitzeko gobernantzaren egituran izan behar duten paper garrantzitsua indartzea. Bruselan alde interesatuen ikuspegiei forma ematen ahalegintzen dira, eta, azken finean, EBren legediaren ikuspegia aldatzen, udal-gobernuek toki-mailan erronka estrategikoei aurre egiteko aukera izan dezaten.

2017/04/24-an argitaratua