Kaian egindako festarekin giro ederrean bukatu da Olatu Talka

Hiria eta itsasoa elkartu dituen jaiarekin amaitu da aurtengo Olatu Talka

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Kaian izan da jaia eta goiz goizetik ekintzaz bete da, giro ederrean.

Mota guztietako jarduerak



Goiztiarrenak Orixe Ikastolako guraso eta ikasleak izan dira, Gaztelubide kaleko pareta bat atontzen hasi baitira 10:00ak aldera. Ustez pareta horretan bertan Banksyk egindako grafiti bati keinu eginez, markoak margotu dituzte paretetan eta haien barruan bakoitzaren sormenari bide eman diote, Marko paregabea izenburupean. Eskolarako bidea txukundu eta aldarrikatu nahi izan dute era horretan.

Ambar elkarteak antolatutako lehenengo itsas-bidaia didaktikoa ere goiz abiatu da badiara, eta bertaratutakoek gogotik gozatu dute Kantauri itsasoko faunaren inguruan elkarteko kideek emandako azalpenekin. Badian barrena bi bidaia egin dituzte eta 180 lagun ibili dira bertan.

Musika eta dantzaren txanda Izarrak Plazara ekimenak hasi du Kaian. 11:00etatik aurrera, 12-17 urte bitarteko 8 taldek emanaldia eskaini dute, adituekin prestatzen aritu ostean, eta emanaldiak interesa piztu du ikus-entzuleen artean. Donostiako Orfeoiko Orfeoi Txikiak eta Orfeó Català-ko Haur abesbatzak oso emanaldi polita eskaini dute. Harp & Co harpa eta dantza emanaldia ere oso berezia izan da eta, ondoren, Akordeoi topaketa etorri da, oholtza bete akordeoi.

Arratsaldean, bestelako estilotako kontzertuen txanda izan da. Orchidayren musika esperimentala eta Gorpuzkingzen basque trap apurtzailea Kaian ikustea berezia izan da oso. Eguna amaitzeko, Sur Le Feel taldearen jazz doinuak eta Adam Giles Levieren indiea.

Itsasoa eta hiria lotzeko ezin ahaztu Gente de Mar dokumentalaren emanaldiak Untzi Musoan eta +55 programako narratzaileek itsasoari buruz kontatutako istorioak.

Emanaldi horiez gain, artearekin lotutako ekimenak aipatu behar. Jon Jauregiren Banaiz erakusketak eta Elena Scarattiren Human Web Art instalazio artistikoak (azken hori ostegunetik izan da lanean UBAko hainbat gazterekin batera) jendearen arreta bereganatzea lortu dute. Azkenik, Bitamine Faktoriaren Transbita gunean egindako Sekretu ozenak esku-hartze parte-hartzailea izan da, jendearen sekretuak haizatzeko ekimena.

Kaitik kanpo ere musika eta dantza emanaldi batzuk izan dira. Zurriola Dantza Eskolak Udaletxeko Terrazan emanaldi jendetsua egin du eta Boulevardean Leire Hathor dantza akademiak eta Son pa Bailar taldeek ere dantza ikuskizuna eskaini dute. Arratsaldean, berriz, Cervantes plazan izan dira dantza emanaldiak. Miramongo anfiteatroan Anitz Musika Elkarteak Eresoinka Euskal Doinuak eskaini du.

Lehenengo balorazioa


Gaurko ekitaldiez gaian. Olatu Talka jaialdiaren inguruko lehen balorazioa egiteko unea da, eta hemen doaz datu esanguratsu batzuk.

Parte hartzeari dagokionez, ostiralean 5.500 bat lagun egon ziren inaugurazioan, Kontxa Gaumarketen, Urbanzientzian eta hainbat gunetan antolatutako kontzertuetan.

Larunbateko lehen zenbaketaren arabera, 20.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten Olatu Talkaren jardueraren batean edo bestean.

2017/05/22-an argitaratua